Gazteek ere badute zer kontatu


2021eko uztailaren 19an
Egungo hezkuntza sistema pasiboari aurre egiteko, Xabier González Etika irakasleak metodologia dinamikoaren aldeko apustua egin du. Arrasate institutuko bere ikasleei etikarekin zerikusia duten gaien inguruko artikuluak idaztea eta ondoren horiekin liburu bat egitea proposatu zien. Horrela hasi zen Etik@ren harian: hiztegi bat lanaren abentura. «Eskola gizartera ireki behar da», dio berak. Garai batean, eskola eta gizartearen arteko harremana antzerkigintzaren edo ikasleek beraiek egindako egunkarien bidez indartzen zen, baina tradizio hau dagoeneko galdu egin da. Liburuarena bezalako ekimenei esker, harreman hori berreskuratzea izan da xede nagusia.

16 eta 17 urteko bere ikasleei gustatu zaie Gonzálezek Etikako klaseetan erabilitako metodologia. Hasieran, liburua egitea proposatu zienean, «erokeria» iruditu zitzaien eta gainditu beharreko beste ikaslan baten moduan hartu zuten. Egitasmoak aurrera egin ahala, ordea, oso lan probetxugarria zela konturatu ziren.


Eutanasia, abortua

Maite Isasak, esaterako, irakasleak emandako zerrendatik eutanasiaren gaia aukeratu zuen bere artikulua egiteko; polemikoa, inondik inora. Gaia ezagutzen ez zuelako hautatu zuen, eta artikulurako informazioa biltzen joan zen heinean, guztiz harrapatu zuen eutanasiaren munduak. Kontatu digunez, Mar adentro filmak bultzatu zuen artikulua idaztera eta testuak pelikularen ildoa jarraitzen du. Gaixo terminalek beren bizitzarekin zer egin aukeratzeko eskubidearen beharraz hitz egin du, eztabaidaren bi alde aztertuz: Eliza eta eutanasiaren aldekoak. Bere ustez, eutanasiaren kontrakoen argudioek ez dute funtsik eta DMD-DHE eutanasiaren aldeko erakundearen tesia defendatzen du: «Pertsona orok bere biziarekin bukatzeko borondate librearekiko errespetua defendatzea». Eutanasiarekin «bizitza luzatu baino, heriotza luzatu nahi dela dirudi», dio Isasak. Azken finean, heriotza eta honen mugen gaineko eztabaida oso interesgarria iruditu zitzaion.

Onintza Langaranek berriz, abortua aukeratu zuen, «ilunpean dagoen gaia delako eta aukera ikusi nuelako horren inguruan zerbait argitaratzeko». Langaranek, ordea, ez du iritzi zehatz baten alde egin: bakoitzak bere jarrera moralaren arabera erabaki behar duela dio eta abortua zer den definitzera eta aldeko eta aurkako ikuspuntuak deskribatzera mugatu da.


Etxebizitza, adiskidetasuna, gosetea

Aipatutakoez gain, asko dira liburuxkan agertzen diren gaiak; batzuk polemikoak, beste batzuk gaurkotasun handikoak, eta denak gazteentzako kezkagarri eta interesgarriak: etxebizitza, lana, etorkizun hurbila, ura, terrorismoa, arrazakeria, anorexia eta bulimia, adiskidetasuna, bullying-a, drogak, hiesa, heriotza zigorra, gosetea, haur pornografia, futbola... Guztira, 26 egoera eta hizpide ezberdin.


Nolakoak dira gazteak?

Interes gabekoak, ameslariak, axolagabeak... Era guztietako adjektibo ezkorrak erantsi izan zaizkie gazteei, eta Arrasate institutukoek halakoak ez direla frogatu dute. Hein handi batean telebistak sortutako irudi txar hori kontraesanean dagoela uste du Gonzálezek. Gazteak telebistan agertzen direnean, gai hutsalekin kezkatuta egon ohi dira, arazo sozialetatik urrun; eta iragarkietan berriz, drogen aurkakoak direnean lur jota azaltzen zaizkigu eta gainontzekoetan pozik, inongo arazorik gabe.


