Iñigo Azkona
Slow cityrentzat hiria gizakientzako gune abegitsua izan behar da eta horretarako baldintza batzuk bete behar dira: 50.000 biztanle baino gutxiago izatea; ingurumena zaintzea, kalitatezko hirigintza sustatzea, tokiko kultur ondarearen babesa bultzatzea, eta abar. Honen harira munduan 60 “hiri mantso” inguru daude eta hautagaien artean, eta geurera etorrita, Mungia aipatu daiteke. Slow food izenak argi uzten duenez, fast food ereduaren antonimoa da. Zentzu honetan, tokiko jaki eta hauen prestaketa tradizionalaren alde egiten da; otorduen balio eta funtzio soziala ere azpimarratzen delarik: janariaz disfrutatzea, gastronomiaren inguruko kultura zabaltzea edota mahaiarekin lotutako solasaldiak eta elkar ezagutzak bultzatzea... Ikusi daitekeenez, nahiko era azkarrean baldin bada ere, gaur egungo ereduaren alternatiba –mugatua?– izan daiteke Slow mugimendua; eta azkenaldi honetan hainbeste garatu diren “hirigintza marbellistiko edota pozerotarrei” aurre egiten dion eredua ere bada. Era berean, Mc Menú edota Telepizzaren aurrean leku jakin bateko barazki berezi edota Tolosako babarrunen dohaiak eta aukerak –gastronomiko zein sozialak– azpimarratzen dira.
Bukatzeko, zalantza bat agertzen zait guzti honen inguruan. Denak izan al gaitezke slow hiritarrak edota slow foodlandiarrak? Izan ere, horrelako “slow bizitza” aurrera eramateko, hiri txiki eta kuttun batean bizitzeko edo jaki ekologiko eta kalitatezkoa erosteko, slow card baino hobe izango da fast –eta high– card bat edukitzea. Eta hau arazoa da… Beraz, ikusi beharko zeintzuk izango diren etorkizunean Slow planetaren biztanleak...