argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
2013ko maiatzaren 03a

Exprai ilustratzaileak Nabarra aldizkarian: «Kanon hauek lapurreta justifikatu besterik ez dute egiten. Behin pirateria egon badagoela onartu ondoren, pastelaren zati bat ziurtatu nahi dute beraientzat. Horrela, herritar guztiak lapur bihurtu gaituzte, edota susmagarri behintzat. Gerra prebentiboen, atxiloketa prebentiboen eta hainbat gehiegikeria prebentiboren ondoren, isun prebentiboa asmatu dute. Zeren eta zuk, irakurle, agian oraindik ez zenuen zure bizitza osoan ezer pirateatuko, baina badaezpada, egin ez duzun delitua ordaintzen hasi beharko duzu».

 

Mariasun Landak Garan: «Niri amorru apur bat ematen didana duintasun minimorik gabe liburuak argitaratzea da. Helduen literaturan kalitate ezarengatik argitaratuko ez liratekeen lanak haur eta gazte literatura bezala kaleratzea. Haur eta gazte literaturan aritzeak ez du esan nahi exijentzia maila jaitsi behar dugunik».

 
 

Mike Strangelove Sextysexers taldeko kideak Entzun! aldizkarian: «Hitz guztiak euskaraz egin ditugu (...) Zorionez konturatu gara badugula publiko euskalduna, baina baita erdalduna ere, eta horrek asko indartzen gaitu. Egia esango badizut, rock&rolla ongi egiten bada, erraietatik ateratzen bada, hizkuntzaren oztopoa –oztopoa baldin bada– erraz gainditzen da. Adibidez, Thee Michelle Gun Elephant-ek japonieraz kantatzen zuen; fitsik ulertu ez arren zaleak dituzte mundu osoan».