argia.eus
INPRIMATU
Pertsona ala abereari jarriak
  • I

    Mundu zahar honi begiratuta
    dago aitortu beharra
    denen gainetik azaltzen dela
    gizakiaren indarra.
    Baina begira nora daraman
    duen adimen azkarra
    bere senaren aurka dabilen
    abere mota bakarra.
Imanol Lazkano 2013ko maiatzaren 03a
Imanol Lazkano
XDZ
 
II

Betidanikan izan direnak
zorionaren barruti
sendia eta lagunartea
egin ditugu lau zati.
Hirian bizi bagara ere
bihurtu gara basati.
Jende ugari dugu ondoan
baina pertsona urruti.

III

Zerbait maitatu beharra dakar
bizitzak bere muinean.
Nik ingurua ta inguruak ni
hori da azken finean
pertsonekiko maitasun hori
garrazten doan heinean
gozo guztia isurtzen dugu
beste abereen gainean.

IV

Aurrerapen ta inbentuekin
gizona dabil harro ta
hau dugu irin gozorik eho
ezin dezakeen errota.
Azken batean ez al da dena
gizakiaren porrota?
Zakurrak eta katuak maite
eta pertsonak gorrota.

V

Bihotz oneko hainbat pertsona
nonahi aurkitu daitezke.
Abere mota guztientzako
maitasun ta babes eske.
Hainbat pertsona gosez ta gudan
bizi ez direnak aske.
Haien bizitzak ez ote dira
abereenak hainbeste?

VI

Abere mota denak direnez
izadiko ondareak.
Egia esan neronek ere
maitatzen ditut nereak
nahiz ta benetan zilegi zaigun
mimatzea norbereak.
Lehenik pertsonak maita ditzagun
eta gero abereak.