argia.eus
INPRIMATU
Biktima
2013ko maiatzaren 03a
Juan Ramon Makuso
Horrelaxe aurkitzen dut nire burua, nire kontzientziak biktimatzat jotzen bainau. Biktima ni eta nire zirkunstantziak ez direlako kontutan hartzen. Eta guardia zibilaren amak, bere sotoan jesarrita, hau entzuten dit eta ez du ulertzen zer esaten ari naizen: “gustatuko litzaidake Manuelek orain zu entzutea”. Manuel jada ez dago gurean. Etorri zen eta bertan geratu zen, arnas estu. Bere amak, estu hartu zuen bere bularraren altzoan. Ez zion erantzun. Eta ama hemen dago. Arratsaldeak sotoan pasatzen ditu. Ama guztiek bere seme alabak dituzte.

Joxi eta Joxan hormetan ezagutu nituen. Ni gaztea nintzen eta beraien irudiak ni izan nintekeela gogoratzen zidaten. Baina ni eta nire zirkunstantziak hormen aurrean geratzen ziren. Eta iraganetik oraina batera heldu ziren Joxi eta Joxanen gorpuen hezurrak. Zulo batean zeuden, kare zuriz estalita. Kareak nonbait bazterrak zuritu egiten ditu. Baina ni eta nire zirkunstantziak karearen aurrean geratu ziren.

Sotoan, udaberriko ilunabarrean, hiru emakume begitantzen ditut. Ez dira ezagutzen. Baina bakoitza bat da eta bere zirkunstantzia. Gure begiradek bat egiten dute. Gure isiltasunak biktima egiten gaitu.