Bizikletan ibiltzera goazenean, ibilbidea ezagutzen ez badugu, aurrez errepide mapak kontsultatzea lagungarri izan daiteke, erreferentzia bezala puntu batzuk markatu eta bidea errazago egiteko. Ibilbidea laua bada, osteratxoa lasai antzean egiteko horrekin nahikoa izan daiteke, baina tartean mendaterik badago, datu gehiago izatea komeni da, aldaparen zailtasun maila ezagutu eta indarrak neurtzeko. Frantzia eta Espainiako estatuetako mendateei dagokienez, www.altimetrias.com munduko web gune osatuenetakoa da. Uribarrik eta Guazak neurtutako mendate bakoitzaren kilometroz kilometroko altimetria erakusten duen grafikoa du. Pendizaren ehunekoak agertzen dira bertan, baina baita bidean aurkituko ditugun puntu interesgarrienak ere: zubiak, iturriak, tabernak, bidegurutzeak… Halaber, mendatearen kokapena zehazten duen mapa, errepidearen egoerari buruzko datuak, igoeraren deskribapena eta argazkiak ere aurki daitezke.
Aldapa erasotzeko arma nagusia, pazientzia
Aldapak neurtzera doazenean, Uribarrik kilometro-kontagailua eta burbuilazko klinometroa –unean uneko aldapak neurtzeko– eramaten ditu bizikletako eskulekuan; ezkerreko eskumuturrean altimetroa eta atzeko poltsikoan grabagailu txiki bat. Ehun metro egiten dituen bakoitzean, grabagailua atera eta distantzia eta altitudeari buruzko datuak grabatzen ditu. Gainera, mendatea igotzen ari dela gauza interesgarriak ikusten baditu, gauza bera egiten du: “Iturria bidearen ezkerraldean, apur bat aurrerago taberna, bihurgune oso itxia, basoan sartzen gara, hemen haizeak gogor jotzen du, errepidean zuloak daude…”. Eta argazkiak ere ateratzen dituzte. Soilik maldek %17-18ko pendiza dutenean uzten dio Uribarrik hitz egiteari, bestela desorekatu egingo litzatekeelako. Halakoetan, zatirik gogorrena pasa, behar izanez gero bizikletatik jaitsi eta buruan hartutako datu guztiak arrapaladan botatzen ditu. Etxera itzultzean, Guazak datuak Excel taula batean jaso, mapa topografiko zehatzekin kalibratu eta altigrafiak diseinatzen ditu (paint programan).
Pendizen ehunekoak kilometroz kilometro jasotzen dituzte grafikoetan eta ondorengo formula erabiltzen dute neurketak egiteko: Pendiza (%) = (igotako metroak, altitudea / ibilitako distantzia) x 100. Mendateek duten zailtasuna erakusten du emaitzak, baina ez da ahaztu behar bestelako faktore batzuk ere aintzat hartu behar direla aldapa batzuei ekin baino lehen: unean uneko sasoi puntua, eguraldia, alboan izango ditugun lagunen exijentzia maila, mendatearen luzera, altitudea, gure bizikletaren plater eta pinoi kopurua…