argia.eus
INPRIMATU
Hortzak laborategian haztea lortu da
  • Tokioko Zientzia Unibertsitateko Takashi Tsuji ikerlariak zuzendutako ekipoak hortzak landatu ondoren saguen ahoan txertatu eta haztea lortu du.
     
    Denok dakigu zer gertatzen den hortz edo hagin bat txartzen zaigunean; hortza oso kaltetua badago, kendu eta ordezko artifiziala jartzen digute.
     
    Tsujiren taldeak hainbat zelula epitelial eta mesenkimatoso, hau da, hortzen oinarria osatzen dutenak, in-vitro biderkatzea lortu du. Ondoren zelula horiek kolagenozko oinarri batean kokatu eta handik egun batzuetara hortz-muinak hazi dira. Azkenik muin horiek hortzen baten faltan zeuden saguen ahoan kokatu eta hortz berriak sortu direla ikusi da.
Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko maiatzaren 03a
Otsailaren 18an Nature Methods aldizkarian argitara emandako artikuluan hortza osorik sortu dela adierazi dute, hots, hortzarekin batera behar diren pulpa, nerbio-konexioak eta odola zirkulatzeko tutueriak.
 
Une honetan sistema bera aplikatzen ari dira beste organo batzuk birsortzeko eta oso itxaropentsu agertu dira. Orain egiten ari diren ikerketa faseko emaitzak onak badira, espero duten moduan, gizakion organoekin hasiko dira lanean.
 
Esan gabe doa, arrakasta izanez gero, gizakiarengan modu anitzetara aplikatu litekeela metodo hau.

Antartikoko iturgintza sistema

Sateliteei esker ikerlariek izotz azpiko laku-sare handia topatu dute Antartikoan. Batez ere, glaziareak astiroen mugitzen diren lekuetan daude. Eta ikerlarien aurreneko hipotesien arabera, oso eragin garrantzitsua izan dezakete kontinentetik ozeanorantz ateratzen diren izotz-pusken mugimenduan.
 
NASAko ICES sateliteak emandako datuak aztertu ondoren, AEBetako Scripps Ozeanografia Institutuko Helen Fricker-ek zuzendutako lan taldeak Antartikoaren izotz geruzaren azpialdea izotz ibaiez josita dagoela ondorioztatu eta argitara eman du Science aldizkarian. Ia 150 laku topatu dituzte, azkar bete eta husten direnak gainera.
 
Glaziologoek jakin bazekiten izotz azpian ur erreserba handiak zeudela, baina ez zituzten egitura eta ezaugarriak ezagutzen. Adibidez laku horietako batek, 300 km karratuko azalerakoa, bi kilometro kubiko ur isuri du ozeanora azken hiru urteetan eta ur honek bultza egiten ditu kontinenteetatik askatzen diren izotz puskak.
 
Orain, topatutako lakuen arteko lotura egiten duten ibaiak aztertzen ari dira horien bidez Antartikoak itsas mailaren igoerari egingo dion ekarpena aurreikusteko lagungarri izan daitekelakoan.