argia.eus
INPRIMATU
Gure industria babestu
  • Aurreko astean langileen mobilizazioak izan genituen Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, gure industria babesteko, lekualdaketen aurka eta lan harremanen euskal eremuaren alde. Mobilizazio horiek LABek Euskal Herrian zabaldu duen “Langileok autodeterminazioa” kanpainaren parte dira. Aste honetan Busturian eta Lea-Artibain izango dira mobilizazioak. Azken urteotan ehunka lanpostu galdu dira multinazionalek egindako lekualdaketengatik. Nafarroa da multinazional askoren paradisua eta horregatik ekonomia ahula du; lekualdatze gehien eta larrienak jasan dituen lurraldea izan da. Duela gutxi UNESA, Scneider eta Sanyo izan dira. Orain Mepamsa, Caucho Metal eta BSH, eta ezin dugu ahaztu Volkswagenek ere lanpostuak pixkanaka nabarmen gutxitu nahi dituela.
Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 03a
Autodeterminazioa defendatzea gure industria defendatzea da, lan harremanetan euskal eremuaren alde egotea, erabakiak hemen eta ez Parisen, Madrilen edo Berlinen hartzearen alde agertzea. Horrela baino ez dugu lortuko gure industria eta lanpostuak multinazionalen irentsi gosetik babestea, horien helburua ahalik eta denbora gutxienean probetxurik gehien lortzea besterik ez baita. Nafarroako Gobernuak hobe luke bere industria-politikaz arduratuko balitz eta gehiago ez balu, gezurrekin baliatuta, manifestazioetara deituko, horiek, azken finean, Nafarroak bere etorkizunean erabaki dezan eragotzi besterik ez baitute egiten.