Inter Press Service (IPS) agentziaren webgunean kontatu du Mario Osava kazetari brasildarrak.
IPS 1960ko hamarkadan sortu –herrialde ez-alineatuen mugimenduaren inguruan– eta gaur egunera arte iritsi den prentsa zerbitzua da. Mario Osava berriz Kubako iraultzatik hasita gaurdaino Hego Amerikako ezkerrak bizi izan dituen gorabehera guztiak hurbiletik ezagutu eta kontatu dituen kazetaria da, familia japoniar batean sortutako brasildarra.
Osavak kontatu du nolaz, George Bushek berrikitan Brasilera egin duen bisita prestatzen ari zirela, AEBetako enbaxadak dei egin zion Rodrigo Baggiori. Washingtoneraino ere iritsia da Brasilgo herri eta auzoetan informatika irakasteko eskolak sortu eta sustatuz Baggio bere ekipoarekin egiten ari den lan garrantzitsua, eta enbaxadan aditzera eman zioten horietako eskola bat bisitatu nahi zuela AEBetako “agintari batek”.
Asmo on guztiarekin –“agintari” hura George Bush bera izan zitekeela pentsatu gabe– Rodrigo Baggiok proposatu zien Paraisopolis izeneko favelan daukaten eskolara egitea txangoa. Baina otsailaren 7an, 84.000 biztanleko auzo hori 40 militar yankik inbaditu zuten beste polizia brasildar mordo batek lagunduta, lekua ikusteko aitzakiatan. Kazetariari Baggiok esan dionez, “auzotarrekiko errespetu gutxi edukitzeaz gain, militar horiek burugabeki jokatu zuten, zeren eta eraso armatuak ere sortu ahal izan baitzituzten, bertan ibiltzen diren gaixtaginekin edo narkotrafikatzaileekin”. Bushen izena aipatu baliote, ez zukeen favela hura proposatuko Baggiok.
Paraisopolis ez zuen bixitatu, noski, Bushek: lider sozialekiko elkarrizketa Morumbi auzoan antolatu zuten amerikarrek. Berriro konbidatu zuten Baggio, baina aldez aurretik elkarrizketaren entsaioa egitea eta galdera-erantzunak prestatzea exijitzen zuten antolatzaileek, eta ez joatea erabaki zuen, berak eta bere erakundeak defendatzen dituzten balio etikoekin ez ezkontzeaz gain, baldintza horietan elkarrizketarik posible ez dela iritzita.
George Bushi ez zitzaion gaizki etorriko solasaldi lasai bat Baggio gaztearekin. Asko ikasiko baitzuen. Hasteko, ezagutuko zuen 30 urteko gizon gaztea, urte gutxitan Brasilen 642 informatika eskola eta beste sei herrialdetan 98 gehiago antolatu dituena, tartean batzuk AEBetan. Denetara, urtean 62.000 ikasle prestatzen dituzte informatika gaietan 1.755 maisuk. Baggiok gainera, kontatu ahal izango zion eskola horien atzean Comitê para a Democratizaçâo da Informática (CDI) dagoela eta honen helburua herritar txiroak teknologia berrietan hezitzearekin batera gizarteratzea ere badela.
Paulo Freire-ren aldarrikapena
Osavak kontatu duenez, Rodrigo Baggio oso gaztetandik izan da lider, mugimendu sozialetan parte hartuz, bere eliza metodistako gazte taldetik hasita. Nerabetan hasi zen ordenadoreekin jolas eta lanean. Unibertsitatean gizarte zientziak ikasi zituen, baina ordurako ordenagailuz programak eginak omen zizkion hainbat enpresari. Andersen Consulting korporazio famatuan hartu zuten lanerako. 22 urterekin, aitak lagunduta, informatika enpresa sortu zuen. Eskolako gaiak erakargarriagoak egiteko programa asko egin eta saldu zizkien Brasilgo eliteen eskola pribatuei, eta diru asko irabazten hasi zen.
