Vasco Pratoliniren Maitale koitaduen kronikak eta Isaak Babelen Zalditeria gorria liburuak kaleratu dituzte euskaraz, Literatura Unibertsala bilduman. Lehen Mundu Gerran girotutako bi lanak Koldo Bigurik (italieratik euskarara) eta Olga Martinez Marigortak eta Roberto Serranok (errusieratik euskarara) itzuli dituzte, hurrenez hurrena.
Jose Luis Ramirez argazkilariak Ibai Biziak liburuan bildu dituen irudietako batzuk jarri ditu ikusgai Iruñeko Contraluz galerian. Nerbioi eta Ibaizabal ibaien argazkiez osatutako erakusketa hilaren 27a arte izango da zabalik.
Alberto Gorritiberearen Eutsi euskarazko filma martxoaren 9an estreinatuko dute. Besteak beste Anjel Alkainek eta Asier Hormazak hartu dute parte Irusoinek, Baleukok eta Barton Filmsek ekoitzi duten filmean
Koldobika Jauregi eskultoreak, Xabier Morras pintoreak, Xabi Otero argazkilariak eta Fito Rodriguez idazleak Praileaitzen Lagunak elkartea sortu dute, Debako kobazulo hori babesteko asmoz. Izan ere, haitzulotik gertu dagoen harrobiak kobazuloan kalteak eragiten dituela diote elkartearen sustatzaileek.
Kea ganbera abesbatzak izen bereko diskoa kaleratu du. Abesbatzaren hirugarren lanak musika eta pintura uztartzen ditu. Keak azken hamar urteotako errepertoriotik hautatutako piezak eta Jon Santos pintorearen ilustrazioak bildu ditu disko-liburuan. Argitalpen berezia da. 999 ale atera dituzte, eta denak ezberdinak dira.