Argiagoak ikusi ditut inguruko zenbaitengan. Realak irabazi du bere Anoetako partida. Orain hilabetea inutil hutsak zirenak, txukun ari dira eta baliotsuak dira, igande arratsa alaiagoa egin baitigute. Eta biharamuna zer esanik ez. Ondoan orain hilabete eredugarria genuenak, Bruesa taldeak alegia, Ilunben sinatu du porrota iaz irabazitakoa galduz. Negarrez ikusi dugu entrenatzailea hedabidetan bere bizitzako une ilunenetakoa duela zotinka esanez. Ez du beraz bizimodu txarrik izan orain arte. Hilabete batean trukatu dira ereduak emaitzek eraginda. Planifikazioa, entrenamendua, jokalarien jarrera eta oro har klubaren balioa emaitzek aldatu dute. Lehiaketak ezartzen du bakoitza toki batean zoriak aitzakia eta justizia auzoan. Lanari ez zaio berez merezimendurik aitortzen, ongi eginak ez du beti merezi duen emaitza ekartzen. Arerioak garaitu behar dira. Eta talde guztiek ez dituzte ahal berak. Baina berdin epaitzen ditu lehiak. Frantziako hauteskundeetan hamabi taldetik bik lortu dute lehian jarraitzea, hirugarren bat inguratu zaielarik. Hemen berdintasunik ez ahaletan, ez lehian. Galtzailetan ez dugu alerik ikusi negarrez, lehiak ez baititu berdin epaitzen guztiak. Eta hori dugu kontsolamendu.