argia.eus
INPRIMATU
Amerikako egutegirik zaharrena topatu dute
  • Science aldizkarian joan den astean argitara emandako artikulu batean, Chankillo-ko (Peru) eguzki behategia kontinente hartako egutegi fisikorik handiena dela adierazten da. Orain 2.300 urte eraikitako dorre iladak nekazal aroak eta jai erlijiosoak zehazteko balio izan zuen.
     
    Chankillo Limatik iparraldera, 400 km-ra dago eta k.a. IV. mendean iparretik hegora lerrokatuta eta mendixka baten gainean eraikitako hamairu dorreak misterioa izan dira orain arte.
     
    Leicester-ko (Erresuma Batua) unibertsitateko Ivan Ghezzi eta Clive Ruggles ikerlariak izan dira enigma askatu dutenak. Hasieran dorreak gotorleku edota eraikin erlijioso baten hondakinak zirela uste zuten; baina ikerketak aurrera egin ahala, dorreak garbitu eta, eraikinen lerrokapenak eguzki egutegi erraldoia osatzen dutela agerian geratu da.
Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko maiatzaren 03a
Behategiak hiru zati ditu: hamairu dorre eta behatzeko eraikin bi. Dorreen luzera bi eta sei metro artekoa da eta bosna metroko aldea dute batetik bestera. Behetik gora igotzeko bina eskailera ditu bakoitzak, bat iparraldean eta bestea hegoaldean. Guztia murru eta ateez inguratuta dago.
 
Behatzeko eraikinak dorreen eskuin eta ezkerraldean daude, hau da, ekialdean eta mendebaldean eta horietatik eguzkiaren higidura jarrai daiteke.
 
Dorreen alde bietara jarritako behategietako horma-zuloetatik sartzen diren argi-izpiek uda eta neguko solstizioak eta ekinozioak zehazten dituzte; alde batekoak eguzkiak eguna argitzean eta besteakoak eguzkia ezkutatzean.
 
Uste denez egutegiak garrantzi kultural handia izan zuen bere garaian. Izan ere inguruan ontziak, estatuak eta tresna ugari azaldu dira eta horiek jendeak egindako eskaintzak direla uste dute adituek.
 
Eguzki-zikloari lotutako errito eta jaiak ondoan dauden eraikin erlijiosoetan ospatzen zituzten, baina eguzkia behatzeko lana nagusi edo gerra buruzagiei baino ez zegokien. Ohitura horrek 2.000 urte beranduago Inken garaian ere jarraitzen zuen; horren lekuko dira topatutako gerra irudiak.