argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herria
Hodei guztien azpitik eta olatu guztien gainetik
  • Kirol hegazkinera hurbildu gara: Cessna 172, adituen arabera Zeruetako Zapelatza edo Cessna Saindua, “dena barkatzen dizulako; zaila da airean izan dezakezun konplikazioa izanda ere onik ez ateratzea”, kontatu digu pilotuak. Hori entzun ostean, lasaiago aireratuko gara. Izan ere, Hondarribiko aireportutik abiatuko dugun ibilaldia hodei artean egingo dugu oraingoan. Aste Santuko jai egunak aprobetxatuz, osteratxo berezia egiteko proposamen bikaina iruditu zaigu.
     
    Goizeko 10:00ak dira eta eguraldi ona egiten du Hondarribian, laino gutxi batzuk baino ez zeruan. Jorge Capdequi pilotua segituan iritsi da, jaka beltza eta eguzkitako betaurrekoak jantzita: filmetako pilotua dirudi. Berehala aireportuan sartu gara eta segurtasun kontrolak igaro ostean, pistako izkina batean dagoen Cessna 172 hegazkinera eraman gaitu. Horrelako bat hain gertutik ikusten dugun lehenengo aldia da eta abioi komertzialak baino askoz txikiagoa bada ere, gure errespetu guztia irabazi du. Capdequik ere errespetuz hitz egiten du bere lan tresnaz. “Ikusiko duzue zein bista ederrak dituen nire bulegoak”, dio irribarretsu.
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko maiatzaren 03a
Euskal Herriko kostaldea airetik
Dani Blanco
Aireratu aurretik, hegazkinaren, eguraldiaren eta inguruaren ikuskapen zorrotza egitea garrantzitsua dela azaldu du pilotuak. Aireportuko Meteorologia Bulegoak inprimatutako txostenaren arabera –guk ulertu ez dugun kodez betea–, ez da eguraldi arazorik izango. Hala ere, gertuko beste bi aireportu erabilgarri dauden egiaztatzera behartzen du Meteorologia Legeak. Goitik behera arakatu du hegazkina Capdequik: hegoak, barneko makineria, ateak, gerrikoak, erregaia… Hego bakoitzak 84 litro erregai ditu eta gutxi gorabehera orduko 28 litro kontsumitzen ditu hegazkinak. Edalontzi batean erregai pixka bat botaz, ezpurutasunik ez dagoela egiaztatu du pilotuak. Azkenik, segurtasun neurriak esplikatu dizkigu, atea, gerrikoa eta leihoak nola erabili, eta argazkilariak eta biok elkarri begiratu diogu, urduri samar.

Helizeari eraginez motorra berotzen

Gogo biziz sartu gara hegazkinean. Kanpotik dirudiena baino leku gehiago dago barruan, lasai eta eroso joateko moduan. Ahorainoko mikrofonoa erantsita duten entzungailuak ipini ditugu, helizearen hotsak eragotzi gabe gure artean hitz egin ahal izateko. Komunikazioa itxia da; hots, gu hirurok baino ez dugu entzuten, baina pilotua aparailu batera konektatuz gero, gainontzeko abioiekin eta aireportuko dorrearekin komunikatu gaitezke. Halaber, entzungailuetatik aire-kontrolatzailearen nahiz gainontzeko pilotuen esanak entzuten ditugu, ingelesez batik bat. Bitartean, Capdequik motorra berotzen jarri du eta potentzia, frenoak eta beste mila gauza aztertu ondoren, dorrearekin jarri da harremanetan. Inguruari, presio atmosferikoari eta haizeari buruzko datuak eman dituzte dorretik, zenbaki ulertezinen bidez, eta Hegaldi Plana onartu dute. Prest gaude; abiadura hartu, pistan metro batzuk egin eta segituan aireratu gara, kilo askoko tramankulu hau luma bezain arina bailitzan.
 
Urrutiratu gabe inguruan bueltatxoa egitea da asmoa. Igotzen hasi bezain laster, Txingudiko badia osoa eta itsasoa agertu zaigu aurrean, bare-bare. Itsasoarekin bat egiten duen horizontea beste era batera ikusten da airetik, are infinituagoa. Egia esan, dena ikusten da beste era batera zerutik: ikuspegiak eta distantziak bestelakoak dira. Hain zuzen, abiatu besterik ez gara egin eta Pasaian gaude dagoeneko, baina Hondarribia, Irun, Hendaia… ere ikus daitezke, denak bat eginda. Gainera, gure kostalde gorabeheratsuak lauagoa dirudi, Jaizkibel mendiaren silueta malkartsu eta boteretsua ondo bereizi daitekeen arren. Lurretik 3.000 oineko altueran ari gara hegan egiten, 1.000 metrora, alegia. Leihatilatik gauzak ondo hauteman ahal izateko eta aldi berean kostaldeko ikuspegi zabala hartzeko altuera egokia dela dio pilotuak. Abiadura berriz, 95 korapilokoa da, 170-180 kilometro orduko, gutxi gorabehera. Hala ere, ez dirudi inondik inora hain azkar goazenik, ia mugitu ere egiten ez garela ematen baitu. Gidari trebea dugun seinale.

