Behetik hasi zen La Argentina. Hamairu urterekin Madrilgo Apolo antzokian hasi zen korista moduan. Zarzuelan jardungo zuen ondoren eta Romea antzokian, ostegunetan, bere saio propioa lortuko zuen aurrerago. Ateneoko intelektual gazteak gustuko zuten Mercéren artea, baina kontaktu horiek oraindik ez zioten bere karrerari mesede handirik egiten.
Hogeita bat urterekin atzerrian dantzatu zuen lehen aldiz. Portugalen izan zen lehenik eta Parisera joan zen gero. Baina Moulin Rougeko lehen emanaldi hark e zuen oihartzunik izan. AEBtan bai, arrakasta handia izan zuen. 1918an Espainiara itzuli zenean nazioarteko artista ezaguna zen. Baina orduko munduko hiriburu kulturala, Paris, konkistatzeko zeukan oraindik.
Eta apustu arriskutsua egin zuen. Pastora Imperiok Manuel de Fallaren El amor brujo estrinatua zuen Parisen; porrot handia izan zen. Bada, Mercék obra bera moldatu eta 1925eko maiatzaren 22an estreinatu zuen Frantziako hiriburuan. Arrakasta izugarria lortu zuen, Parisen lehenik eta Europa osoan eta Ameriketan gero.
Antonia Mercék bere begi berdeak erakusteko kapela atzera botatzea erabakitzen bazuen, kapela eramateko modu hori moda bilakatzen zen. Coco Chanel eta Jean Patouk jantziak propio egiten zizkioten. Elegantziaren paradigma zen La Argentina eta etxean, Espainian, 27ko belaunaldiaren artista kuttuna. “Ijitu kontuak” zirenak eszenatoki prestigiotsuenetara eraman zituen.
Bere artearen erroak ez zituen inoiz baztertu eta, flamenkoaz gain, beste folklore adierazpen batzuk ezagutarazi eta bultzatzeko ahaleginean jardun zuen beti. Euskal folklorearen kutsu liturgikoa, solemnitatea, sakontasuna maite zituen. Horregatik egin zioten omenaldia euskal dantzariek Donostian.
Jaialdia amaituta, iluntzean, ondoezik sentitu zen dantzari handia. Baionatik gertu zuen Miraflores etxera itzultzea erabaki zuen. Muga pasa eta etxera iritsi baino lehen hil zen Antonia Mercé. Hurrengo egunean egunkariek ez zuten halako galera garrantzitsua jasoko. Bera hil baino ordu batzuk lehenago gerra piztu zen Espainian.