Genozidioa gogoan

  • Genozidioak herri oso baten desagerpena du helburu. Oro har, estatua izaten da erasotzailea, eta biktima berriz, bere menpeko gutxiengoa. Armeniar genozidioa ere hala izan zen. Apirilaren 24an, armeniarrek beren historiaren egunik tragikoena gogoratzen dute, baina nazioartean hedabideek apenas erreparatuko dioten herri honen doluari aste honetako albisteetan. Kronika hau armeniarren bihotzetik idatzitakoa duzue.

    “Nire ama Erzincan-en jaio zen. Herrian bertan ez, baina gertuko errepide batean. Aiton-amonak turkiarrengandik ihesean zebiltzan; herri osoa, Erzincan osoa zebilen ihesean”, hasi da kontatzen Anahit Stepanian, bere amaren argazki horixka bat eskuan duela. Egun, Erzincan Turkia ekialdeko herri txiroetako bat da eta Wikipedia munduko entziklopedia birtual handienaren arabera, “lurrikara batek suntsitu zuen XX. mendeko 30eko hamarkadan”. Horixe, beraz, interneteko datu-base erraldoiak milioika bisitariei aipatzen dien tragedia bakarra. Tamalez, gutxiegi dira oraindik Anahit Stepanianen argazki zaharra ikusi dutenak.
"Begiek ikusten duten oro, bihotzak ez du ahaztuko" Armeniar errefraua
Stepanianek begi handi, ilun eta tristeak dauzka, armeniar askoren antzera, eta 55 urte beteko ditu aurten. Sei hizkuntza menderatzen ditu, Intouristeko (Sobietar Turismo Agentzia) langilea izan baitzen urte askoz. Gero, sobietar kolapsoak Armeniaren independentzia ekarri zuen, eta baita langabezia, gerra eta ondorioz, turismoaren desagerpena ere.

“Berriz hastea izan zen guretzat –dio Stepanianek–, baina gauzak hobetzen zihoazela, alargun gelditu nintzen. Orduan erabaki nuen nire etxeko logelak alokatzea”. Berak eta bere bi semeek, Zaven eta Vahan-ek, harrera beroa egiten diete euren etxera inguratzen diren bidaiariei. Yerevango harrizko etxe batean bizi dira, Askatasun Plaza eta Opera eraikinaren parean. Oso etxe handia da eta bisitarientzako makina bat ohez gain, koadro eta liburu ugari daude, baita piano bat ere. Atentzioa ematen dute komun eta sukaldeko pitxar, garbiontzi eta tankerakoek. Beste gauza askoren artean, ur eskasi handia dago Armenian; gaur ere, ur mozketak arratsaldeko zazpiak arte iraungo du.

“Dagoeneko Ararat ez da ikusten zure logelatik –esan dit Stepanianek, leihotik begira dagoela–. Erdialdean eraiki dituzten etxebizitza bloke madarikatuek ezkutatu dute”. Duela hiru urte, Ararat mendiaren bista zuen gela eskaini zidan etxeko jabeak. Baina kutsadura lainoa zela-eta, nekez erreparatu nion mendiari lehenengo bi egunetan. Hirugarrenean, Stepanianek begiratzeko esan zidan, zerua garbi zegoela. Orduan konturatu nintzen Ararati buruz entzundako guztia egia zela: bere gailur elurtuak koroa dirudi egunsentiko lehenengo izpiekin, eta miresgarri altxatzen da 5.000 metroko erraldoia, grabitaterik gabe airean zintzilikaturik balego bezala. Egun hartan, zerua garbi mantendu zen eta Yerevango kaleetatik nindoala, mendia behin eta berriz agertu zitzaidan hiribideen bukaeran. Hiritik 60 kilometrora dagoen arren, paseotxo batean iritsiko nintzela ematen zuen, hain da handia mendiaren lilura. Baina banekien txangoa ezinezkoa zela, amildegi batek banatzen baititu egungo Armenia eta bere ikur nagusia: Ararat Turkian dago, eta bi herrialdeon arteko muga irmoki itxita dago aspaldi. Gaur, alanbre hesiek josten dute oraindik sendatu ez den zauri sakon eta mingarria.

