argia.eus
INPRIMATU
Emakumeak
Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 03a
Emakumearen berdintasun eta duintasunaren aldeko bi aldarrikapen izan ziren aurreko astean Euskal Herrian. Batetik, EHNE nekazari elkartearen baitan duela hamasei urte sortutako Gipuzkoako EBELeko emakume baserritarrek bilera orokorra izan zuten. Eta bestetik, 8an, emakumeak kalera irten ziren beren aldarrikapenak erreklamatu eta eguneratzeko. Emakume baserritarrek baserritar izaten jarraitu nahi dutela azpimarratu zuten eta beren lana, duintasuna eta berdintasuna onartua izan dadila, beren eskubide guztiekin, Gizarte Segurantza barne, gizonezkoen antzera. Emakumeen mugimenduek eta sindikatuek ere eskubide horiexek berak erreklamatu zituzten martxoaren zortziko mobilizazioetan. Sistema ekonomiko-politikoa salatu zuten, lan ezegonkortasuna eragiten baitu, eta inoiz baino gehiago, lanak emakume aurpegia du. Berdintasunari buruz dihardutenean politikarien alferrikako “berriketak” ere salatu zituzten. Hitzetatik ekintzetara pasatzea exijitu zuten. Horretarako, duintasuna errespetatzeko eta berdintasuna ezartzeko, neurri politiko eta sozial eraginkorrak behar dira; emakumeentzako ere lan duina sortzeko, lan bera duten gizonen soldata berdintsuekin. Gizartean emakumeen marjinazioa eta pobrezia errotik kentzeko. Eguneroko politika eraginkorrak behar dira horretarako. Ardura hori, batez ere, politikariei eta Gobernuei dagokie.