argia.eus
INPRIMATU
Klimatologia
Berotegi efektuaren osagarri
  • Aurreko astean berotegi efektuaren nondik-norakoak aipatu genituen. Orain arte berri gehienak berotegi efektua zuzenean sortzen duten gaien ingurukoak izaten dira eta inork gutxik hitz egiten du zeharkako bideetatik gerta daitezkeen eraginei buruz. San Diegon, Kaliforniako unibertsitateko (AEB), V. Ramanathan ikerlaria Lurraren iluntasuna aztertzen ari da eta orain arte aztertutakoak eragiten dizkion gogoeten berri eman du orain gutxi.
     
    Lurraren iluntasuna kontzeptuarekin Lurrak eguzki izpiak islatzeko duen ahalmena neurtu nahi da. Elur eroriberriak eta hainbat hodei motak, esaterako, jasotako izpien erdia baino gehiago islatzeko ahalmena dute. Itsasoak, aldiz, %5 baino ez; Lurrak eta atmosferak batera, batez beste, izpien %29 islatzen dutela uste dute ikerlariek. Oro har elementu argiek edo kolore zuritik hurbil daudenek izpiak islatzeko ahalmen handia dute; kolore ilunak dituzten elementuek izpiak xurgatzeko joera dute.
     
Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko maiatzaren 03a
Laburbilduz, esan daiteke izpiak islatzeak Lurra hozen laguntzen duela eta izpiak xurgatzeak, berriz, Lurra berotzen du. Gizakiak, joan den mendean, partikula pilo bat isuri zuen atmosferara, eta horien eragina izpiak islatzea izan da. Eta ondorioz Lurra hozteko bidean jarri da.
 
Horregatik guztiagatik, Ramnathan-ek zera dio: "Joan den mendean Lurraren iluntasuna handitu egin zen atmosferara isuritako partikulak medio eta aldi berean berotegi efektua handitu egin zen isuritako gasen eraginez. Beraz, efektuak banaka hartuta, errealki gertatu den berotegi efektua ezkutatuta geratu da Lurraren iluntasunaren eraginez".
 
Gainera, azken hamarkadan asko kontrolatu da, herrialde industrializatuetan behinik behin, atmosferara isuritako partikulen kopurua eta industrializazio bidean dauden herrialdeetan ere gero eta kontrolbide hestuagoak izango direla aurrikusi daiteke. Beraz, pentsatzekoa da Lurraren iluntasuna pixka bat jaitsi egingo dela datozen urteetan. Horrek eguzki izpi gehiago xurgatuaraziko dio lurrazalari eta ondorioz berotegi-efektua areagotu egingo da.
 
Baieztapen hori ez da zientifikoki eztabaidaezina. Ramnathanen teoria bere horretan onartzeko faktore asko aztertu behar dira. Susmoa plazaratzea zuzena da ordea, izan ere, aipatu ikerlariak orain 30 urte iragarri baitzuen gaudeneko hamarkadan nabaritzen hasiko ginela berotegi efektua. Eta jakina denez bete betean asmatu zuen.