argia.eus
INPRIMATU
Euskadi Sariak
  • Kanpotik begiratuta seguru, dena bitan zatitu eta elkarren aurka aritzeko dugun joera malapartatuaren beste atal bat emango du honek guztiak, borrokaldi bat zelai literario faltsuki politizatuan jokatua. Gainera, zenbait izen handikoren adierazpen desegokiek hauspoa eman diote pertzepzio faltsu horri.
     
    Goazen iskanbilaren iturrira. Jon Alonsok, alde batera, salaketa zehatzak egin ditu, gehienbat itzultzaile-talde zenbaiten jarduerarekin zerikusia dutenak, eta administrazioarekin: “Zio bultzatzen dutenek aintzat hartu al dute orain arte, publierreportajerik gabe baino ahalegin esker txarreko, iraunkor eta luzeaz, EHU-UPVtik bertatik, dibulgazioaz arduratu direnen iritziak? Euskadi Saria irabaztea lehiaketa publikorik gabe banatzen diren hainbat lan eskuratu ahal izateko baldintza al da? Halako zer edo zer gertatu zen Pio Barojaren urjentziazko itzulpenak (...)” adjudikatu zirenean. Batzuk gutxietsi, beste batzuk lehenetsi, faboritismoa, eta Euskadi Saria irabaztea hainbat lan desiragarri, administrazioak ordainduak –Pio Barojarenak hala izan baitziren–, zuzenean eskuratzeko giltza ezkutua izatea.
Pako Sudupe 2013ko maiatzaren 03a
Pako Sudupe
Dani Blanco
2003an itzulpen arloan epaimahaian esku hartu zuen nafar idazleak, eta han ikusitako irregulartasunak salatu ditu: oinarriak urratuz zazpigarren gizon, kultur funtzionarioren baten esku sartze, boto kontaketa oker intentzio txarrez eginak, eta abar. Sariaren duintasunarekin zerikusia dutenak: lehenbiziko liburu bakanketa aldrebesa hobetu beharra, benetan denbora saria merezi duena ongi hautatzen enplegatu barik bestelako bigarren mailako gorabeherak lehen mailako bihurtu izana “irabazlea ordu erdi laburrean erabaki zen”. Beraz, sarituei abantailak onartzea zilegi da?
 
Gordeak zituenak lau urtera egurastera ateratzera behartu duen gertakaria berriz: Koldo Izagirreren Sua nahi, Mr. Churchill?i ez emana, eta duen iritzia funtsatzeko liburu horri aurkitu dizkion dohain batzuk eman ditu aditzera.
 
Nafarrak ez du juzku politikorik egin; administrazioak bai, salaketa zehatzak azaltzen saiatu beharrean sinesgarritasuna irabazteko, aurrez sinesmena eskatu duenean. Horrek herritarra aurreiritzi politikoetara (des)bideratzen du. Administrazioa da herritarrek liskar politikoa ikus dezaten bidea ireki duena, susmo txarrak hauspotuz.
 
Euskadi Sariek gurean eragin ekonomiko nabarmena dute, eta interesak daude tartean, baina horien gainetik euskal literaturaren duintasuna, prestigioa, kalitatea dago jokoan, Euskadi Sarien funtzionamendua hobetu beharra, euskaldun guztion ondarea dugun literatura hobetu beharrez. Horretarako balio behar du zalaparta desatsegin honek!