argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
2013ko maiatzaren 03a

Jon Iruretagoienak Xirika aldizkarian, Ipar Euskal Herriko dantza taldeen egoeraz: «Udako erakustaldiek garrantzi handia dute, dantza taldeak biziarazteko dirua ekartzen baitute. Oso penagarria dena da, dantzari batzuek, udan bakarrik dantzatzen dutela, betiko erakusgarrian. Aitzinapauso bat egin behar dugu, dantzariak, urtean zehar, espresatzeko lekua izan dezan, sorkuntzak plantan emateko eta dantza desberdinak erakusteko ere bai».

 

Garikoitz Mendizabal txistulariak Nabarra aldizkarian: «Txistuaren instituzionalizazioa gertatu da, are gehiago txistulari gehienak kontserbatorioetatik irten garenean eta plazak lortzeko posibilitatea egon denean. Modu horretan sosak ziurtatuta dituzu, gehiago edo gutxiago egin eta horrek lasaitzera eramaten zaitu. Hobetu, aldatu eta beste batzuekin elkarlanean aritzeko grina hori sumatu ahal izan da beste instrumentu batzuetan, hein batean, soilik kontzertuetatik-eta bizi izan direlako, eta txistulariek ez dugu hori egin».

 
 

Unax Ugaldek Gaur8.infon: «Paparazzien kontua hor dago, baina interesatuek eurek deitzen dietelako egoten dira etxe aurrean zain, eurek sortzen dute tentsio hori. Gaur egun hedabideetan jende asko dago ezertaz hitz egiten ez duena, euren nartzisismoak bultzatuta. Aldiz, zuk nahi ez baduzu, errespetatzen zaituzte (...) Filmen estreinaldietara edo festa batera joaten naiz lagunen bat proiektu horretan badago eta gonbidatzen banau. Baina badaude gauero festarik festa ibiltzen direnak, lana hor lortuko dutela pentsatuz, eta ez da horrela; proiektuak egunez ateratzen dira aurrera».

 

Karlos Linazasorok Berrian: «Argi dago ez naizela komunikatzaile ona. Poemak irakurtzen ez naiz ia inoiz aritu. Ez naiz horretarako gai. Philip Larkinek esaten zuen poesia ez dela errezitatzeko, irakurtzeko baizik. Errezitatzerakoan, entzuleak ez baitu laurdenik ere harrapatzen. Abestiaren bidez emateko balio du poesiak, baina poesiak errezitatzen entzuten jendea asko aspertzen da».