argia.eus
INPRIMATU
Nola azaldu...
  • Eguzkia ekialdean irten eta mendebaldean gordetzen da. Nola azaldu hiru urteko gure alabari eguzkia ez dela gurekiko higitzen ari, baizik eta gu garela eguzkiarekiko higitzen ari garenak:“Karbono dioxidoa atmosferara isurtzen ari gara eta ondorioz, lurrak askatzen duen beroak ezin du atmosferara ihes egin eta lurra berotzen ari da; urtaroak aldatzen ari dira, glaziarrak eta poloak urtzen ari dira, lehorteak ugariagoak dira, eta abar”. Zer egin horren aurrean? Energia alternatiboak, energia nuklearra, birziklapena...

    Aurreko paragrafoan esandakoa nola hala konta diezaioket erraz xamar nire alabari. Baina esango diodana egia al da? Edota gure begiek ikusten dutenaren interpretazioetako bat baino ez da?
Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko maiatzaren 03a
Joxerra Aizpurua
Alberto Elosegi
Gauden gizartean gai guztiak dira hizketa gai, datu pilo bat ematen dira eta berehala egiatzat hartzen dira, ondorio politiko, sozial eta estrategikoak izaten dira, eta inork gutxik zalantzan jartzen ditu gizartean topiko klimatiko bihurtu direnak.

Ikerketa ugari ari dira garatzen eta mundu osoko ikerlariak kezkatuta daude aldaketa klimatikoaren gaiarekin. Ikerketa horien artean badago bat hauts kosmikoek lainoak sortzen laguntzen dutela aipatzen duena, baina eguzkiaren oraingo jarduera handia denez, hauts kosmikoak ez omen dira gure atmosferara ailegatzen eta ondorioz lainoen sorrera oztopatzen da. Hori horrela bada euri gutxiago egitearena ez litzateke karbono dioxidoaren eragin soila izango ezta?

Gauza eta prozesu asko dago begien bistaz bakarrik aztertzerik ezin dena eta aldaketa klimatikoa horietako bat baino ez da. Datu batzuk agerian geratu dira azken hogeita hamar urteotan eta badirudi gure ingurugiroko parametro naturalak eraldatzen ari garela. Baieztapen hori nahikoa da denok erne jartzeko eta hainbat neurri orokor hartu ahal izateko. Baina hemen hasten dira bainak. Mende erdi bat daramagu munduko ingurugiroa erasotzen eta orain ez bakarrik herrialde aberatsoi, baita garapen bidean daudenei mugak ezarri dizkiegu; denontzat berdin, nahiz eta batzuk abantaila izugarria hartu dugun azken mendean. Gainera sistema ez-poluitzaileen garapena herrialde aberatsotan gertatu denez, prest gaude gure teknologia garapen bidean dauden herrialdeei saltzeko; beraz, gure nagusitasuna sendotzen segitzen dugu eta txanda honetan gainera “mundua salbatzeko”.

Nola azaldu guzti hau begien bistaz baino ikusten ez duenari?