Egun estatuen mendean dauden nazioetan beregaintasuna lortzeko zer nolako atxikimendua dagoen aztertu ohi du Soziologian doktore den Ricardo dela Encina y Pérez Onraitak. Ikerketa horren emaitza zen bere garaian Pamiela argitaletxeak argitaratutako Poder y Comunidad. Una sociología del nacionalismo liburua, eta baita oraintsu kaleratu duten El fénix nacionalista. La vigencia del nacionalismo en el siglo XXI ere. Aurrenekoan, zapaldutako herrietan bere nazioarekiko atxikimendua nola sortu zen aztertu zuen. Bigarrenean, kontzientzia nazional hori XXI. mendean bizirik irautearen arrazoietan sakondu du. Adituak dio, askok uste dutenaren kontra, globalizazioarekin nazionalismoa ez dela lokartu, ez dela zaharkitu; alderantziz, berpiztu egin dela. Eta hori dela kontua: nazionalismoa bere errautsetatik berriz jaiotzen dela beti.