XIX. mende bukaeran 2.500.000 armeniar ei zeuden Turkiako lurraldean; 1923an, 100.000 baino ez. Zer gertatu zen? Zerk kutsatu zuen herri honen kontrako gorrotoa politikari, militar eta Turkiako jende xumearen artean?

1915eko apirilaren 24an, Turkiako ekialdean armeniarren matxinada zapuzteko aitzakiaz, Talaat Pacha turkiar Barne ministroak hasiera eman zion herri oso baten desegiteari: gizonezkoak sistematikoki fusilatu zituzten; emakumeak nahiz umeak bortxatu, eta amaigabeko distantziak oinez zeharkatzera behartu. Neke edo deshidratazioaren biktima izan ez zirenak kontzentrazio eremuetara eraman zituzten, 25 urte beranduago judutarrek jasango zutenaren aitzindari.

“Inor ez da armeniarren genozidioaz gogoratzen”, esan omen zien Hitlerrek bere jeneralei, juduak sarraskitzeko egitasmoa azaldu zienean. Eta arrazoi zuen. Sarraskiaz geroztik, Ararat mendia dute armeniarrek lekuko, zenbat hil ziren eta zenbat galdu zen egunero gogorarazten dien ikur eder bezain saihestezina. Atom Egoyan zinemagilearen genozidioari buruzko filmak Ararat izena du, eta baita ere futbol talde nazionalak, herrialdeko koñakaren distilategi handienak, hainbat egunkari eta enpresek…

Bestalde, Elia Kazanen America, America filmak sarraskiaren osteko emigrazioa jasotzen du. Estatu Batuetan bizi da, hain justu, armeniarren talderik handiena: Ararat izena duen kreditu txartel bat erabiltzen dute askok eta mundu osoan sakabanatuta dauden gainontzeko armeniarrei bezala, “mendebaldeko armeniarrak” deitzen zaie.

“Ekialdekoak” egungo Armenian bizi dira, turkiarren basakeria saihestu eta sobietar munduan zazpi hamarkada eman zituen eskualdean. Yerevango arkitektura karratu eta monotonoan Moskuren eragina agerikoa bada ere, hiri honek badu “Inperio Gorri”ko beste edozein hiritik bereizten duen xehetasun bat: Armeniako hiriburua arrosa da; zehatzago esanda, haragi egosiaren kolorekoa. Eraikin guztiak, elizak, herrialdeko parlamentua edota etxebizitza bloke arruntak, arrosa koloreko bafada-harriz eginda daude. Ulertzekoa da, harria besterik ez baitago Armenian; ez basorik, ez landarerik, ez petroliorik, ez urik… Arroka baino ez.

Zazpi milioi armeniar daude munduan eta horietatik, erdia baino ez da bizi Armenian. AEB, Frantzia edota Australiako armeniarrek diru asko bidali edo inbertitu ohi dute bertan. Hortik dator Yerevan erdialdeko europar giroa: terrazak, arte galeriak, arropa dendak… Zaharrek diote jatorriko Yerevan desagertu eta “mendebaldeko armeniarren Disneylandia”ren itxura hartzen ari dela. Egia ala ez, hiriko auzo historikoa eraitsi eta gero, luxuzko etxebizitzak eraiki dira berriki, Yerevango azken armeniar etxeak zeuden tokian. Diasporaren opor-etxe hauek altuak dira eta jada ez da erraza hiriaren erdialdetik Ararat bistan izatea.

