argia.eus
INPRIMATU
Idia eta harria
  • Batasunak Euskal Herriko esparru berrirako proposamena aurkeztu zigun Iruñeko Anaitasuna kiroldegian; martxoaren 3an. Eduki eta beste kontu batzuetan sartu aurretik, komeni da “Euskal Herri berria” proposamenak ezker abertzale ofizialeko zuzendaritza guztien babesa eta onespena duen ala ez jakitea. Barajasko atentatuaren ondoren, proposamen honek eta beste edozeinek ez dute ibilbide politikorik izanen, baldin eta ez bada garbi uzten proposamenaren helburua gatazka politikoa bideratzea dela, eta horretarako aldez aurretik ETAren amaiera bermaturik behar duela egon, zuzenean erakundearen bidez edo zeharka Batasunaren eskutik. Ezker abertzale tradizionalarentzat harritzar handiegia da ETA. Lotura hori askatzen ez duen bitartean, zama handiegia izango du politikagintzan. Ez du harritzar hori zertan hautsi beharrik, probalekutik kanpo uztea aski du.
Xabier Gurrutxaga 2013ko maiatzaren 03a
Xabier Gurrutxaga
Alberto Elosegi
Ezker abertzaleak zinez nahi badu bere proposamena aintzat hartua izatea, ezinbesteko zaio behin betirako onartzea ETAren amaieraren truke ezin duela prezio politikorik eskatu. Garbi eduki behar du, gure kasuan, indarkeriaren amaiera normalizazio politikoaren aurretik beharko duela etorri eta ez alderantziz.
 
Ikuspuntu politiko eta juridikotik begiraturik, proposamenean lurraldetasun printzipioaren lehentasunari buruzko ukazio nabarmen bat dago. Proposamenean, Euskal Herriaren izaera politikoa bakarra aitortzen da, baina juridikoki herri politiko bakar hori bitan edota hiru partetan antolatua gelditzeko aukera aurrikusten da herritarrek kontrakorik nahi ez badute behintzat. Hegoaldeari begiratuz, apustua lau lurraldetako autonomia aldeko izanik ere, Nafarroari eskubide osoa aitortzen zaio beste lurraldeekin batera egoteko edo, hala nahiko balute nafarrek, gaurko autonomian bakarrik jarraitzeko. Alde horretatik esan behar da proposamenak ohiko ezker abertzalearen proiektua demokratizatu egiten duela, izan ere, herritarren borondatean oinarritutako printzipioak lurraldetasunarenak baino balio handiagoa hartzen baitu. Anaitasunako proposamenaren bideragarritasun juridikoaz mintzatuko bagina, besterik gabe gai horrek Konstituzioaren xedapenetara garamatza eta konkretuki behin-behingozko laugarren xedapenera; bertan aurrikusten baita Nafarroak Euskadiko erkidegoarekin bat egiteko jarraitu beharreko bidea. Ez dezagun ahantzi juxtu xedapen hori dela UPNk orain betirako ezabatu nahi duena. Ongi etorria bedi ezker abertzalearen “errealismo berria”. Besteok, botoak egin ditzagun errealismo zipriztin hauek ezker abertzale osoa busti dezaten. Ia behingoz harritzarraren zamarik gabe ezker abertzaleko idia besteekin eta besteen aurka demalekuan lehiatzeko gai den.