«Epaileok ez gaude bake prozesuan, gure lanean ari gara»

  • Bilbo, 1962. Zuzenbide Ekonomikoan doktorea. Arabako Auzitegi Probintzialeko epailea. Demokraziarako Epaileak –Jueces para la Democracia (JpD)– elkarteko bozeramailea da. Hamalau urterekin hasi zen euskara ikasten, baita hizkuntz juridikoa poliki ikasi ere. ETAk hil zuen Jose Maria Lidon epailea irakasle izan zuen: “Epaile konprometitua eta aurrerakoia zen. Ikaragarria izan zen bere hilketa. Hala ere, nik terroristen eskubideak defendatu behar ditut, sarritan beste muturrekoen irainak jasan ditudan arren”. Bizkartzainekin dabil.
     
    Ezkertiarra eta aurrerakoia definitu zaigu Jaime Tapia: “Baita euskalduna ere. Euskalduna sentitu naiz nerabezarotik. Euskara ikastea herri honetako partaide izatearekin lotzen dut”.
     
    Espainiako Estatuaren Zigor Kodea gogortu zuen Jose Maria Aznar presidente ohiaren garaia gogoratu dugu solasaren abiaburuan: “Garai gogorra izan zen. Pentsaera bakarreko joera indartu zen eta aurrerakoiak garen epaileok adierazpenak egiteko une zailak pasa genituen. Legediaren aldetik lege atzerakoiak indartu ziren: zigor prozeduraren legea zaildu zen, baita, orobat, zigor zuzenbidea ere”.
Jaime Tapia
Jon Rodriguez
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.



Mariano Fernandez Bermejo Espainiako Justizia ministroa izendatu berri dute. Zer deritzozu izendapenari?


Fernandez Bermejo ez da PPrentzat egokia, jakina. PPk bere ildoko bat nahiago zukeen. Gobernuak hautatu badu, meritua eta gaitasuna dituelako izango da. Bermejoren ibilbide profesionala ezagututa, kargua betetzeko aukera ona iruditzen zait. Baina karguaren mugetan ariko da, ez da harago joango. Bere nortasuna emango dio karguari, beste zeregin gehiagorik ez. Epaitegietan independentzia eta inpartzialtasuna dago.

Alabaina, bizi dugun gatazka politikoa hizpide, zein neurrian eragiten dute epaileen jarrerek bake prozesuan?


Ez dut uste berez eragiten dutenik. Esaterako, ezker abertzaleko zenbait pertsonaren ustez eragin dugu, nik uste ordea, bake prozesua ondo finkatuta badago, eta aipatu dudan esparru sozial horretako herritarrek benetan uste badute biolentzia terroristak ez duela politikan lekurik, epaileen erabakiek are gutxiago eragingo dute. Epaileok ez gaude bake prozesuan, gu gure lanean ari gara. Erabakiak hartzen ditugu, baina ez gara pentsatzen ari erabaki hau edo hura onuragarria edo kaltegarria ote den prozesuarentzat. Erabaki okerren bat egongo den? Kasuistika arlo guztietan dago.

Justizia eta politika “zirimola” batean murgilduta bide daude. Nola atera daiteke egoera horretatik?


Espainiako Gobernua egin dezakeena egiten ari da, eta gizarte eragileek pentsatu behar dute epailetzak ez daukala politikan eragin beharrik. Zabalik dauden auziak gatazka gainditu ahala konponduz joango direla pentsatu behar dugu, auzien prozesuak agortu ahala. Gero, Gobernuaren esku izango da indultua ematea edo ez. Bake eta normalizazio prozesua ondo joanez gero, indultuak edo hirugarren graduak eman ditzake Gobernuak. Batzuen ustez, makro-sumario batzuk zuzenak ez direlako Gobernuak mahai azpiko lana egin behar luke, baina Gobernuak ezin du justizian sartu. Egokiena biolentziarik gabeko egoera batera iristea da, ondoren politika alorreko neurriak hartu ahal izateko, betiere gizartearen oniritziarekin. Atxiloketak direlako ez da aztoratu behar, justiziak bere bidea jarraitu besterik ezin du egin.

Gertaerek eragin dute. Zuk nola bizi izan zenuen, adibidez, Barajasko atentatua?


Pena handiz, noski. Pertsonalki ari naiz, herritarra naizen aldetik. Nire esperantza zapuztu egin zen, baina guk epaileok gure lanarekin jarraitu behar dugu. Su-etena izan edo apurtu bada ere, berdin jokatu behar dugu. Alegia, zenbait hedabidek orain gogorragoak izan behar dugula diote. Inondik inora ere ez. Horren aurka naiz guztiz. Zuzenbidearen Estatuak bere osotasunean jardun behar du, terroristen eskubideen bermatze lanetan barne.

