Javier Madrazo: «ETAk ez dio Batasunari heldutasuna aitortu»


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
ETAren Barajasko atentatutik hilabete bat iragan denean, eman ezaguzu bake prozesuaren egoeraren ikuspegia.
Prozesu politikoaren normalizazioan geldialdia bizitzen ari gara, baina denbora luze gabe prozesuari berrekinen zaiolakoan nago. Azken lauzpabost urtetako perspektibatik begiratuta, prozesua aurrera ari da, ez gaude duela bost urte bezala. Ziklo honetan egoera politikoaren eboluzioak bide ona egin du, Barajasko atentatuak «geldialdia» ekarri du, nik ez nuke «apurketa» berba aipatuko. Barajasko kolpe gogorraz harago joanez, sakoneko joerak ez dira aldatu, bake eta normalizazio politikorantz garamatzan eboluzioa ukaezina da. Bistan denez, bake prozesua oinarri berrien gainean berreraiki beharko da.

Zein ondorio atera duzu Ibarretxe lehendakariak Bilbora deitu zuen manifestazioaren inguruan gertatuaz?
Jendearen erantzuna ona izan zen, politikoena berriz txarra. Euskal gizartea politikoen aurretik doala ageri zen, ardura handiko gizartea dela. Alderdiek espektakulua nahiko penagarria eman genuen: zatiketak, oldarrak, elkarrekiko ika-mikak... Edonola ere, alde baikorrarekin geratu naiz, hau da, gizartea biolentziaren kontra eta bakearen alde mugitzeko prest dagoela eta politikariok elkarrizketatzera behartzen gaituela.

Lehendakariaren autokritikarekin bat zatoz beraz.
Autokritika benetakoa izan zen, bat nator lehendakariarekin, autokritika osasuntsua da, politikariek etengabe praktikatu behar dugu, manifestazioaren lemaren inguruan eman zen espektakulua atsekabetsua izan baitzen.

Manifestazioaren lemak desberdintasunak sorrarazi zituen alderdi politikoen artean. Nola atera da Ibarretxe lehendakaria gorabehera haien ondoren?
Ni neu lehendakariak politikari ematen dion bulkadarekin gustura nago. Gobernuan eroso gaude berak markatzen dituen norabide eta lerroarekin, zentralitatearen politika da, eta besterik frogatzen ez den bitartean hori da politika baliagarri bakarra. Hirukoaren politikak Batasuna nahiz PSOE mugiarazi ditu. Ez da kasualitatea bi alderdi hauek elkarrekin hitz egiten hastea hiruko gobernua osatu ondoren. Nik hirukoak ordezkatzen duen zentralitatean sinesten dut: ezberdinen arteko bizikidetzarako esparru anitza da, normalizazio politikoaren bidean politika baikorra eta aurrerakoia egiten dituena.

Batasunak ETAri su-etena indarrean mantentzeko eskatu zion. Batzuek jarrera berriak ikusi dituzte Batasunaren deian. Zuk zeuk?
Baita ere. Mundu horretan oro har, eta Batasuneko zenbait buruzagien adierazpenak eta eskaerak oso adierazgarriak dira. Alabaina, nik itxaro dudana da ezker abertzalekoek eta NAEMeko buruzagiek jarrera berri horiek barneratzea eta gauzatzea. Batasunak aitzindaritza politikoa hartu behar dio ETAri, berak seinalatu behar du prozesuaren bidea. Irlandan Sinn Fein-ek hartu duen aitzindaritza Batasunak hartzea nahi genuke: Sinn Fein-en buruzagitza heldua da, pisu handikoa eta Irlandako errepublikar independentismoaren gidaria. Prozesua lehenbailehen martxan jar dadin, eta prozesuaren ebazpenean heldutasunez jarduteko, funtsezkoa da, besteak beste, Batasuna benetako mintzakidea bihurtzea.

ETAk su-etena berretsi zuen azken agirian. Zein irakurketa egin duzu agiriaz?
Agiria anbiguoa da, nahasmendua sorrarazi du jendearengan baita ezker abertzalean ere. Bi arazo ikusten dizkiot: batetik su-eten baldintzatua da. Erasotzen bagaituzte erantzun egingo dugu dio ETAk. Zer da eraso eta zer ez? Beraz, ez da su-etena. Su-eten baldintzatua da eta ETAk erabakiko du noiz eraso egin eta noiz ez. Bigarrenik, ETAk komunikatuan baketzea eta normalizazio politikoa nahasi ditu. Bere hitzetan su-etena gauzatuko da baldin eta zenbait jomuga politiko betetzen badira. Anoetako proposamenean hori bereizia dago, bi errailen autonomia aipatzen da. Alderdien arteko mahai politikoa autonomoa dela dio Anoetako proposamenak. ETAk su-etena xede batzuen menpe jarri du ordea, prozesua tutelatu nahi du...

