Wernerrek baina, ustekabean, judua dela jakin du gurasoengandik: neguko gauak eguna nola, holaxe harrapatu du Werner judua dela jakiteak. Biziko bada, ihes egitea baino ez zaio geratzen Wernerri. Ihesa bilakatuko zaio: hau da, Alemaniatik Triestera doa, handik Parisera, ondoren Marseillara, eta azkenik Hendaiara. Bien bitartean, ihes fisikoaz gain, bere baitarako ihesa esperimentatuko du. Berebiziko heziketa osatuko du Wernerrek: sentimenduak eta emozioak biziberritu beharko ditu, baita moral eta etika berri bat ere, biziko bada.
Bizitza berrian, ihes eginda ere, mugarik gabeko mundu batean imajinatzen dugu Werner. Hitlerzale ohia judu “berria” bilakatu da. Destinoaren indarraren menpeko gizaki otzanok mundutarrok.
“Bete egin nauen nobela da Ihes betea” esan zenuen berau kaleratu eta berehala. Hiruzpalu hilabete bete dira liburua munduratu zenuela. Harrerak bete al zaitu? Kazetarion elkarrizketek, kritikek edo iruzkinek? Edota lagun hurbilen iritziek...
Sistema literario ez-sanoa –desorekatua– bizi dugu. Ur tanta batek olatu baten antza hartzen du, eta olatu bati, berriz, ez ikusiarena egiten zaio. Sistema horretan nago, horren partaide naiz neu ere, eta soportatu egiten dut. Idazle gehienek bezala, bestalde. Orduan, hobe duzu lagun, irakurle eta kritikarien esanak ez gehiegi sinestea: oso onak direnean, badaezpada ere; eta txarrak badira, indar hartzeko… Aspalditik egiten ikasi nuena, bestalde.
Nobela hiru partetan eraikia da. Hara, nire iritzia, zirikatzailea agian: lehen partea –Alemania nazian gertatua, leku edo hiri zehazgabea izaki, ordea– hain da intentsua, hain da lortua, hain da borobila... Nago, gero... bigarrenak eta hirugarrenak ez ote duten lortzen lehen partearen ikaragarrizko enpatia. Bat al zatoz pertzepzio honekin?
Lehendabiziko partea –irakurleak ondo ezagutzen duena– idatzi egin behar nuen gero beste biak garatuko banituen. Baina niri interesatzen zitzaizkidanak, beste biak dira, ezezagunak eta misteriotsuak niretzat, intuitzen nituenak baina existitzen ez zirenak. Esan nahi dut: lehendabiziko parte hori ezagutzen nuen nik nobela idazten hasi aurretik ere. Irakurleak ere bai, neurri batean. Beste biak, ez zituen inork ezagutzen, ezta neuk ere, idatzi ditudan arte. Hori da, nik dakidala, literatura. Erants dezadan: lehendabiziko partean, ezagutzen dugunaren birkreazio bat dago. Beste bietan, kreazioa.
Esaterako: aldaketa “handiak” dira lehen partetik bigarrenera: Werner Lindemann protagonista nagusiaren bizitzan –eta baitan– aldaketa horren ikaragarria izateak baldintzatu al du bigarren partea eta hirugarrena? –Arestian enpatia aipatu dut eta akaso alderantziz izan beharko luke, bere egoera tragikoa dela medio–.
Ez, ez du baldintzatu, abiarazi baizik. Judua dela jakiteak jarri du motorra martxan. Baina zer motor klase? Komunista batek esan ziezaiokeen gizarte naziari: “barkatu, damu naiz, prest nago aldatzeko, heil Hitler!”, eta sistemak barka ziezaiokeen. Gertatu ziren horrelakoak. Baina judu batek? Edo homosexual batek? Hor ez dago damu posiblerik. Judua zara: ezin duzu ezer egin; ez dizute barkatuko; egizu nahi duzuna; jar zaitez, Sebastian bezala, belauniko, eta hala ere, alferrik. Ihes egin, ezkutatu –ihesaren aldaera bat– edo zeure buruaz beste egin –ihesaren beste aldaera bat–. Gainerakoan, besteek hil egingo zaituzte, soberan baitzaude munduan. Ez, horrelako baten kolpea ezin da kontatu komunista damutu baten eboluzioa bezala. Zara. Nahi zenuke aldatu, nahi zenuke ihes egin, nahi zenuke damua erakutsi. Baina zara, zara. Judua zara..
Bigarren zatia Triesten girotu eta biziarazi duzu. Eszenategia eta ingurugiroa zehatzagoa da, alta bada, gertatzen dena kaotikoa da, anabasa gehiago dago...
Trieste, edo haize fisiko eta historiko askoren bidegurutzea. Hori islatu nahi nuen, eta pozten nau zuk horrela ikusi izanak.
