Euskadi Sarietan beren lanak aurkezteari uko egin dioten idazleek hainbat arrazoi eman dituzte erabaki hori azaltzeko. Besteak beste “sarion helburua ez dela literatur kalitatearen gaineko ebazpen zintzoa ematea” uste dute dokumentua izenpetu dutenek. “Aginteari otzana zaion jardun intelektual eta literario bat sortzea” leporatu diote sinatzaileek sari horiei, horretarako “antolamendu instituzionaletan behin eta berriz ageri den literatur aditu multzoaz eta zenbait erakunde gremialen dependentziaz” baliatuz.
Horrekin batera, Jon Alonsok argiako Urtekarian salatutakoaren haritik, “zenbait teknikari, kritikari eta epai-mahaikok osatzen duten literatur sistema kudeatzen duen multzo horrek, irregulartasunak egin eta ontzat ematerainoko jokabidea erakutsi” izana txarretsi dute manifestua izenpetu dutenek.
Azken urteetan Euskadi Sariak behin baino gehiagotan izan dira polemika iturri. 2003an Koldo Izagirrek, itzulpengintza alorrean finalista zelarik, uko egin zion onespen agiria sinatzeari eta sarietatik kanpo geratu zen. Hurrengo urtean Xabier Montoia eta Jon Alonsok ere uko egin zioten onespen agiri bera sinatzeari, baina epaimahaiak beren obrak aintzat hartzea erabaki zuen. 2005ean berriz, Alonsok duela gutxi aldizkari honetan eskainitako elkarrizketan azaldu bezala, onespen agiria baztertzea erabaki zuten epaimahaikide eta instituzioek.
Manifestuaren aurkezpen
bideoa ikusi.