Murumendiko Damazuloan

  • Basoko Marie, Aldureko Marie, Txindokiko Mari, Mari Munduko, Puyako Maya, Mari Muruko, Mari-mur –Mamur–, Marije Kobako, Mariarroka, Muruko Damea, Aralarko Damea, Putterriko Damea, Anbotoko Dama, Aketegiko Damea, Ilunbetagainako Dama, Anbotoko Señora, Aketegiko Sorgina... Izan bakarreko sorginak baditu mila izen Euskal Herrian. Baita izen adina bizitoki ere agian, izan ere, berrogeitik gora omen dira Euskal Herrian Marik dituen ‘etxeak’. Haietatik ezagunena Anbotoko koba den arren, gaurkoan Murumendikora abiatuko gara.
     
    Norbaitek esan zuen bezala, Murumendira edozein lekutatik joan daiteke. Baina normalena Goierritik abiatzea da, Beasaindik –Usurbe aldetik–, Ordiziatik –Garagartza plazatik–, edo Itsasondotik –Aldaolatik edo Urkiatik–. Gu Beasaindik abiatuko gara, erraza izan ez arren, Damazuloa aurkitzeko modu errazena bertatik joanda delakoan.
Murumendiko Damazuloa
Iñaki Apalategi
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Horretarako Beasaingo elizara inguratuko gara autoz. Hura aurretik pasa eta errebuelta baten ondoren aurkituko dugun bidegurutzean, gorantz doan bidea hartuko dugu, Usurbe aldera igotzeko. Errepidea ona da eta aldapa pikorik gainditu gabe iristen da Erauskin auzora arte. Bertan, kolpetik, bidea gaiztotu egiten da, eta autoaren martxa motzenak erabiltzeko agintzen digu, Agortara heldu arte. Agorta Usurbeko gainera heldu aurretik dagoen plazatxoa da; bertan errepidea asko zabaltzen da eta badaude hainbat txoko aparkatzeko. Errepidea porlan bide bihurtzen denetik kilometro eta erdira dago. Oinez iristerik ere badago baina bidea ez da bereziki erakargarria; errepidea eta aldapa handiekikoa. Malda horien amaieran Usurbe dago, Goierriko ikuspegi panoramikoa duen mendia. Sekula inguru horietan egon ez denak estimatuko du ikuspegia.
 
Normalean ez da arazorik izaten Agortan autoa uzteko, baina bada asteburu bat hara iristeko lanak ematen dituena: iraileko lehena. Beasainmendiko jaiak ospatzen dira orduan, eta Agortan festa izaten da; kirol proba, trikitilariak, bertsolariak eta herri bazkaria. Asteburu horretan Murumendira joan nahian abiatzen dena, ziur aski bidean geratuko da. Kontuak kontu Agortatik hiru bide abiatzen dira, gu ekarri gaituen porlanezkoaz gainera. Hiru horietatik, ezkerrekoa topatzen zaila da, eta guk agian bi ikusiko ditugu. Erdiko bidea da hartu behar duguna, gorantz doan bide aldapatsua, harri eta teilazkoa. Handik oinez hasiz gero ez dugu galtzeko aukerarik izango puska batean. Bideak hiru aldapa eta beste hainbeste ordeka tartekatzen ditu, eta horien ostean, oinez ordu erdi eskas, Larrarteko lepora helduko gara. Bertatik ezkerrera doan bidea Mandubi aldera doa, eta eskuinekoa, berriz, Murumendira joaten da zuhaitz artetik. Damazulora joateko, ordea, aurrera doan bidea hartuko dugu, Mallutzeko belarditik doana. Handik kilometro bat baino lehenago, pagadia bidearen ezkerrean daukagula sumatzen dugunean, hesia igaroko dugu –zutik baldin badago–, eta basoan sartuko gara. Hor hasiko da abentura: basoan sartu gara, bide garbirik ez dago, eta dagoenean hostoek ezkutatzen dute. Behera bide zuzenetik joateko komeni da argi ibiltzea eta senari jarraitzea. Basoan sartzen garen tokitik metro batzuk beherago, berezko ubide bat ikusiko dugu. Ubide horri jarraitu behar diogu, beldurrik gabe. Bide markaturik egon ez arren, ez dago galbiderik.

Orbelak estalitako atsedenlekua

Ubidean behera goazela, abiatu eta segituan iturri zahar bat aurkituko dugu, arreta jartzen baldin badugu. Izan ere, eskailerak, eskulekua, eta bankua dauzkan atsedenlekua izan arren hostoek ederki ezkutatua izaten dute. Iturria Aitzgorri Mendizale Elkarteko kideek egin zuten 1960an, oraindik ere Beasaingo Kirol Elkartearen izenean, besterik ez baitzegoen orduan.