Hirugarrena Paris, Marseilla eta Hendaian girotua: lilura, erresistentzia eta ihesa ageri dira. Egiguzu parte bakoitza gauzatzeko “ipini behar izan duzunari” buruzko gogoeta, edota bakoitzak eman dizuna hurrenez hurren:
Alemania nazian: dokumentazioa.
Triesten: Berriak eskatuta bertan egon eta hartaz idatzi nuen liburuaren oihartzun oraindik ere oso bizi berria.
Paris, Marseilla eta Hendaian: aspaldian ezagutzen ditudan eszenategiak, aspalditik neure eginak.
Hiru eszenatoki Werner juduaren metamorfosian. Heziketa sentimentalari buruzko nobela ondu duzu, baina oso muturreko egoera batean: ideologia indartsu den garai batean. Ideologiaren gainean pertsonen arteko harremanek seinalatzen digute bidea. Hau da, pertsonek eta zirkunstantziek, eta aldian aldiko beharrek ideologiek baino gehiago eragiten dute gure baitan, antza.
Muturreko egoeretan eta ez hain muturrekoetan. Marxista edo iraultzailea edo neo-com bat izaten hasi aurretik, eta bidean, eta gero, harremanak daude: norbaitek ordu arte ezagutzen ez zenuen zerbait erakusten dizu. Norbait hori duzu makulu. Harreman pertsonalen sareak garamatza bizitzan aurrera, gutxi aipatzen da harremanek duten zerikusia bizitzan aurrera ehuntzen dugun bide-jantzi ideologikoan. Eta nik hori kontatu nahi nuen. Werner eta bidean ezagutzen dituenak: horra nire Werner. Bidean beste lagun batzuk ezagutu izan balitu, beste Werner bat izango zen –adibidez, botiken trafikantea, Graham Greenen nobela hartan bezala– eta nobela ere beste bat izango zen.
Kontatu duzun istorioa, giza historiako berealdiko gertakari eta mugarri garaian eraiki duzu. Bi Mundu Gerraren artean kokatua, Espainiako 1936ko gerra zibila tartekoa delarik. Esana duzu hobeto ezagutzen duzula Alemania nazien historia eta juduen historia, Espainiakoa bera baino. Hori zure kasua da, edo oro har guztion kasua ote da? Gure gabeziatzat hartu behar al dugu?
Historikoki, hobeto ezagutzen dut Espainiako gerra. Baina iruditeriari dagokionez, errazago irudikatzen dut Alemania naziko historia. Badakizu, nobelak, pelikulak… Ez, gure lehenaren memoria ez da dokumentu historikoekin bakarrik osatzen. Dena dela eta oro har, zein negargarria zein gutxi dakigun Espainiako gerraz!
Horren atzean hurbilagoko geure historiaren memoriarekiko ditugun ezbaia, lotsa, ahalkea ote dira agian? Finean edo funtsean denok dugu hutsunea ote?
Gure gurasoek ez zuten gerraz hitz egin nahi. Ez irabazleek, ez galtzaileek. Isildu egin ziren. Zergatik? Denetarik egongo da. Baina bizi nahi zutelako ere izango da... Aurrera egiteko eta aurrera zuzen egiteko balio behar digu memoriak, ez paralizatzeko. Horregatik, memoriak baditu mekanismoak arrazoiak ulertu ez arren, psikologiak abiarazten dituenak.
Zure literatura formakuntzan idazle judutarrek berebiziko lekua dute, antza. Azaldu iezaguzu alderdi hori.
Bo, nik uste gaur idazle den ororen formazioan dutela garrantzia. Oi, hogeigarren mendeko literatura, bertako manualetatik idazle juduak kenduko bagenitu! Gero, badago beste kontu bat, eta nik neure baitara bilduz aitortu behar dudana: niri sarritan hain pisua egiten zaidan eta hain omnipresente daukadana: “kontzientzia judu-kristaua” deitzen diote, baina, besterik gabe, “kristaua” da. Beste puska ideologiko guztiek baino pisu eta garrantzi handiagoa izan du nire bidaia pertsonalean, eta egingo nuke halaxe dela nire belaunaldian ere. Nire sotoetan daramadan karga hori ezin dute mila garabik ere arindu, baina horri ahalik sanoen begiratu behar zaiolakoan nago. Nik, zorionez, literatura izan dut bidaide, eta bidaia horretan literatur juduak beste perspektiba bat eman dio nire sotoetako kargari: besteak beste, naizenari etekin literarioak ateratzen erakutsi dit.
Antza denez, judutar literatura ondo ezagutzen duzu, gure artean zein neurrian eta moduan ezagutzen da berau?
Ez dakit, baina uste dut literaturaz arduratzen denak baduela nik adina berri.