“Unibertsoaren erdia”

“Unibertsoaren erdira goaz orain”, esan dit irribarrez nire alboan eseri den adin ertaineko gizon txikiak. Gagik Kasapian izena duela nekez ulertu diot, Kruschev –agintari sobietar ezaguna– gaztea zeneko autobus honen motorrak ez du treguarik ematen-eta. Bidaiari berriak han eta hemen hartu ditugu eta Yerevan kanpoaldeko azken etxe arrosak atzean utzi orduko lepo dago gure sobietar erlikia. Ordu erdi pasatxoan Ekhmiatzingo katedralean gaude, armeniar “unibertsoaren erdian”.

Armeniarrek eliza propioa dute, Armeniar Eliza Apostoliko eta Ortodoxoa, eta hauxe da euren Vatikanoa, munduko armeniar guztiek ukitu nahi duten Kaaba harria. Gainera, herrialde sozialista ohietako elizen artean aberatsena hau izan da betidanik: mendebaldeko armeniarrek bisitatu eta ukitu ez ezik, diru-ekarpen eskuzabalak egin ohi dituzte. Eserlekutik altxatzean Kasapianek azaldu didanez, sobietar garaian erlijioa debekatuta zegoen, baina Katholikosak (eliz buruak) ez zuen inoiz meza zerbitzua eten. IV. mendean sortu zuen Done Gregoriok eliza hau, Venus jainkosaren omenezko tenplu bat zegoen lur berean.

Historiako lehen estatu kristaua da Armenia.

Autobusean etorri garenok jende uholdearekin bat egin dugu katedralera bidean. Sartu bezain laster, norberak bere kandela piztu, hondarrez beteriko ontzietan paratu eta otoi egiten du. Kandela argiak fededun bakoitzaren aurpegia bereizi du: begiak itxita batzuk, buru makur besteak eta ziurrenik, etorkizunerako antzeko eskaerekin guztiak. Ekialdeko eliza gehienetan ez dago eserlekurik; beraz, zutik egon behar dugu armeniar mezaren ikuskizunaz gozatzeko. Nolanahi, batzuek belauniko eman dute zeremonia osoa.

Aldarearen gainean Ama Birjina eta Jesukristoren koadro erraldoi bat dago zintzilik; honen aurrean, beltzez eta morez jantzitako zazpi bat fraide bizardun, kono itxurako buruko banaz, eta elkarren ondoan eserita. Urre apainduraz estalitako apaiz nagusiak gidatzen du erritoa. Bere isilune bakoitzak bide ematen dio ezkerraldean duen emakume gazteen abesbatzari. Orduan, euren ahotsek katedralaren kupulapea betetzen dutenean, ez da zaila hunkitzea, hain da handia emozioa. Bukaeran, intsentsu laino baten barruan, apaiz nagusiak bira egiten du elizan eta kanpaitxoen deian bere gurutzea ehunka fededunek musukatzen dute.
Orain arte zutik egondako asko belauniko jarri dira.

Armeniako Katholikos ote den galdetu diot begiak bustita dituen Kasapiani, baina ezetz esan dit, amaiera arte ez omen da azaltzen. Eta hala izan da: monjez osatutako bi ilarek lagundurik atera da, morez jantzita, Garegin II.a. Bizar zuriko gizon handi honek urrezko zetro bat darama eskuan. Izan ere, armeniar estatua existitzen ez zen bakoitzean (Erdi Arotik ohiko egoera), Katholikosak armeniarren ordezkariak izan ohi ziren mendeetan zehar. Halakoetan, ofiziala ez zen estatu baten agintari izateak ospe handiagoa ematen zien buruzagi hauei nazioartean.