Damazuloa lurraren erraietara

Iturritik aurrera segi eta ubidea errekatxo bihurtuko da. Guk haren ondotik jarraituko dugu, hogei bat minutuz, hartxintxarrezko bide batera iritsi arte. Bidea errekarekiko perpendikularra da, beraz, nahitaez iritsiko gara. Hartxintxar bidera iritsitakoan eskuinaldera hartuko dugu eta begi bat bidearen ezkerraldera begira mantenduko dugu. Izan ere, 500 metro baino lehenago Damazulora doan bidezidorra abiatzen da, baina bidezidorra seinalatzen duen kartela jada ez dago zutik. Handik metro gutxira aurkitzen da zuloa, bertaratu arte ikusiko ez dugun arren. Izan ere, kareharrizko mendietan edonon aurki daitezke zuloak, basoan izanda ere.
 
Konturatzerako lurraren erraietara doan zulo baten parean aurkituko gara: aurrean dugu Damazuloa. Mari Ama Lurraren pertsonifikazioa da, eta zuloaren itxura ikusita, edonork sinesten du lurrean bizi dela. Ez da oso zulo sakona, baina segituan iluntzen dena bai, eta beraz, linternaren bat –edo kopetako argia– eramatea komeni da barrua ikusi nahi izanez gero. Miaketetan hasten denak, agian zuloan sorpresatxoren bat ere aurkituko du gainera, baina zer den jakiteko bertara joan beharko du, eta zortea eduki. Sartzera ausartzen bazarete, ez ahaztu irteterakoan atzeraka eman behar direla pausoak, Mariri ezin zaio eta bizkarrik eman.

Beste zuloa

Damazulotik irten, eta berriro ere hartxintxar bidera bueltatuko gara eta ezkerrera jarraituko dugu. Segituan, bideak ezkerrera egiten duen tokian, eskuin aldera abiatuko gara basoan gora. Lehen jaitsitako bidea igotzea tokatzen zaigu orain.
Bi malda elkartzen diren tokitik gorantz joan behar dugu. Ubiderik ikusi ez arren handik oso denbora gutxira entzungo dugu ur hotsa, eta lurrean zulo ikusgarri bat topatuko dugu, basoa sorgintzen duena. Kontu pixka batekin zuloan behera jaitsi gaitezke han dagoen enbor fin bati helduta, une batez han gaudela ahazteko. Jaisten bagara, zuloak oraindik ere aurrera jarraitzen duela ikusiko dugu, auskalo noraino; normala da, ura tartean izanda. Batzuk diotenez, zulo hau Damazuloarekin komunikaturik dago.
 
Basoan gora jarraituko dugu, harik eta ongi zapaldutako bidera heldu arte. Hor hiru bide aurkituko ditugu: parekoa Ordiziara, ezkerrekoa Murumendiko haginera, eta eskuinekoa Murumendi magalera. Pare bat minutu baino ez dira behar Murumendiko haginera iristeko, baina bertara heltzean tokiak haginean esertzeko eskatzen du eta, Izarraitz aldera begira, denbora ihesi joan dakiguke. Hamaiketakoa egiteko oso leku egokia da hau, Murumendiko gaina baino lasaiagoa jende aldetik, eta mistikoagoa ere bai.

Murumendiko magalera

Tripazorriak baretuta, buelta hartu eta Murumendiko magal aldera abiatuko gara. Basoan zeharretara doan bidea da hau, ongi markatua. Basotik atera arte jarraituko diogu, orduan Murumendiko bidearekin elkartzen baita, pinudi txiki baten aurrean. Ezkerrera egingo dugu, ia Murumendin bertan gaude eta. Langa bat igaro, aldapa bat igo, eta gainean izango gara, Aralar gertutik ikusiz gozatu ahal izateko. Bertatik ikusten diren mendi guztiak zeintzuk diren, zenbateko garaiera duten, eta zein distantziara dauden esaten digun orientazio mahaia ere badago gainean, eta eguraldi ona bada behintzat, denbora apur bat pasako dugu horri begira.
Murumenditik Agortara joatea oso erraza da: azken bidegurutzeraino bueltatu, eta lehenago etorri garen bideari kasurik egin gabe besteari segi behar zaio. Handik gutxira Larrarteko lepora iritsiko gara, eta Agortara gero.
 
Ibilbidean Muruko Marirekin topo egin ez duena, egon dadila lasai: urtero, maiatzean –aurten 18an–, Beasaingo festak hasteko, Mariren jaitsiera izaten da herriko plazan. Sua piztu eta inguruan sorgin dantza egiten dute herritarrek, Mari Murumenditik jaisten den bitartean. Horrela, sorgina sutan erretzen dute (ala ez?). Gehiago jakin nahi duenak, bertara joan beharko du.

Azkenak
Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Irutxuloko Hitza
Donostiako musika teknikari ezagun bat salatu dute hainbat emakumek, sexu jazarpenagatik

Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


2024-11-28 | Leire Ibar
Tolosan Ertzaintzak pilotakadaz zauritu zuen gaztearen kasua artxibatu dute, biktimak deklaratu aurretik

Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.


Eguneraketa berriak daude