Batasuneko Marije Fullaondok tutelajearena gezurtatu du orrialde hauetan. Batasuna heldua dela esan digu.
Nik ez dut horrela ikusi. Batasunak Anoetan bi errailen adierazpena egin zuen. Bi errailetan eta prozesu paraleloan sinesten badu, kontsekuentzia guztiekin sinestu behar du. Ezin dena da errail batetik batek bestea baldintzatu, ETAk ezin du alderdi politikoen mahaia baldintzatu, ETAk Batasunari autonomia eman behar dio euren interes politikoen defentsa egin dezan. ETAk ez du oraindik barneratu bi errailen edo mahaien funtzioak autonomoak direla. Hori da arazoa. ETAk ez dio Batasunari heldutasuna aitortu. Hitzez bai, baina praktikan ez. Alderdi politikoen arteko mahaira iristeko lana, ETAk eta Gobernuaren artekoa baino harago joan da. ETAk, antza denez, ez du ontzat eman alderdien arteko mahaiak hartu duen norabidea, garbi dago mahaia tutelatu nahi duela. Eta nahiz ezker abertzaleko buruzagien deklarazioak norabide onean doazen, praktikan ez dakigu zertan geratuko diren adierazpen hauek.


Nola ikusi duzu Zapatero presidentea, nolako bidea geratzen zaio?
Zapatero noraezean ikusi dut, harrituta eta zurtuta, ideia garbirik gabe, nokeatutako boxeolaria legez. Gidoi arazoak izan dituela dirudi, baita mintzakideekin arazoak dituela ere. Aurrera egiteko arazoak non dauden detektatu behar du: PSOEn, Gobernuan, bitartekariengan edota ETAren aldean. Berak ondo aztertu beharreko arazoa da. Zapatero bakarti ikusten dut PSOEren barruan, ez du bere alderdiaren laguntza nahikorik. PSOEko sektore batzuek erosotasuna nahi dute, PPren posizioetara hurbildu eta Terrorismoaren Aurkako Ituna berrartu seguru eta eroso egoteko, arriskutik salbu. Zapatero arriskuak hartzeko eta prozesu elkarrizketatuaren bidean urratsak emateko prest dago. Alabaina, aurrera egiteko arriskuak hartzen eta gainditzen joan behar du Zapaterok, norabide horretan aurreratzeko soluzio politikoak eskaini behar ditu, eta su-etenaz geroztik ez du horrelakorik egin...

Egin, hala nola zer?
Presoen politikan ez da deus aldatu, alderdien legea indarrean dago. Alderdien mahaira ere laguntza gehiago ekarri behar zuen, Zapaterok jarrera ona agertu du, baina ez da berau gauzatzera iritsi. Honelako prozesu bati ez zaio soilik jarrerekin eusten, erabakiak hartu behar dira.

Maiatzean hauteskundeak izango dira. Ez dira orain hilabete aurreikusten zen egoera politikoan burutuko, antza denez.
Egoera ez da finkoa, baina denbora joan ahala jokalekua argituz joango da. EB-Berdeak-ek alderdi guztien parte-hartzea defendatzen du. Barajaskoa izan edo ez, Batasunak eskubide osoa du aurkezteko. Alderdien legeak ez du zentzurik, lege hau aldatu behar da, zaila da demokrazian gaudela esatea lege hau indarrean den bitartean.


Nola joka dezake Espainiako Gobernuak foru eta herri hauteskundeei begira?
Zaila da jakiten, baina Batasuna bere izenez aurkeztea zaila ikusten dut. Onenean, jokalekua egonkorra balitz, atentaturik gabe, beste aukerak izan litezke. Barajasko tamainako atentaturen bada, zaila izango du EHAK-k ere aurkeztea.

EB-Aralar koalizioaren bilakaera aldatu da azken hilabete honetan?
Ez. Batzuek diotenez, hauteskundeen emaitza txarren beldur osatu dugu koalizioa. Koalizioak ez du deus ikustekorik bake prozesuarekin, ezta Batasuna aurkeztearekin edo ez. Koalizioa ez da hauteskundeetarako ekimena, apustu estrategikoa da, euskal ezkerraren definizioa bilatu aldera egindako apustua, ezkerreko indarrak batzeko eta indartzeko da, elkarrekin bizitzen eta elkarbanatzeko duguna partekatzen ikasteko. Prozesua konplexua da, ez da zerrenda bakarra aurkezten dena, udal asko daude eta. Azken erabakiak hartzea falta zaigu, akordioa ona izango da.

