argia.eus
INPRIMATU
Neubat: «Gu ez gara stonerrak. Rock dentso eta bortitzaren zaleak gara»
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko uztailaren 12a
Erraldoiak, piztiak, igel-ahoak, txakur-mingaina, chupacabras... Hitzetan piztia ugari ageri dira...
Metaforak dira, pertsonaia horiek erabiltzen ditugu gure soinuaren eta musikaren interpretazio gisa. Zerbait handia, agresiboa... Hitzak idazterakoan, saiatzen gara buelta bat ematen, edukia bezain garrantzitsua da nola kontatzen den.

Orain talde askok diote ez direla stonerrak.
Guk ere bai. Gu rock dentsoaren eta bortitzaren zaleak gara, eta stonerraren eragina izango dugu... baina stoner izateko desertuan bizi behar zara gutxienez.

Teklatuak eta Liberen ahotsak protagonismo handia hartu dute.
Bai, Libe aurreko diskoa grabatu baino apur bat lehenago batu zitzaigun, abestiak eginda zeudenean. Disko honetan konposizioan parte hartu du. Lehen teklatuak apaindurak egiten zituen; baina Stereosaurusen teklatua funtsezkoa da.

Saurioak soinu bortitz eta astunekin lotzen ditut, baina oraingoan bestelako sonoritateak ere landu dituzue, ez hain gogorrak.
Aurreko diskoa astunagoa zen eta melodia gutxiago zeukan, baina ilunagoa zen; eta Stereosaurus zuzenagoa, koherenteagoa eta borobilagoa da. Hobeto islatzen du zuzenekoa. Dinosauroa handia da, baina jantzi polita dauka: tratamendu melodikoa eta distira.

Metaken itxiera kolpe latza izan zen, baina orain zer balorazio egiten duzue autoekoizpenaren apustuaz?
Diskoa ateratzeko zigilu bila hasi ginenean argi ikusi genuen gu argitaratzea ez dela diskoetxeentzako errentagarria; ezta guretzat ere masterra oparitzea eta epe jakinetara egokitzea. Gaur egun diskoak ez dira saltzen, baina autoekoizpenarekin eta lan askorekin inbertsioa ia berreskura daiteke. Diskoetxeari Matasellos izena jarri diogu, zigiluen figura hilda dagoela irudikatzeko. Agian talde handiak argitaratzeko beharko dira, baina talde txikientzako hilda dago. Bizirik dagoena taldeen grina eta sormen maila da.

Stereosaurus Neubat
Matasellos
Iraupena: 56'00''
10,95 euro


Stoner-rocketik beste soinu batzuetara zabalduz

Gasteizko laukotea Sorkunen taldea ere badelako ezaguna da, baina izaera eta ibilbide propioa du. Hala erakutsi dute, beste behin ere, bigarren disko honekin. Orain beste talde batzuk bezala etiketa horretatik aldentzen saiatzen diren arren, stonerra egiten ezagutu ditugu eta oraindik ere beraien ezaugarri nagusienetakoa da: erritmo astunak eta sonoritate bereziko gitarrak; Black Sabbathen oinordekoa den 70eko hamarkadako soinu pisutsu eta indartsua. Hala ere, egia da Liberen teklatuak garrantzi handia hartu duela eta beste eremuetan ere barneratu direla: rocka zentzu zabalagoan, psikodelia, Purpleren zipriztinak... Eta melodia askoz presenteago dago. Egiten duten lanean sinesten dutenaren erakusle, zuzeneko piztia hauek autoekoizpenaren aldeko apustu sendoa egin dute aurrera egiteko.