Dani Blanco
Eta aurreraxeago erantzuten din: “Gertatzen dena zera da, gutako bakoitza bakarren baten beldur dela, edozein mozkorrek, bost urteko haur batek, edozein momentutan métèque dei gaitzan eta guk –ezer– ez erantzun ahal izatearen beldur”.
Aurreko batean, hezkuntzari eta atzerritarrei buruzko telebista saio baten aurrean izanez, eta askotan irakaskuntzaz hizketan kalaka dihardugunean, sentitzen dinat Marina Ttsvietaievaren erantzuna ene larrura azaleratzen: “Ez ote din euskaldunen mendeetako miseriak populatu Amerika?”, pentsatzen dinat. Errotu al dun egunerokotasunean, teorian hain ausarki eta hain goitik aldarrikatzen den mestizaiari eta aniztasunari buruz, dioguna?
Eta gure herrian ere atzerritar sentitzen naun. “Momentu batzuetan aberria atzerria bera baino askoz ere arriskutsuagoa da” esaten din Marina Tsvietaievak. Batzuetan euskaldun izaten uzten ez digutenak berak ziruditen kupidabakoen; batzuetan, baztertuenen eta globalizazioaren aldekoenei zerien mesprezurik handiena. Hainbatetan, balizko euskaltzaletasuna defendatzeko eta besarkatzeko biltzen ditugun besoek ziruditen itogarri eta itotzaile. Neu ere beldurtu egiten naun.
Ez ote dinagu ikasi euskaldunok, gure herrian geure hizkuntzan atzerritar sentitzen garenok, ez direla beste gu bezalako atzerritar sentiarazitakoak gure kontra ari direnak; ahaztu egin ote zaigun Marx-zale zaharrei azpiegitura eta gainegituraren eragina gizabanakoen gain; ahaztu egin ote zaigun lehen mundukooi gure aitona-amonak txatarra biltzen ibili direla Euskal Herriko ibaietan; eta hori guzti horretaz ahaztuta izan ote gaitezken irakasle, ausartuko ote gaitun geletan, gainera, geografia eta historia erakustera?
Etorri naun lanera eta ezin etsi izan dinat hiri, irakasle lagun hori, gutun hau bidali gabe: “Maite ditinat maite gure bazterrak lainoak izkutatzen dituenean...”.