argia.eus
INPRIMATU
Bizitza nola badoan
  • Errepide nagusia utzi eta baratxago sartu naiz azken eraikinen artean. Gasolindegia, jatetxea, bankua, oroigarriak. Sangria eskaintzen duten arbelak eta flamenko dantzariak martxoko euripe hotzean. Zubi gainetik igarotzean, Arestiren adorerik batzeke, leihatilatik besoa atera eta oihurik jalgi gabe zeharkatu dut mapan lerro gorri lodiz agertzen den hori. Eguerdia da, eta berandu, bazkaltzen harrapatuko dut. Giltzatu gabe du atea.
    – Zer moduz, galdetu diot.
    Pentsatu bezala, ez naiz garaiz iritsi. Oilasko paparra du platerean, eta bakarrik dago. Euskadi Irratia du piztuta. Ez dakit zenbat hildako Bagdaden.
    – Zer nahi duk esatea. Bizitzen aspertuta.
Iñigo Aranbarri 2013ko maiatzaren 03a
Iñigo Aranbarri
Dani Blanco
Orain lau hilabete bizitzan eta bizitzen makulu izan duen laguna hil zaionetik, bakarrik da. Elkarri ezer esan gabe, euripean imajinatu dugu haren hilobia, muinoan, Hegoaldera begira. Hor da Hendaiako industrialdea, hor Bidasoa eta Aiako Harria, Jaizkibel eta Pasaialdea, eta atze-atzean, baita Izarraitz ere, triku baten antzera uzkurtua. Ea bisitan-eta etortzen zaizkion, eta baietz, egunero. Eskatu gabe, ezagutzen ditudanen izenak ematen dizkit, tapa-tapa. Baina ez da hori. Laurogeita hamahiru urte ditiat, esan dit.
 
Bera da beraren sukaldari. Goizero, etxe atzeko baratzean aritzen da hutsik egin gabe. Ondo aitzurtua du. Belarri berdeak luberritik kukuka: tipulak. Tomate haziak sartu berri. Porruak atera, astindu, lurra kendu eta, kanilapean garbi eta txikituta, patatarekin lapikora sartzen ditu iluntzero, azken hogeitaka urtean berdin.
 
Zerbait hartuko dudala, ardoa, bermuta, zer edo zer. Estimatuta dagoela baina ez naizela edan zahar. Hegazti paparra utzi, eta lagunez hitz egin dit. Halakori hau eman dio, bestea makal dabil. Bera baino gazteagoak guztiak. Senideen artean, panorama ez da hobea. Arreba bat du Mutrikuko zaharren etxean, orain neba ere ezagutzen ez duena. Etxekoa ere, eri handi. Bestea, hilda.
 
Denborarekin, heriotza etxekotu egiten da. Uzten gaituen bakoitzak, gonbidatu egiten du bere lekua betetzera geratu garenon mahaira, eta hala, gero eta hurbilagokoa dugu azkenerako. Ez haren irudia, ezta hari diogun beldurra ere, heriotzaren errealitatea bera baizik. Oroimenek, pisua galtzen dute, arindu egiten dira. Berreskuratzea lortzen dugun irudian agertzen direnak, joanak dira. Dena da xareago egunerokotasunaren harripean.
– Bazkaldu al duk?
 
Joan beharra dudala esan diot, badakit siestara sartu ohi dela segidan. Itzuliko naizela lasaiago. Autoko irratian, Xabier Arzalluzen hitzekin ari dira, ea Jon Jauregiren kasuan, hainbeste etxerekin, hautagaiaren ondasunak “apalak” diren. Politikoen hizkerak, badu hori. Dena da perfekzio, idazleek ere lortzen ez duten hitzen edertze etengabea. Poliziak eserita dauden manifestariak txikitu, eta egurtuena errua. Edozein salaketa egin, eta ahoa ireki duena xehatu makinak. Mintzo aratz, biribil, zirrikiturik gabea, gutxi-asko, erregistro politiko guztiena; areagoa hautes-hotsa dela txaide zabalean. Usu, satisfazioaren kultura. Ezin giza ahuldaderik erakutsi: bizitzen aspertu. Ederra behar du larderiaren hozkak.
 
Lagundu ezinik, barregarri aritu natzaio. Kanpoan, zeru iluna sukalderaino abaildua. Zer egingo zenuke gustura? Joango gara hara? Nahi duzu hau ekartzea? Alferlanak guztiak. Izan ere, zerekin limurtu metroan neu baino hagitzez lehenago ibilia dena? 1945eko uztailaren hamalaua zen eta Parisen zebilen, estatubatuarrek “Espainian sartzeko” behar ez zituztela-eta, festa erdian utzita. Behartuz gero, geltoki guztiak datozkio: Legutio, Santoña, Puerto de Santa Maria, Clichy, Baigorri, Hendaia, Ajuria-Enea, Argel, Lizarra-Garazi, Barajas...
 
– Besterik ezagutu al diagu bada...
Politika bihotzarekin nahastea, horra gure makurra.