“Agian zeremonia hau gehiegizkoa iruditu zaizu baina armeniarrok asko sufritu dugu, eta egungo garaiak ere ez dira batere onak guretzat. Ekhmiatzineko mezak, besteak beste, efektu katartikoa eragiten du gugan”, dio Kasapianek, Yerevanerako autobusaren zain gaudela. Atentzioa eman didate hasieratik gizon ttipi honen begi urdinek. Azkenean, honela argitu dit misterioa: “Nire familia mendebaldeko Armeniatik etorri zen 1915ean, Van eskualdetik hain zuzen. Amak beti esaten zidan Van lakuaren kolore berekoak zirela gure begiak, eta nire amonari entzundako atsotitz bat errepikatzen zidan maiz: ‘Van mundu honetan, paradisua hurrengoan’, laku ertzeko herriaren edertasuna oroituz. Dena den, berak ez zuen inoiz lakua ikusi; ezta nik ere”.

Duela urte batzuk Van lakuan izan nintzen. Apenas zegoen armeniar iraganaren arrastorik, baina X. mendeko Akhtamar eliza bisitatzeko parada izan nuen. Munduko armeniar eliza zoragarriena irlatxo batean dago, laku ertzetik hiru kilometrora. Toki hura da, zalantzarik gabe, inoiz ikusi dudan ederrenetakoa. Eraikinaren kanpoko azpierliebeak nahiko egoera onean zeuden arren, barrualdea oso bestelakoa zen: lurra zaborrez beteta zegoen eta jasangaitza zen pixa usaina. Mila urte zituzten freskoak errotuladorez nahiz labanaz urraturik, besoa iristen den alturaraino. Hauxe da, oro har, Turkian dauden armeniar eliza guztien egoera penagarria, gobernuak bota ez dituenena behintzat.

Joan den martxoan, 18 hilabeteko berreraikitze lanak eta gero, Ankarako Gobernuak Akhtamargo eliza ireki zuen berriz: gurutzerik gabe eta museo izateko egokitua. Inaugurazioa ospatzen ari zirela, poliziak turkiar banderak eta Ataturken irudiak zeramatzan boskote bat atxilotu zuen. Ekintzaileok pankarta bat ere zabaldu zuten: “Armeniar genozidioa ez zen existitu. Turkiar herria bihotz onekoa da eta ez luke inoiz horrelakorik egingo”.

Armeniarren sua

Amona zahar bat sugar baten ingurua eskobatzen ari da. Oso makur dabil, eta oso poliki mugitzen du erratza: aurrera eta berriro ere atzera, eta gero pausotxo bat, honela sugarraren inguruan bira egin arte. Hala ere, gaur ez da apirilaren 24a, eta mugimendu txikia dago hemen. Egun horretan, aldiz, milaka armeniar igotzen dira Yerevan gaineko Genozidioaren Monumentura. Robert Kocharian presidentea eta Garegin II.a pertsonaia ezagunez gain, toki eta klase guztietako armeniarrek loreak jartzen dituzte Betiereko Sugarraren inguruan. Lan handiz garbitu beharko lituzke emakume zahar honek egun horretan biltzen diren milaka krabelin, arrosa nahiz lore koroak.

Gaurko lore urrietako bat Robert Petersonek utzitakoa da. Estatubatuarra da, mendebaldeko armeniarra. “Kalifornian jaioa naiz, San Diegon. Nire gurasoek Beirutetik emigratu zuten Amerikara, hortik Peterson abizena; nonbait Petrossian ahoskaezina zen amerikarrentzat”, argitu dit Petersonek. Bere irribarreak kontrapuntua jarri dio megafoniatik entzuten den musika etsigarriari.
“25 urte nituela etorri nintzen Armeniara lehendabizikoz, Sobietar Batasuna erori zenean –dio–. Ordura arte, armeniera etxean hitz egiten nuen hizkuntza baino ez zen; hemen, ordea, jende orok egiten zuen armenieraz: kalean, autobusetan, dendetan, zine ilaran… Txundituta geratu nintzen, ez nuen etxera bueltatu nahi! Aurten, emaztea eta biok etorri gara, baina Janet haurdun dago eta hotelean gelditu da lasai. Dena den, toki hau ez du gustuko”.