Etxebizitza sailaren politikara etorriz. Zer ekarriko du lurzoruaren legeak?
Legeak etxebizitzaren politika aurrerakoia eta eraginkorra egiteko lanabes berriak ekarri ditu. Etxe babestuak eraikitzeko, adibidez. Orain arte ez genuen oinarri politiko finkoa eman digu legeak, emaitza berriak ekartzeko Legearen arabera ezin da dentsitate gutxiko etxebizitzarik egin, zorua eraikigarritasuna eta eraginkortasuna landuz baliatu behar da, lurra optimizatuz. Halaber, hainbat udalei etxe babestua eraikitzeko plana lantzea eskatu zaio, eta lehen ez zeuden behartuta. Lehen eskaera 7.000 biztanletik gorako herriek bete behar zuten eta orain 3.000tik gorakoek. Alegia, EAEko askoz herri gehiagok etxe babestua eraikitzeko politika sustatu behar dute. Etxebizitza babestuen eskaera askoz gehiago dago lehen baino, alokatzeko eskaera handitu da. Hirigintza askoz arinago kudeatuko da agentearen figura sortu baitugu. Lehen lur jabeek lurren eskubide guztia zuten eta orain udalak lurrak enkantean atera ditzake. Bitarteko berri hauekin politika anbiziotsuagoa landuko dugu emaitza hobeagoak lortu aldera.

Sektore batzuek ez dela nahiko diote.
Noski, denok nahi dugu gehiago. Aurreko planaren bidez 16.000 etxebizitza aurreikusi ziren, alabaina 20.000 baino gehiago egin dira. Orain 27.000 aurreikusi dira eta gehiago eraikiko dira, eta hauetako herena alokairukoak. 2001ean, etxebizitzaren parkean alokairuko 700 ziren eta orain 9.000 dira. 19.000ra iritsi nahi dugu. Gora goaz, gehiago nahi dugula? Bistan da. Eta nork ez du gehiago nahi? Baina nork egin du gehiago orain arte? Kritikatzen dutenek gobernatu dute lehenago. PSEk non egin du gehiago, noiz? Eta Batasunak? Non egin du alokairuko etxerik? Esan diezagutela. Sail honetatik etxebizitza gehiago egin nahi dugu, baita alokairuko gehiago ere, eta udalen laguntzaz nahi dugu eraiki. Alokairuko etxebizitzak egiteko lurra behar da, eta saltzekoekin ez bezala, hauekin dirua ez da berreskuratzen. Udalen inplikazio handiagoa behar dugu etxebizitza gehiago egiteko, alegia lurrak eskainiz. Hor dago etxebizitza politikaren meritua.

Hutsik dauden etxebizitzen politika berria ere lantzen ari zarete. Denak ez bide daude konforme.
Bai, jakina. Batzuk haserretu dira, zimentarriak mugitu direlako. Baina guk ez dugu politika egingo etxea inori kentzeko, aitzitik, jabeek etxeari erabilpen duina eman diezaioten nahi dugu. Etxe hutsak dituzten jabeez ari naiz, jabego pribatua ez da mugatua, etxeak funtzio soziala bete behar du. Bizigune izena du programak. Bere bitartez, etxebizitza sustatu nahi dugu. Orain, jabea beldur da maizterrak edo errentariak ez ote dion pagatuko. Gobernutik kontratu bat eskaini diogu kudeaketa geure gain hartzeko. Gobernuak gainera, etxea zainduko eta berrituko dio. Asko zaharrak baitira eta egokitzen hasi gara. Areago, jabeek dituzten gastuak maizterren errentetatik ordainduko ditugu, baina interesik gabe. Maizterrari, berriz, alokairu babestua ematen diogu, etxearen errenta ordaintzen laguntzen baitiogu. 3.000 etxebizitza ari gara kudeatzen programa honen bidez, eta plana oso ondo doa. Bestalde, programan sartu nahi ez duen jabeari bere bigarren etxebizitza luxua dela adierazi diogu, eta kanon bat sortu dugu jabegoari diru kopuru bat kobratzeko.


Azkenak
Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


Eguneraketa berriak daude