argia.eus
INPRIMATU
Energia
Iberdrola munduko liderra negozio eolikoan
  • Martxoaren 29an eta 30ean akziodunen batzar nagusi bana egingo dute Euskal Herrian eta Eskozian, Iberdrola eta Scottish Power elektrizitate enpresek. Batzar horietan, euskal enpresak eskoziarra erostea onartuko dute, eta horrela, Iberdrola energia eolikoaren negozioan enpresa liderra izango da munduan.
     
    Iberdrolak Scottish Power 17.200 milioi euroren truke erosiko du. 9.047 milioi euro dirutan ordainduko dira, eta horren barne dago 236 milioi euroko dibidendu estra bat; beste guztia akziotan izango da. Horretarako, Iberdrolak kapital soziala zabalduko du 245 milioi akzio berriren jaulkipenaren bitartez, akziodun eskoziarrei ordaintzeko, haien esku geratuko baita kapital berriaren %21,4. Erosketa horri esker, Iberdrola enpresa liderra bihurtuko da negozio eolikoan. Europako hirugarren elektrizitate enpresa bilakatuko da aktiboen balioaren arabera Frantziako EFD eta Alemaniako E.ON enpresen atzetik, seigarrena izango da diru sarreren arabera eta zazpigarrena burtsan daukan balioari dagokionez.
Daniel Udalaitz 2013ko maiatzaren 03a
Operazioa joan den azaroan abiatu zen. Konpainia biek hitzarmena sinatu zuten Iberdrolak enpresa eskoziarraren kapitalaren %100 eskura zezan bost hileko epean. Beharrezkoa izan da konkurrentziako Europar Batasuneko agintariek erosketa hori baimentzea, eta hala egin zuten joan den otsailean. Orain akziodunei dagokie gauza bera egitea, eta inolako zalantzarik gabe emango diote baiezkoa operazioari. Euskal elektrizitate enpresari dagokionez, operazioa gehiengo erlatiboz onartu beharko da, eta eskoziarraren kasuan, aldiz, batzarrean parte hartzen duen kapitalaren %75ek onartu beharko du gutxienez.

Energia berriztagarriak, negoziazioaren giltzarri

Iberdrola, “ehizatu” beharreko “harrapakintzat” behatzen ari ziren, baina azkenean, ustezko ehiza horri aurrea hartu dio eta “ehiztari” bihurtu da bera. Scottish Power enpresa eskoziarra bereganatuta, “harraparitza” eguneroko ogia den mundu horretan bizirik iraun duten Europako talde handietakoa dela sentitzen du euskal elektrizitate enpresak. Gainera, adituen ustez, egindako apustuari esker tamaina handiagoko beste operazio batzuei aurre egiteko moduan dago.
 
Scottish Powerrek energia berriztagarrien munduan daukan presentzia giltzarri izan da Iberdrolak enpresa eskoziarra erostea erabakitzeko. Horrela, mundu osoan, eta Amerikako Estatu Batuetan bereziki, merkatu horretan daukan buruzagitza sendotuko du integrazioak. Euskal Herriko eta Eskoziako enpresa bien artean daukaten energia berriztagarrirako gaitasun instalatua 6.040 MW-ekoa da; horietatik 4.076 MW Iberdrolarenak dira eta 1.964 eskoziarrenak. Horri esker, Iberdrola arerio nagusiarengandik aldenduko da, Florida Power enpresarengandik, beste horrek 3.567 MW baitauzka instalatuta. Gainera, hazteko dituen aukerak ikaragarriak dira, enpresa bien proiektu zorroa 13.400 MW-ekoa baita –6.140 Espainiar Estatuan, 2.260 Erresuma Batuan eta 5.000 Amerikako Estatu Batuetan–. Euskal enpresaren iturriek adierazi dutenez, “Iberdrolarentzat funtsezkoa izan da enpresa eskoziarrak negozio eolikoa ezagutzen duen bezala ezagutzea, batez ere kokapenen hautaketari, hornidurari, eraikuntzari eta marketinari dagokienez”.
 
Gogoan izan behar da, operazio hau gauzatu aurretik Iberdrola 2007 eta 2009 urte arteko asmoetan berriztagarrien esparruan 3.250 milioi euro inbertitzea aztertzen ari zela. Hori dena, 700 MW-eko potentzia instalatu ez kutsagarria lortzeko –gaur egungo 4.076 MW-en aldean–, hau da, 2005eko ekitaldian lortutako kopurua baino %85 gehiago. Enpresa eskoziarra erosi baino lehen, 2011n Espainiar Estatuan 7.500 MW-era iristea zen helbururik garrantzitsuena.
Talde boteretsua

Scottish Power erosita, Iberdrola talde boteretsu bihurtuko da, ia 64.000 milioi euroko enpresa balioa lortuko baitu, baita 2.078 milioi euro baino gehiagoko etekin garbia (zergen ondoren) eta 20.000 milioi euro inguruko salmentak ere. Potentzia instalatua 36.603 MW-ekoa izango da, Iberdrolak gaur egun daukana baino %30 gehiago.
 
Iberdrolak, aurrerantzean ere, Bilbon izango ditu egoitza soziala eta fiskala, eta bertan eraikin berria egiteko zain dago. Egoitza berria 156 metro altu izango da, 35 solairu edukiko ditu eta Euskalduna ontziola zaharraren lurretan egingo dute, Abandoibarran. Era berean, Scottish Powerren egoitza Glasgowen egongo da gero ere, eta marka berbera mantenduko du.