Genozidioaren oroigarritik ehun metrora museoa dago. Hamaika argazki daude paretan zintzilik, Petersonen arbasoek jasandako tortura eta basakeria zuri-beltzean erakusten dutenak: hezurretan dauden edadetuak, sudur eta belarriak moztutako gizonezkoak, hobiak gainezka, basamortutik errenkan dabiltzan milaka emakume, batzuk jaioberria altzoan dutela… Stepanianen ama izan liteke umeetako bat, edo suaren oroigarria garbitzen duen emakumearena. Haurdun egonda, ulertzekoa da Janet Petersonek hau ikusi nahi ez izatea.

Robert Petersonen esanetan, juduek eta armeniarrek gauza berdin asko dituzte: herri merkatariak izatea, diaspora handi bat, herrialde propioaren gabezia urte askoz eta, noski, genozidioa, “baina juduen genozidioak askoz ere oihartzun handiagoa izan du beti; naziek dena grabatzen zuten eta aliatuek ere filmaketa asko egin zituzten gerra bukatzean. Gainera, Steven Spielberg zuzendariaren filmak ere asko lagundu du berriki”, gaineratu du Kaliforniako armeniarrak beste irribarre batez. “Museoan ikusi dituzun argazkiak alemaniarrek egindakoak dira gehienak, Lehen Mundu Gerran turkiarren aliatuak izan ziren-eta. Zoritxarrez, oso gutxi dira, material grafikoa falta zaigu munduak gure tragedia ikus eta uler dezan”.

Basaltozko hamabi losa altxatzen dira betiereko suaren inguruan, Mendebaldeko Armenian galdutako eskualde bakoitzaren ordezkari. Amona euren itzalpean eseri da atseden hartzeko, nahikoa pasa baitu erratza gaurkoz. Pentsakor dago, tenplu biluzi honetan milaka egunez zaindu duen suari begira. Datorren apirilaren 24an hemen izango den ezin jakin. Hala ez bada, aurreko garrak betirako gordeko du bere memoria, hain gertu dagoen Ararat zuriaren altzoan.

Azkenak
2025-02-03 | Nicolas Goñi
Jendez hustutako landa eremuetara basabizitza ez da uste bezala itzultzen

Munduko landa eremu periferikoetan 4 milioi kilometro koadro laborantza lur abandonatu dira azken 75 urteotan. Orain arte arrazoi ekonomikoengatik uzten baldin baziren nagusiki, gerora, klima aldaketak ere horretara bideratuko ditu geroz eta gehiago. Bioaniztasuna babesteko xede... [+]


2025-02-03 | Ahotsa.info
Arrotxapeak aurre egin dio ultraeskuinaren probokazioari

Vox alderdi faxistak Iruñeko Arrotxapea auzoan "informazio-mahai" bat jartzeko asmoa iragarri zuen, eta "kaleetan faxistarik nahi ez duen" langile-auzo anitz baten gaitzespenarekin egin dute topo. Berriozarren ere izan dira VOXekoak, eta bertan ere... [+]


2025-02-03 | Euskal Irratiak
Antton Luku: «Egiazko urtats da inauterien momentua»

Duela hemeretzi urte berpiztu zen libertimenduen usadioa Donibane Garazin. Antton Lukuk abiatu zuen mugimendu hori, eta bi hamarkadetan, Ipar Euskal Herriko herri desberdinetara ez ezik, Hegoaldera ere hedatu da. Zortzi libertimendu muntatu dira aurten, eta datozen asteetan,... [+]


2025-02-03 | Gedar
Azaroan Astrabuduan desalojatutako etxea, berreskuratua

70 urteko emakume bat eta bere biloba bota zituzten euren etxetik, baina hura bereganatu dute berriz. Etxea defendatzeko konpromisoa azaldu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.


2.000 lagun baino gehiago mobilizatu dira Laudion Guardianen itxiera aurka

Guardianeko enpresa batzordeak eta SOS Aiaraldea plataformak deituta, mobilizazio jendetsua egin dute Laudion, Laudioko lantegiaren itxiera salatzeko. 2.000 herritar baino gehiagok giza-katea egin dute lantegia inguratuz.


