Non ote daude duela ehunen bat urte Pedro Mª Otañok aldareratutako Zizurkilgo Errekalde jaiotetxaurreko intxaurrondoaren (Juglans regia) itzala eta Argentinako panpan herriminez laztantzen zuen onbu (Phytolacca dioica) haren azala? Auskalo!
Ondo nor izanagatik Lizardiren fagadiko edo Emeterio Arreseren loretiko edo Salbatore Mitxelenaren paradisuko eme jaupazaleen errezoek ere ez dituzte salbatuko.
Arratsean, euripeko paseoan, San Esteban ermita baten aldameneko Elizondo baserrian, harresitxo baten babesean landare muintegi dotorea topatu dut. Intxaurrondoren bat, sagarrondo (Malus x domestica) franko. Lehengo urtean txertatu eta itsatsitakoak, norabait eraman eta behin betiko bizilekuan aldatzeko zain, batzuk eta amaitu berria den ilbeheran txertatutako ugari. Hauen artean bik adar arraro bana. Inguratu eta txertoan erantsitako mentuen artean gurutzeak eginda dauzkate. Jaungoikoak baino sestratzailearen trebeziak eta fedeak gehiago lagunduko diote bai arbola hauei. Sortu berri dituen artistarentzako izango dira bai nor, edozeinentzako landare sastar besterik ez diren sagarrondo berri hauek. Ala danbolin-sagarrarenak ote dira mentuak?