Bitxia da, baina gatazkak konpontzeko prozesuetan sarri gertatzen den bezala, etsaiek elkarren beharra izaten dute. Zapaterok ENAMen beharra du bere legealdiaren gai izarra dena –Euskal Herriko gatazka bortitza konpontzearena– aurrera ateratzeko eta, bide batez, PSOE boterean mantentzeko. Eta ENAMek Zapateroren beharra du, datorren urteko Espainiako hauteskunde orokorretan PP PSOEri gailentzen bazaio negoziazioaren atea berriz urte luzez itxita geratuko delako.
Zapaterok oraingo bere keinua egin du eta ETArena da orain espero dena, azken bi asteetan aipatzen ari baita erakundea agiria kaleratzear dela. ETAk ezin du errepikatu Barajaseko atentatua bere gain hartu zueneko mezua, balio erantsiren bat eman beharko dio agiriari, baina logikoena da beste urrats txiki bat izatea, ETA eta Gobernuaren arteko keinu elikatzea posible egingo duena.
ETAk ez du su-eten ‘iraunkorra’ behin-betikoa egingo. Ezin du, eskatzen zaion bezala, borroka armatua utziko duela iragarri eta kito. Hori ez da errealista. Borroka armatua prozesu politiko baten ondoren uztea, hori da errealista eta horretarako prozesu hori keinuz elikatu behar da. Fase horretan gaudela dirudi. Azkenean, beste kontu bat izango da prozesu politiko horren edukiak noraino bermatuko dituen euskal gizartearen erabaki eskubidea eta lurraldetasuna. Baina gauza bedi lehenbizi arrakastaz prozesua eta hori beste eztabaida bat izango da. Iñaki de Juanarenean arras interpretazio desberdinak egin dituzte Espainiako Gobernuak eta ezker abertzaleak, ezta? Bada horixe.
Elikatze kontuetan urratsak ematen jarraitzen duena Batasuna da, oraingoan gehiago barrura begira. Anaitasuneko proposamenaren mamia ezaguna zen eta alde horretatik ez da berrikuntzarik izan larunbateko ekitaldian.
Euskal Herriko hegoaldeko autonomia proposamenari begira, zehazteke dagoena da ea zer eskatzen zaion PSOEri prozesu politikoak arrakasta izan dezan, sozialistek ere –hemendik urte batzuetara bada ere– proposamen hori defendatu dezatela, edo, besterik gabe, aukera hori gauzatu ahal izateari ateak irekitzea. Bitxia bada ere, autonomia proposamena egin denean eta berau inguratu duen hausnarketan, ez da Espainiako Konstituzioa moldatu beharrari buruzko aipamenik egin. Hori bera ere pista bat izan liteke, ezker abertzalean Konstituzioa moldatu beharra aldarrikapen historikoa izan baita.
Markel Olanok ordezkatu du azkenean Jon Jauregi. Alderdi politikoetako barne miseriak aspaldian ez bezala gizarteratu dira EAJren barne gatazka honetan, baina egon hor daude beste askotan ere. GBBko barne oposizioak aizkorarekin erantzun du oraingoan, eta denak adierazten du aizkorakadak hor izango direla gutxienez 2008aren hasieran EBB berria hautatu arte.
Harrigarria bada ere, EAJko sektore batzuek nahiago dute alderdiak datozen hauteskundeetan emaitza eskasak izatea, horrekin GBB ahultzea lortzen badute. Gizarteari begira hori da islatzen ari dena.