Zer iritzi duzu 18/98+ auziari buruz?


1998 izenean ageri denez, denbora gehiegi pasa da, ez da egokia justizia egiteko bidean. Prozedura akatsak ere baditu antza, instrukzio lana ez bide zen ondo egin. Horrek guztiak zalantzak sorrarazten ditu. Zuzenbidearen arabera eta kasuaren muinean erreparatuz gero, zenbait absoluzio eman daiteke. Fiskaltza Egunkariaren kasua artxibatzea aztertzen ari da. Fiskaltzak ez badu argudiorik ez delitu aztarnarik ikusten, zentzuzkoa iruditzen zait auzia bertan behera geratzea.

Garzon epailea modu malguagoz jokatzen ari dela diote batzuek.


Garzon haizeak nora zapiak hara aritu ohi da zuzenbidearen jardueran.

Haize politikoak joa beraz?


Boterean nor dagoen arabera mugitzen ote den, esan nahi dut. Batzuetan honela pentsatzen duela dirudi, bestetan hala. Bere bizitza profesionala ez da lerro bakarrekoa izan, bere ego handiak jardun profesionalean gehiegi eragin omen du.

Epaileek egoa tinko kontrolatu behar duzue, beraz.


Dudarik gabe. Areago, epaileok ez dugu legearen araberako etika kode bat, baina zenbait lekutan kode moduko bat agertzen ari dira, hau da, sosegua eta erantzukizuna landu, eta pasioak alde batera utzi beharra iradokitzen dizkigun kodea.

Ibarretxe lehendakariaren auzipetze kasua dago epaitegietan. Nola ikusten duzu berau?

Demokraziarako Epaileak (JpD) elkartearen iritziz, zuzenbidearen arabera, lehendakaria auzipetzeko erabakia ez dago ondo argudiatuta ez behar bezala arrazoituta. Auzitegi Gorenak Zapateroren aurkako kereila –Manos Limpiasek ezarria– aztertu eta absolbitu du, beraz, EAEko EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki bera hartu beharko luke Ibarretxeren auzian. Bestela ere, kasua Espainiako Auzitegi Gorenera iritsitakoan bertan behera geratuko da.

Batasuna alderdi politiko ohiaren auzia hizpide: lehendakaria eta PSEko Lopez eta Ares kideak Batasuneko kideekin edo Otegi, Barrena eta Petrikorena herritarrekin bildu ote dira?

Ikuspuntu juridikotik Batasuna ez da existitzen, juridikoki likidatuta dago. Nahiz eta Otegik edo Permachek esan Batasunaren izenean ari direla, Zuzenbidearen Estatuarentzat ez dira existitzen, Batasunak ez du izate juridikorik, Alderdien legeak ez du onartzen. Demagun, zuk ez dakit zein elkarteko administrazioko zuzendaria zarela esan dezakezu, baina legeak elkarte hori deuseztatu badu, elkarte horren izenean zu ez zara inor. Beraz, bilera horietan ez da deliturik egin. Manos Limpiasek edo beste edonork gauza asko esan dezakete, baina juridikoki, izatekotan, Otegi eta gainerakoak ezker abertzalearen sentsibilitate bat ordezkatzen duten herritarrak dira.

AVT, Manos Limpias edota Ermuko Foroaren jokamoldeak nola baloratzen dituzu?


Espainiako Gobernuaren jarduera baldintzatzen ari dira, eta zigor prozedura horretarako erabiltzen dute. Orokorrean justiziaren jarduera eta politika baldintzatzen dute edo saiatzen dira oztopatzen... Nik Zapateroren –eta Ibarretxeren kasua berdin bukatuko da, esan bezala– kasuan Auzitegi Gorenaren erabakiarekin bat nator. Talde hauek legez burutu nahi dutena bete ezina da, alegia Ibarretxe espetxean sartzea. Egia da, hala ere, politikan eragitea lortzen dutela.

Nola baloratzen duzu Haika-Segi auziari buruzko epaia?