2025-02-03 | Axier Lopez
Zergatik utzi ditu ARGIAk Twitter eta Facebook?

Gorrotoa sustatzen duten algoritmoak, mendekotasuna sortzeko diseinatutako aplikazioak, pertsonak beharrean publizitate-hartzaileak ikusten dituzten plataformak, merkantzia gisa tratatzen gaituzten sare sozialak… Badirudi azken aldian herritarrek sare sozial nagusietatik... [+]


Osakidetzan egiturazko eta egiazko konponbideak eskatu dituzte Gasteiz, Bilbo eta Donostian

Milaka pertsona kalera atera dira larunbatean, Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari "konponbide errealak" eskatzeko, Osakidetzaren arazo estrukturalak konpon ditzaten.


Aroztegiari ezetz esan dio jende oldeak Iruñean, eta auzipetuen absoluzioa eskatu du

Milaka eta milaka lagun elkartu dira larunbat bazkalondoan Iruñean, Baztango Aroztegiaren makroproiektuari aurkakotasuna adierazteko eta maiatzean epaituko dituzten zazpi auzipetuen absoluzioa eskatzeko. Bideoz grabatu dugu amaiera ekitaldiko hitzartzea [albistearen... [+]


Zedarriak taldea eta bere interesak armagintzaren lobby gisa

Urtarrilaren 15ean Zedarriak enpresa foroak bere seigarren txostena aurkeztu zuen Deustuko Unibertsitatean, Bilbon. Zedarriak taldeko zuzendari Guillermo Dorronsorok azaldu zuen hurrengo urteetan “segurtasun eta defentsa industrian” diru asko inbertituko dela... [+]


2025-02-03 | Garazi Zabaleta
Bio-K
Euskal Herriko txukruta eta kimchia

Errezilera bizitzera joan eta sagarrondoak landatu zituen Satxa Zeberiok, Bio-K proiektuaren bultzatzaileak, duela zenbait urte. “Iritsi zen sagarrekin zerbait egiteko momentua, eta sagar zukua eta sagardoa ekoizteari ekin genion orduan”, azaldu du. 2015ean sortu... [+]


2025-02-03 | Jakoba Errekondo
Ikatza erretzeko eta marrazteko

Agur negu. Negu betea da eta badoa. Mimosak (Acacia dealbata) eta magnoliak (Magnolia soulangeana eta Magnolia stellata) loratu dira, ongi etorri beraz loraldi nagusiei. Baina kontuz hotzarekin. Dagoeneko egun-argia ordubete pasatxo luzatu bada ere, zehar begiratuz bada ere... [+]


Sai arrea
Naturako garbitzailea

Gurean hain ezaguna den hegazti hau ustelzale porrokatua da, eta honek ez dio fama onik ekarri. Batzuek arrano, buitre, futre, hatxarrano edo mirusai deitzen diote; izen ofiziala sai arrea (Gyps fulvus) da.


Artile, karena eta oritza

Artiletan sustraitzeak ematen duen bakeak salbatzen nau maiz, kanpoko zein barruko ekaitzetatik. Artilea baino bakegile eraginkorragorik ez dut aurkitu inguruan. Bere indarra areagotzen da odola, karena eta oritza tartean badaude; artilearekin batera haiek ere ehundu baitute... [+]


Bonus track: non dago saria?

Jan-edanean zeuden denak, itxuraz alai, baina baten bat urduri zebilen aperitibo eta aperitifa artean. Bigarrenez jasoko zuen saria, baina eskuetan edukiko zuen lehenbizikoa izango zen. Eta urduri zegoen, oroigarriak bulegora heldu beharra zeukalako, joder. ARGIA Sariak ez dira,... [+]


Eguneraketa berriak daude