argia.eus
INPRIMATU
Arrastoak
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2013ko maiatzaren 03a

Tutankhamon ez zuten hil. Horixe ondorioztatu dute faraoi gaztearen momiari eskaner berri bat egin ondoren. 1968tik aurrera Tutankhamon buruan kolpe bat emanda hil zutela pentsatzen zen. Urte hartan x izpiek erakutsi zuten faraoiaren garezurraren barruan bi hezur zati zeudela. Baina nazioarteko aditu talde batek egindako azken eskaner honek erakutsi du bi hezur horiek bizkarrezurrean, burutik gertu, falta diren zatiak direla. Zatiak solte zeuden, enbalsamatu gabe. Horregatik, gorpua ehortzi ondoren hautsi zirela pentsatzen dute adituek. Ashraf Selim radiologo egipziarraren ustez, hezurrak 1922an puskatu zituzten nahi gabe, Howard Carterren taldea momiari urrezko maskara kentzen saiatu zenean. Hilketaren hipotesia baztertuta, adituek teoria sinpleagoa hobesten dute orain: dirudienez faraoiak hanka hautsi zuen, zauria infektatu eta horregatik hil zen duela 3.300 urte baino gehiago.