Hodeietan ezkutaturik

Hodei bakan batzuek inguratu gaituzte bidean eta horietan barneratu nahi al dugun galdetu digu Capdequik. Guk ez dugu zalantzarik izan: aurrera. “Normalean –esan digu–, eguraldi lainotua dagoenean ez dut bidai turistikorik egiten, bezeroek paisaia garbi ikus dezaten eta nolabaiteko arriskua egon daitekeelako, baina pilotuei gehien gustatzen zaigun eguraldia hau da, laino artean ibili ahal izateko”. Eta arrazoi du: laino azpitik, artean eta gainean eraman gaitu eta panorama edonor aho zabalik uzteko modukoa da: kotoizko hodeietan gabiltza, airean flotatzen, orain dena zuri-zuri, orain urdin-urdin. Gainera, airetik ikus daitekeen fenomeno meteorologiko bitxia paratu zaigu aurrean. Lurretik ortzadarra ikusteko euria eta eguzkia batzea beharrezkoa den bitartean, zerutik eguzki izpiek hodeietan islatzen duten ortzadarra ikus daiteke. Hantxe agertu zaigu, hodei batean lehenengo, hurrengoan ondoren… 360 graduko ortzadarra, airetik ikusten den Erromako zubiak borobil perfektuaren forma baitu.
 
Gidariak bere abildadeak erakutsi nahi izan dizkigu, hodei artetik ateratzeko 180 graduko birak emanez, hegazkina dezente alderatuz eta beheraka eginez. Orduantxe sumatu dugu hegazkinaren abiadura handia. Konturatzerako, Donostiako postaleko irudia azaldu da hankapean: Kontxa, Santa Klara uhartea, Igeldo, Urgull, kanpoaldea… Guztia bista bakarrean. Kursaala dotore ikusten da zerutik eta Anoetak ere itxura berezia hartzen du. Saihesbidean egiten ari diren obren txikizioa berriz, are nabarmenagoa da 1.000 metroko altueratik.

Mendialdean Adarra

Horizontea, itsaso zabala eta kostalde bihurritua izan dugu lagun orain arte, baina pixka bat bederen barnealdera jotzea erabaki du Capdequik. Hernani aldera egin dugunean, laino ugariz jantzi da zerua eta itsasoko urdinaren aldean berdea nagusitu da behealdean. Hernaniko Onddi eta Urdaburu atzeman daitezke, Urnietako Adarra ere handi ikusten da eta urrunxeago Ernio ageri da, Andoain eta Tolosa artean. Eta mendi horien guztien magal, inguru eta tarteetan, herrixkak, herriak eta hiriak, adreilu eta hormigoizko etxe txikiak, bestelako eraikin eta zubiak, hirigintzaren fruituak. Dena inurrien pare.
 
Abiaduraren antzera, denbora ere uste baino azkarrago igarotzen da airean –gustura joanez gero, behintzat–. Halako batean, Hondarribirantz bueltatzeari ekin diogu. Errenteria gainetik pasa eta berriz kosta ingurura. Eta berriz nagusitu da Jaizkibel gure begien aurrean. Bertako itsasargia dotore irekitzen zaio itsaso zabalari, porturatu nahi duten barku galduen zaindari. Irun eta Oiartzun artean, Aiako Harria ere ez da txiki ikusten. Txingudiko Badia osoa begi bistan dugu jada eta Jorge Capdequik lurra hartu nahi dugula ohartarazi dio aire-kontrolatzaileari. Dirudienez, gurearen antzeko beste kirol hegazkin batek eta abioi komertzial batek ere aireportu berean lurreratu nahi dute. Batzuei eta besteoi aginduak ematen hasi dira dorretik eta guri azkenak lurreratzea egokitu zaigu. “Aireportu handiagoetan ohituta daude hegazkin bat baino gehiago batera kontrolatzera, baina hemen ez da ohikoa eta kontrolatzailea urduri samar dagoela nabari da”, dio pilotuak. Abioi bat gure aurretik pasako dela ere esan digu, eskuin aldetik, baina ez da ezer ikusten. Dorretik eman dizkioten aginduen arabera, ordea, hala omen da. Bat batean esandako puntuan agertu da abioia eta pilotuak adierazitako ibilbidea egin du, aireporturantz. Bitartean, ezkerreko leihatilatik begiratuta, Hendaiak bat egin du Hondarribiarekin, inongo muga geografikorik gabe. Administratiboki, halabaina, airean ere badago muga, Frantziako Estatuaren aire eremuan sartuko bagina gure hegazkina identifikatu beharko genukeela azaldu baitigu Capdequik. Dena den, Hendaia ondo ikus daiteke gauden lekutik: kirol kaia, hondartza luzea, Ipar Euskal Herrian hain ohikoak diren etxe zuri gorriak… Eta Lapurdiko kostaldearen zati bat ere antzeman daiteke; Ziburu eta Donibane Lohitzune behintzat ezagutu ditugu.
 
Aire-kontrolatzaileak baimena eman digu eta lurreratzeko garaia iritsi da. Pistarantz abiatu gara zuzenean, baina pista gainditu eta 180 graduko itzulia eman du pilotuak. Pista aurrez aurre dugu orain, beste aldetik, eta eskua leihatilatik ateraz gero teilaturen bat ukitzeko gai izango ginatekeela dirudi kasik. Abioi handiek lurra hartzen dutenean egiten duten talkarekin ohituta, garamatzan hegazkin txikia lurrean zeinen arin pausatu den harritu gaitu. Ordularia begiratu dugu, oso denbora gutxi iragan dela iruditu baitzaigu, baina 40 minutu eman ditugu hegan. “Nik bezainbeste gozatu izana espero dut”, esan digu pilotuak, pista hiru gurpil gainean zeharkatu bitartean. Gure irribarreak begiratzea baino ez dago.