Juduekiko –juduen errealitatearekiko– afektua modu batekoa zen Holokaustoaren ostean, eurekiko bazegoen enpatia moduko bat, nolabait, gaur egun aldatu ote den nago. Palestinarekiko gatazka tarteko, besteak beste. Nola bizi duzu hori? Edo eragina al du zuregan
Uste dut zuk diozun
enpatia hori ez dela galdu. Gaurko Israelen gorabehera, hori beste auzi bat da. Nerabezaroan, euskaltzaletasunaren eta herrigintza deitzen zen haren lehen pausoak ematen ari nintzela, sektore batzuetan Israel jartzen zen eredu gisa. Kibutzak! Israelen aurrera egiteko kuraia! Gaur, hori galdu da. Biktima ez dago txertatuta borrero izatetik, hori da ikasbidea. Biktimak izan gara eta biktimak gara euskaldunok, baina baita borrero ere, ez gaude borrero izatetik txertaturik. Eta euskaldunen kausak ere ezagutu du, mutatis mutandis, Israelgoarenaren antzeko deskreditua.
Zein neurrian baldintzatzen du hurkoaren errealitatearen ezagutzeak gurea ezagutzeko orduan?
Literaturak horixe du ziztagarri: besteen ibilerek geure ibileren ispilu lana egiten dutela. Ez da zeregin moral soila. Estetikoa da, batez ere. Eta estetikoa delako bihurtzen da, halaber, morala.
Gaur egungo gazte euskaldun abertzale ezkertiar baten –ortodoxoetan ortodoxoena– heziketa sentimentalaren inguruko nobela bat idatzi beharko bazenu, zein litzateke desafio handiena? Erakartzen al zaitu gaiak?
Ez dago, berez, erakarmenik gabeko gairik. Ikuspuntua da interesatzen zaidana. Gaiak ertz asko dituen ala ez. Kontrasterako aukerak. Etekin formalak ateratzeko gai izango naizen. Horiek guztiak garbi ikusitakoan erantzungo dizut. Bitartean, ez, gaiak ez nau erakartzen: begirada hurbilegiak, gehiegi fokalizatzen du ikusitakoa. Begirada urrunegiak, lausotu. Nolanahi ere, urrutiko ispiluek ere ematen dute zer begiraturik, eta uste dut nire oraingo nobelan aurki daitekeela, neurri batean, gertatzen zaigun hainbat konturen ispilu-lan hori.
Alemanian eta Japonian odola eta ohorea oso hurbil dira. Gurean zertan daude bi alde horiek?
Alemanian baino, Alemania nazian esango nuke. Eta Alemania nazian eta samuraien Japonian
odola eta ohorea hurbil egote hori ez da berdina. Inprobisatzen ari naiz, baina Mishimaren harakirian dagoen heriotzaren erritualizazioak ez du zerikusirik ez nazien heriotzarako deiaren utilitarismo belizistarekin, ezta gerra galdu ondoko suizidio ugarien ihesarekin ere.
Euskaldunoi dagokigunez, katolikotasunak zorrotz hezi gaitu: zorionekoak otzanak, eta abar.
Werner eta bere aitaren arteko harremana intentsua da, gazte baten heziketa sentimentalean aita eta seme-alabaren arteko harremanak markatzen du pertsonaren izaera. Psikologiaren esparruan beti ere, Werner-rrek bere aita “akabatu” beharra dauka. Baina bestela ere, Hitlerren aginduz, demagun, –zirkunstantzien ondorioa ere bagara– “akabatu” lezake aita.
Bai, eta Wernerren burutik garbi pasatzen da aita fisikoki akabatzeko aukera hori. Sinbolikoki akabatzearena, berriz, oso presente dago nobelan zehar: aitak apenas du hitzik. Aitarena isildutako presentzia da.
Judu izatea baina shock bat da Wernerentzat. Zenbat shock behar dugu pertsonok garenaz jabetzeko? Shock edo eskarmentua, gure bizitzaren eta izaera osatzeko funtsezkoak dira, antza.
Horra memoria. Oroitu egiten dugu egin duguna eta egin digutena. Memoria, bai. Beti gogoratzen dut Patrick Modianoren Familiako liburua nobelako bukaera: “Besoetan neraman alabatxoa. Lo zegoen, bere burua nire sorbaldan atsedendurik. Deusek ere ez zion loa galarazten. Ez zuen, artean, memoriarik”. Alabatxoa, besoetan. Eta lo. Mundu ondo eginaren babesa eskaintzen dio aitaren sorbaldak. Ez du oraindik mundua ordenatzeko –eta, ordenatzerakoan, aukerak egin eta sufritzeko– beharrik, ez baitu oraindik memoriarik.