argia.eus
INPRIMATU
Berbalaguna
Alarma gorria euskaldun zaharrok eragin dugu
  • Euskara hitz egiteko aukerarik ezean, sortu zen Berbalaguna (Mintzalaguna, Mintzakide izenak ere baditu) egitasmoa. Euskara ikasten ari direnek euskaldun zaharrekin hitz egiteko aukera izan dezaten. Zenbaitzuk, Lea-Artibaiko Berbalagunak kasurako, euskaldun zaharron falta nabari dute. Dirudienez, euskaldunak onak gara garrasi egiten edozein injustiziaren aurrean, aldiz, horrelako ekintza txikietan ez dugu behar adina oihu egiten. Jakin badakigu, ordea, eguneroko ekintza txikiek hobetu dezaketela euskararen egoera.
     
    Lea-Artibai Euskal Herriko  eskualde euskaldunena dela maiz  entzun behar izan dute eskualde honetako AEK-ko arduradunek. Euren erantzuna ordea, bestelakoa da: “Berbalaguna egitasmoa aurreko urteko maiatzean abian jarri genuenetik gabiltza euskaldun zaharren premian. Batzuek uste dute Lea-Artibai (Bizkaia) bailara euskalduna izanik, ezer gutxi dagoela egiteko, uste dugu euskara salbu dagoela. Oker dabil hori dioena...”.
Maider Beldarrain 2013ko maiatzaren 03a
Berbalagunak
Iñigo Azkona
Berbalagunan euskaldun berriak bezain beste behar dira euskaldun zaharrak, baina azken horien falta dela-eta Alarma gorrian izeneko kanpaina jarri zuten martxan eskualdean. Kanpainarekiko erantzuna ordea, ez zen izan espero bezain ona. Hutsune horren arrazoietako batzuk euskaldun zaharron denbora falta eta konpromiso eza izan ziren. Bea Anitua programa honetako arduradunetako bat da eta berak dioenez, “mezu deigarri baten bila joan ginen, eta uste dugu inpaktantea izan arren, ez zuela lortu guk nahi genuen guztia. Euskaltzaleen arreta nahi genuen lortu, eurak konturatzeko guztiok egin behar dugula lan euskaragatik, nahiz eta, kontrako iritziak ere entzun genituen, esanaz euskaltzaleok beti biktimarenak egiten gaudela”.
 
Egia da euskara ikasten dabilenak ez lukeela arazo handirik izango Euskal Herriko txoko batzuetan euskaraz ikasitakoa praktikan jartzeko, baina Berbalagunak bestelako zerbait eskaintzen du. Iban Rekalde ondarrutarra egitasmo honen arduradunetako bat da eta bere aburuz, “Berbalagunaren bidez bi pertsona ezezagun euskaraz hitz egiten hasten dira, baina horrez gain, euskaldun berriari bestelako mundu bat ezagutzeko aukera ematen diogu. Ziurrenik ordurarte arrotza zaion euskal kulturan barneratzen saiatzen gara”.
 
Bertako euskaldun berri batentzat euskara ikastea zaila bada are zailagoa da etorkinentzat. Iban Rekaldek honakoa gehitu du: “Etorkinei euskara ikasteko gogoa pizten zaie, gure gizartean gehiago barneratu ahal izateko”.
Etorkinak arraunean

Bikoteka euskaraz hitz egiteaz gain, bestelako formatu batzuk ere lantzen dituzte. Rekalde eta Anituaren ustetan, “sarritan hobe izaten da euskara ikasi nahi duena herriko erakunderen batean sartzen bada. Elkartea konprometitzen bada askoz ere arinago ikasten da euskara. Esan liteke zeharka barneratzen direla euskal munduan”. Ondarruko Arraun Elkartean adibidez hainbat etorkin arraun egiten ibili ziren. Rekaldek irribarrez gogoratu du: “Batzuek eskuetan babak ikusita utzi egin zuten, beste batzuek, ordea, oraindik jarraitzen dute”.
Euskaldunon militantzia falta

Berbalagunan, beste hainbat alorretan bezalaxe, militantzia falta nabari da. Bea Anituak dioen legez: “Euskal munduarekin oso sentsibilizatua dagoen jendeak hartzen du parte horrelako programetan, baina guk edonoren beharra dugu”. Euskara ikasteko gogoa euskaldun berriek jartzen dute, euskaltegiek irakasteko baliabideak eskaintzen dituzte, eta ikasitakoa praktikan jartzeko aukera guk eman behar diegu. Euskaldun zaharrok lagundu behar diegu liburu artetik atera eta kalean euskaraz berba egiten.