Indar abertzaleei PSNk emaitza ona ateratzea interesatzen zaie eta alde horretatik bada kezkatzeko arrazoirik. Sozialistek –emaitzak ezin sinetsiz– bata bestearen atzetik egin eta publikatu gabeko hiru inkestetan, Nafarroa Bai ateratzen da Nafarroako bigarren indar politikoa. Datu oso onak dira NABai-rentzat –onegiak agian–, baina PSNrentzat izugarri kezkagarriak. Eta, oro har, PSNrentzat onak ez diren emaitzak, agian ez dira onak Nafarroan aldaketa politikoa gerta dadin. Zergatik? Hipotesi batean, komeniko litzateke aldaketa hori PSNk sendotasunetik egitea, batetik UPNren eskaintza-amuei hobeto eutsi ahal izango dielako (Iruñerriko mankomunitatea zuzentzea, Iruñeko Udala, Legebiltzarreko lehendakaritza...); eta bestetik, bere baitako kohesio ahula indartu ahal izango duelako.
Otano aferatik (1996) PSNk ez du lortu alderdi gisa bururik altxatzea eta, azkenean, badirudi ulertu duela UPNren itzaletik atera ezinik jai duela alderdi gisa indartzerik eta, batez ere, jai duela Nafarroako gizartean lidergorik eskuratzea. Eta pentsa liteke, azkenean konturatu dela, baina ikusiz Nafarroako Legebiltzarrerako osatu duen zerrenda zalantzan jartzeko modukoa ere bada (Roman Felones, Roberto Jimenez...), abertzaletasunaren eta euskaltzaletasunaren aurkako amorratu zenbaitzuk hortxe kokatu baititu lehen postuetan.
PSNk aho txikiarekin erreakzionatu du UPNren manifestazioaren aurrean, baina oraindik ere noraeza irudikatzen du, Zapaterok Madrilen bezala. Kalean PPk erakusten duen indarraren aurrean, ez da samur ulertzen Ferrazen jarrera, baina argi dago hau erabat lotua dagoela Euskal Herriko bake prozesuarekin. Barajasekoaren ondoren, pentsa liteke Zapatero berriz ari dela buelta ematen egoerari eta bake prozesua berriz publikoki salgarri egiteko moduaren bila ari dela. Iñaki de Juanarenaren ostean, Batasunaren ordezkoa hauteskundeetan nola aurkeztu izango da biziko dugun hurrengo jokaldia. De Juana auziarekin PPk langa oso goian jarri dio. PSOEren ezker abertzalea aurkezteko nahia-ri orain Batasunak nola erantzuten dion ikusiko dugu 31ko BECeko ekitaldian.