argia.eus
INPRIMATU
Bertso berriak... Hitzak kateatuz jarriak
Jon Maia 2007ko otsailaren 21

I

Zibilizazioa
gauza ederra
pakea egiteko
behar du gerra (bis)
galtzaileen bandora
ez zaitez lerra.


II

Izan eszeptikoa,
izan alaia
zure eskutan dago
zure talaia (bis)
lorategia edo
guda zelaia.


III

Zelai zabalak nola
burdin hesia
zibilizazioak
demokrazia (bis)
bidetik kanporako
dena sasia.


IV

Sasiaren lorea
da lehiakorra
izenak behar duen
deitura horra (bis).
Kaka artean hil zen
tipo jatorra.


V

Jatorki famatzeko,
ume maitea
Ez zazu ikasi jotzen
klarinetea (bis).
Zertarako da euskal
karaokea?


VI

Karaokea bada
gaurko kultura
goazen ba arrantzara
basamortura (bis)
itsasoa agortu
duten lekura.


VII

Itsasoa oraindik
ez dela agortu!
zenbat bandera urdin!
ta kirol portu! (bis)
Saiatzen gara baina
ez dugu lortu.


VIII

Sartu trenak mendien
erraietatik!
egin superportuak!
baina ahatik... (bis)
babestu kutxazainak
Jainkoagatik!