Auzitegi Gorenak atera berri duen bigarren epaia ez dut irakurri. Auzi konplexua da. Hiru epaile egotea, eta bik alde batera ebatzi eta beste batek bestera... Oso zaila da kasu hauetan muga zehaztea Haika-Segi erakunde terrorista den edo juridikoki legezko elkartea den. Ez da erraza, legeek ez baitute ondo argitzen legez kontrako elkartea den. Hainbat tratatutan badago horri buruzko zehazpen bat edo beste, baina terrorismo jarduera kasu hauetan zehaztea zaila da. Auzitegi Nazionalaren zenbait erabakitan ahultasunak daude. Epaia berriz ere irakurri behar dut, baina argudioen aldaketarik gabe epaia ez da logikoa. Akusazioak eskatuaren gutxieneko zigorra ezarri die gazteei –sei urtekoa– eta hori ere baloratu behar da.

Gazteek justiziaren aurrean beren burua entregatzeari zer deritzozu?


Agertu duten modua eta muntatutako espektakulua ez dut gustuko, ez da zuzena. Baina agertzea positiboa da. Denok nekatuta gaude, eta hobe da gazteek bide hori hartzea. Itxaropenerako bidea zabaltzen duen jarrera da, agian inozo samar ari naiz. Zapaterok optimista antropologikoa dela dio, eta ni optimista patologikoa naiz. Agian, gazte hauek praktikan urte bateko zigorra beteko dute, eta zigorra bete bitartean bake prozesua indartuz joango da, finean beste kasu batzuk baino errazagoa da.

Iñaki de Juana auzia ez da horren erraza...


Ez, ezta gutxiago ere. Gaizki hasi zelako. Fernandez Aguilar justizia ministroa Iñaki de Juanak libre irten behar zuenean, PPren eta hedabideen eraginez urduri jarri zen eta bere deklarazioek preso honen etorkizuna baldintzatu zuten nolabait.

Alegia, jarrera malguago batek ez lukeela Zuzenbidearen Estatuaren zentzua kolokan jarriko?


Ez. Auzitegi Nazionalak beste epai bat eman zezakeen. 12 urteko zigorra jarri zionean guztiz arrazoizkoa zen zigorra leunagoa jartzea edo absolbitzea. Helegitearen ondorengo erabakiak zer dioen ikusi behar dugu, baina nik hiru urteko zigorra izatea posible ikusten dut, eta ondoren bere egoera Gobernuaren esku gelditzea. [Elkarrizketaren ondoren Auzitegi Gorenak hartutako erabaki bera aurreikusi zuen Jaime Tapia epaileak].

Azkenak
Gure gorputza gudu zelai bat da

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]


“Irtenbidea Polizia kopurua handitzea balitz, arazoa jadanik konponduta legoke”

Albiste izan da Gasteizko Errota auzoa azken asteetan, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak burutzen baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan... [+]


2024-11-25 | ARGIA
A-25: mugimendu feministak gizonei dei egin die konplizitatea eta justifikazioa desagerrarazteko konpromisoa hartzera

Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Mugimendu feministak Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Baionan mobilizazioak egingo ditu. Mugimenduak argitaratu duen manifestuan, 2024an Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoratu dituzte. Aurtengo... [+]


Udazkena agurtzen negua besarkatzeko

Abenduak hostoen kolore marroia dauka: lurrean, intxaurrondo biluziaren azpian, geratu diren hostoena. Intxaurrondoak bukatu du bere zikloa. Atseden hartzera doa: zuztarrak indartuz, elikatuz, nutritzea du helburu. Barrura begira, barrenak osatzeko garaian dago, orain arte egin... [+]


2024-11-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Sugandila bat “ezer ez dagoen lekuan”

Asko hitz egiten da basoaz azken aldian. Basoak berreskuratzeaz, basoak sortzeaz eta basoaren hedadura zabaltzeaz entzungo duzu sarri. Eta ekintza ona izan daiteke zalantzarik gabe, ekosistema moduan duen balioa handia delako. Baina, basoari jartzen diogun atentzio eta indar... [+]


2024-11-25 | Jakoba Errekondo
Birigarroak zirinetan heriotza

Datozen 100-150 egunak erdi lo negukatzen igaroko dituzte landare askok. Beren jakiak sortzeko nahitaezkoak dituzten hostoak askatu eta aurreko 200-250 egunetan metatutako erreserbei esker biziko dira.


2024-11-25 | Garazi Zabaleta
Gaztaina feria basaburuan
Gaztainadiak eta gaztainaren kultura protagonista

Nafarroako beste zenbait herritan bezala, duela lauzpabost urte hasi ziren Basaburuan gaztainondoen inguruko lanketarekin. “Bertako gaztain barietateei lotutako ikerketa abiatu zuen Nafarroako Gobernuak, eta orduan hasi zen hemengo herrietan ere gaztainaren historia... [+]


Funtsezkoa jendea da

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]


Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


Eguneraketa berriak daude