Zer ekarri dizu Igartza saria irabazteak?
Denbora. Gaztetxotatik idazten dut eta beti gustatu izan zaizkit bertsoa eta literatura. Azken urteotan, gainera, gehiago sustraitu zaizkit bi afizio horiek: bertso munduko lagunak egin ditut, idazteko denbora hartu dut, buruan bueltaka dauzkadan proiektuak gauzatzen saiatzen naiz... Itzultzailea naiz orain ofizioz, baina lana –Igartza saria bezala– denbora erosteko bitartekoa baino ez da niretzat; denbora, gustatzen zaidana eginez gozatu ahal izateko.
Suedian kokatu dituzu zure aurreneko liburuko kontakizunak...
Bai, baina Suediaren deskribapena egiten badut ere, geure miserien eta pozen deskribapena egiteko erabili dut. Aitzakia baino ez da Suedia, azkenean. Aitzakia inportantea, baina aitzakia: nik inporta zaidanari buruz idatzi dut, ez Suediari buruz.
Nolakoa da herrialde hura?
Paisaiak ikaragarri ederrak dira, zuriak, geldiak. Laku izoztu bat bezalakoa da Suedia neguan. Eta gero udaberriko leherketa iristen da, eta dena lehertzen da: loreak, lakuak eta pertsonak. Hango gizartea oso indibidualista da, suediarren %70 bakarrik bizi da, familia ereduak ez du hemengoarekin zerikusirik, gizon-emakumeen rolak eta beren arteko harremanak ere desberdinak dira. Eta Suedian zaudenean denak ondo funtzionatzen duela ematen du: burokraziarik ez dago... Baina dena estaltzen duen elurra urtzean, eskaleak, alkoholismoa, giza harremanen porrotak, depresioak... ateratzen dira azalera. Hori islatzen saiatu naiz liburuan, gazia eta gozoa, nire begirada subjetibotik, betiere.