Ezkilore onenaren emailea ezki hostotxikia da –Tilia cordata edo bere sinonimo T. microphylla, T europaea, T. parvifolia eta T. Ulmifolia–. Geure lurralde osoan aurki daiteke beroa usu sapa izaten ez den tokietan; gustura 1.000 metrotik gora eta 2.000 artean, batik bat pagoak baina baita ere astigarrak, otsalizarrak eta haritzak lagun. Batzuen ustez loreari zor zaio izena, “eztikia”tik eratorria dela, alegia. Usain gozoa du eta erleak amorratuak; botikinerako behar izanez gero ekaina-uztailean ireki berriak soilik bildu eta leku idor eta eguzkitsu batean jarrita ahal bezain azkar lehortu. Jasotzerakoan, etxerako bada lorearen zorten itxurako braktea edo hosto luzexka laru-berdexka gupidarik gabe kendu, alfer eta alferrikako baita osagintzan; saltzeko jasotzen baduzu ez kendu inola ere, prezio berean alde ederreko bueloa eta itxura…
Hostoen zukua gozoa omen da, aurtengoan probatu beharko dugu… Fruitua zakar samarra nonbait eta ez bide da jaten duen animaliarik. Zuri-zuria duen zura ez ei du pipiak jotzen eta arina eta malgua da; azkar lehortzen da eta busti-lehorrerako arras txarra bada ere beti lehorrean izango diren piezak lantzeko –jostailu, eskalapoi, eskultura…– ona da oso. Horra hor geure aitzurraren girten eskutara gozoa. Buruz egindakoa. Ezkia erki bihurtzen duen grekoko rho hizkiak ehun zenbaki ezin borobilagoa adierazten du eta aspaldiko alfabeto semitikotik dator, bertako Rês hizkitik alegia. Hizki honek 'burua' adierazten omen du…