argia.eus
INPRIMATU
Zerga aitorpenari jarriak
  • I

    Urtarrileko aldapan
    pobreak herrena
    otsaila motza bai,
    baina ez lauena
    Aste Santuan barau
    eta atsedena
    otoitz ta penitentzi
    luzetan barrena
    ta orain patrikara
    dator aitorpena.
Jexux Mari Irazu @jexuxmariirazu 2013ko maiatzaren 03a
Jexux Mari Irazu
Dani Blanco
II

Mekanizatua nahiz
bulegoan barna
lehen kenduak izango
ote du emana?
Ondasunak berekin
oker bat darama:
Sortzen duenarentzat
nekea ta zama
bildu eta banatzen
duenari fama.

III

Sozietateen zerga
gora eta behera
zazpiak bat ez baina
hiruek berbera.
Konpondu ezin eta
eskua PP-ra
bai heldu ere elkar
ulertze betera
Alderdien Legea
hura ez, hauxe da.

IV

Daukanak ematea
ondo da, nik uste
bestek egindakotik
lortu badituzte.
Zeinek ta zenbat eman
arazoak laiste
batzuk enpresei zergak
gutxitzeko eske
nonbait ez da iristen
denentzako beste.

V

Noski ez da xamurra
erremedioa
naturak du ideia
ta gomendioa:
Ur arazoak badu
bere balioa
iturri ta ibaian
nahiko ongi doa
gero tuberietan
beti jarioa

VI

Gizarte modernoa
zerbitzuz beteta
bai baina zeinen bizkar?
Non dago oreka?
Batzuk larri, besteak
lasai gerri buelta
baina naturak bere
legea du eta
noizbait iritsiko da
klima aldaketa.