Suspensea islatu zuten Frantziako telebistek, igande gauean, bozkatzeko bulegoak ixteko ordu bat falta zelarik. Itzela zen Frantziako presidente berria ezagutzeko jakin-mina. Bi hautagaientzako suspensea itxurazkoa zen, alta. Royalek bazekien ordurako galtzailea zela, baita Sarkozyk V. Errepublikako seigarren presidentea izango zela ere.
Suspensea eta ilusioa
Frantzia krisi larrian dela esan ohi da. Ezin esan ordea, demokrazia krisian dagoenik. Hauteskunde hauetako bi itzulietan boz emaileen %85ak parte hartu du. Errepublikak arazo handiak ditu: Europan integratzea, enpleguaren eta etorkinekiko politika... besteak beste. Demokrazia sistema sendoa da, ordea, eta frantziar hiritarrak hautagai kontserbadorearen alde egin du.
Sarkozyren eskuinak 19 milioi boz erdietsi du (%53,06), Royalen ezkerrak 17 milioi (%46,94). Royal Frantziaren aldaketaren ikurra zen. Alabaina, bitxia da, presidente kontserbadore berriak aldaketa hitza erabili du lehen diskurtsoan, Frantziarentzako aldaketa iragarri du. Royalek berak presidente berriaren diskurtsoa erabil zezakeen bera aukeratu izan balute.
Aldaketa gauzatzeko erreforma aipatu du presidente berriak. Sarkozy Gobernuko kide izan da luzaz, baina ez du erreforma bakar bat ere gauzatu. Kontserbadoreen abilezia, antza, dena mugitzea da, deus ez aldatzeko. Politika ilusioen jarduna da eta aldion gainera, ilusioa eta suspensea uztartzen dira.
Ezkerraren ilusioa eta suspensea
Suspensea kontserbadoreek mantendu ohi dute, zerbait aldatuko den ilusioa piztuz. Artean, ezkerra mundua aldatuko duen ilusioarekin bizi da. Ahuleziatik ateratzeko balore eta estrategia berriak behar omen ditu ezkerrak. Horrela diote behintzat, Royalen ezkerrera dauden PSko kideek.
Sistema, sistema demokratikoa eta kontserbadorea, sendo dago. Krisia ezkerrean dago. Ezkerra dago krisian. PS krisian dago, baita ezkerreko gainerako alderdiak ere. Ségolène Royalen ezkerrak, zentroa irabazi nahi duen ezkerrak, porrot egin du.
Asanblea Nazionalerako bozak
Zein da datozen ekaineko Asanblea Nazionalerako bozetan eskuinaren alternatiba? Royalek entseiatu duen zentro-ezkerreko aukera edo ezker-ezker aldeko askotariko ezkerra? PSko idazkari nagusi François Hollandek ditu hitza eta zeregina. Bere etxean dago suspensea.