argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
2013ko maiatzaren 03a

Inazio Mujikak Galtzaundi aldizkarian, Euskadi Sarien harira: «Ez dut uste esku beltzen bat dagoenik. Ez dut esan nahi hobetu behar ez duenik. Arau hausteak izan badira neurriak hartu beharko dira, baina okerrak ez dira zuzentzen gertatu eta bi urtera. Momentuan zuzendu behar da eta han zeudenen iritzia jaso behar da. Euskadi Sariaren inguruko auzia umekeria da. Magnifikatu gabe, Euskadi Sariak badu bere tokia eta ni ziur nago, ez balego halako saririk, jende horrek salatu egingo lukeela bere falta».

 

Ramon Bareak El Correo egunkarian Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolaren inguruan: «Hemen inor ez da Madril edo Bartzelonara joan, gauzak nola egin behar diren ezagutzeko. Mahai gainean proposamen bat dago, baina agintariak urduri jartzen dira eta ez dira esku hartzera ausartzen. Mendeak pasako dira Molière euskaldun bat sortu aurretik».

 
 

Oihane Perea Arabako bertsolari txapeldunak Gari alean (www.argia.eus): «Kuriosoa bada ere, orain ari naiz sentitzen benetan bertsolari, horri lehentasuna emanez eta lantzen. Txapelketaz haratago begiratu dut eta bertsoa lantzen aritu naiz. Horrela iritsi naiz txapelketara, burua jantziago eta ikasita. Txapelketarako ere prestatu nintzen, baina aparteko ezer egin gabe. Nahiko argi neukan zer egin nahi nuen ariketa bakoitzean. Bestetan baino kalkulatuago joan naiz, bai».