Lider batek goi-arnasa derrigor behar duenez, Rodrigo Baggiok ere gau batez amets oso berezia egin zuen: “Hainbeste lanekin nire ekintza sozialak alde batera utziak nituen. Eta gau hartan ametsetan ikusi nituen ume behartsuak ordenadoreekin saltsan”. Amets horrek ekarriko zuen CDIren sorrera, faveletako gazteak ordenagailuetan trebatzeko, baina horrekin batera, hezkuntza zibikoa emateko, lanpostu bat lortu eta beren auzoetako arazoak konpontzen saiatzeko.
Sao Pauloko Santa Marta txabolategian ekin zion elkarte berriak 1994an, eliza katolikoak lagatako egoitzan, ehungintzako enpresa batek oparitutako bost ordenadorerekin, eta Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) bateko boluntarioek lagunduta. Komunikabideen oihartzuna lortu eta berehala 600 ikaslek eman zuten izena. Bertako irakasle boluntarioekin funtzionatzen zuen, hiru hilabeteko ikastaldiak ordutegi malguetan eskainiz.
Azkar batean Brasil osora zabaldu dira eskola hauek. Mendea bukatzerako, CDI erakunde sendo eta famatua zen Brasilen. Eskolen koordinazioa 40 kide bolondresez osatu zen, eta denborarekin GKE egitura eman zioten. Zuzendaritza batzordearen ondoan, bederatzi komisiok kontrolatzen dute egunerokoa: batek irakasleen entrenamendu eta zertifikazioa, besteak auzoetako mugimenduekin hitzartzea eskola berrien sorrera, besteak diru-laguntzak, honek ekipamenduaren mantenua, horrek komunikazioa, eta abar.
Rodrigo Baggiok hasieratik aldarrikatu du eskola bakoitzak bere burua ordaindu behar duela. Irakasleak gaur egun pagatuak dira eta horien soldatak hein batean ikasleek beren kuotekin ordaintzen dituzte. Ikasleei eta ikasle ohiei proposatzen zaie eskoletako ekipamenduak –lanorduetatik kanpo– auzoetako gizarte ekintzetarako erabiltzea edo baita lanpostu txiki berriei hasiera emateko ere.
Bitniks aldizkariak duela hiru urte publikatu zuen Rodrigo Baggiori egindako elkarrizketa. Hartan ageri den gizonak Gandhi, Martin Luther King eta Jesukristo aipatzen ditu bere erreferentzia nagusitzat. Ez da kapitalismoaren alde ageri, baina kapitalismoa ere humanizatu daitekeela uste du. Sistema politikoa berdintsu zaiola dio. “Gure negozioa ez datza arraina ematean, gurea arrantzan egiten irakastea da, arrantzu-negozioa antolatzen erakustea”. Aldi berean, bistakoa da Brasilen gosea ere badagoela, berehala konpondu beharreko gosea, baina Baggioren ustez ez da dena utzi behar geldirik gosea konpondu arte. “Brasilgo ipar-ekialdean, landa-eremuetan, oinarrizko arazoak dauzkagu, janariak, ura, saneamendua. Baina hiri ertain eta handietan jendea ez da orain gosez hiltzen. Pertsonak aukerarik ezagatik hiltzen dira. Aukerarik ezak daramatza gizakiak kriminalitatera, marjinalitatera eta hortik heriotzara.
Elkarrizketa egin ziotenean Baggio kanpainan ari zen 500 ordenadore Pentium lortu eta eskolarik zaharrenetan 486 motatakoak ordezkatzeko. Geroztik,
IPSko Mario Osava kazetariak kontatu digunagatik –Bushen konbidapenari muzin egin diola–, arrakastak ez dio Baggiori militante espiritua erabat zimurtu. Kazetariak dio lider honek bere eskola mugimendua Paulo Freireren “zapalduaren pedagogia”n oinarritu zuela. Bitxi egiten da Paulo Freire informatikari baten ahotan... Ona denak irauten du.
http://www.argia.eus/nethurbil.php
helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.