Karaokea nagusi

Hezkuntzak ere badu zeresanik horretan, karaokea nagusitzen baita. Hau da, aditu batek idatzitakoa ikasleek azpimarratu, eskemak egin, buruz ikasi eta azterketan hustutzea. Horixe da urteetan eskolan edo unibertsitatean egin duguna, eta hurrengo egunerako ahaztu egin zaigu ikasitakoa. González nahiko kezkatuta agertu da sistema honekin, ikasleak gelan eta etxe barruan bakarrik geratzen baitira ikasten eta abstrakzio lan horrek ez die laguntzen auzo, hiri edo gizarte osoaren egoera errealean sakontzen, ez dago talde lanean egindako informazio eta ideia trukaketarik. Halaber, irakaslearen ustez, hainbat belaunaldietan zehar, bai hezkuntza sisteman eta baita beste hainbat sektoretan ere, gazteen erresistentziarako joera galtzen joan da: «Ez dakit biguintzen ari garen, hutsaltzen joan garen edo buru garbiketa bat gertatu zaigun, baina Frankismoaren garaian genituen kultur erresistentziaren elementuak galdu ditugu». Errazkeria nagusi dela dio, eta gure konpromisoak alde batera utzi ditugula, eskolan, lanean nahiz beste zenbait eremutan. «Ikastetxeetan 'buruz ikasi eta gainditzearekin nahikoa dut' dinamikak indar handia hartu du». Hala, sistema honek gazteak pasibotasunera eramaten ditu, ez dutelako inolako motibaziorik, azterketan irakasleak nahi duena kontatzen dute eta kito; gainontzekoek hausnartu dutena errepikatzera mugatzen dira, Arrasateko irakaslearen esanetan.


Hausnartzen irakasten

Baina gazteek helduek egindakoa irakurtzen badute, «zergatik ez helduek gazteek idatzitakoa?», dio irakasleak. Bere hitzetan, idaztea oso baliagarria da ikasteko, ikertzera, hausnartzera eta gure ideiak antolatzera behartzen baigaitu. Beraz, idazteak karaokearen kontrakoa esan nahi du: besteek guk egindakoa irakurtzen dute. Ildo horretan, gazteen jarrera pasiboarekin amaitzeko eskolak askoz gehiago egin dezakeela uste du Etika irakasleak. Azken finean, hausnartzen ere irakatsi egin behar da eta horretan ikastetxeek eta irakasleek zeresan handia dute. Gazteen erreferente nagusia eskoletan irakaslea da eta bere jarrerak eragina du ikasleengan. Gonzálezen esanetan, irakasleak ez du apaizaren jarrera doktrinarioa izan behar, artisau edo ilusionista batena baizik. Errealitatetik haratago joan behar du, ikasleekin elkarlanean; hala, ikasgelako eguneroko ohikeria aldatzeko aukera izango dute: «Harremana sortu behar duzu lantzen ari zarenarekin, ikasgai, irakasle eta lan taldearekin». Pentsamolde horren guztiaren emaitza da kaleratutako liburua, gazteak, eta zehazki ikasleak, elementu pasibo izatetik parte-hartzaile eta iritzi emaile aktibo izatera iritsi daitezen.

Nola idatzi liburu bat ikasleekin?
Liburuaren ideia aspalditik zuen Xabier Gonzálezek, baina 2004-2005 ikasturtean, egokitu zitzaion taldea eta unea onak zirela ikusita, ekimena abiatzea erabaki zuen eta 2006ko ekainean Etik@ren harian: hiztegi bat argitaratu zuten denen artean.

Liburua idazteko, hiru lagunetako taldetan banatu ziren eta talde bakoitzak etikari lotutako hiru gai landu behar izan zituen. Lehenengo ebaluaketan, gaiak aukeratu eta artikuluaren eskema bat egin zuten. Bigarrenean, liburu, artikulu, internet eta beste hainbat iturrietatik lortutako informazioa eskuratu, irakurri eta aurreko eskema aberastu zuten. Azkeneko ebaluaketan, informazio guztiarekin 4 eta 5 orri bitarteko artikulua idatzi zuten.

Ikasleek kazetari lana egin zuten: informazioa bildu, antolatu, aukeratu, jendearekin harremanetan jarri eta artikulua idatzi. Finean, proiektuaren helburuetako bat gizarteko zenbait gaitan eragile edo aditu diren pertsonekin harremanetan jartzea zen. Jo zutenen artean daude, esaterako, Abdoulaye Guey (Donostiako Caritas), Arrazakeria, diskriminazioa eta legeak lanerako; Aner Petralanda (Duina plataforma), Etxebizitza duina eta herri ekimena artikulurako; Koldo Etxabe (DMD_DHE elkartea), Eutanasia testurako; eta Txente Rekondo (GAIN taldea), Ura eta gatazkak idazlanerako. Lau aditu horiek, gainera, hitzaldiak eman zituzten Arrasateko institutuan, ikasleek beraiek moderatutako mahaietan.

Xabier Gonzálezi ez zitzaion zaila egin liburu bat idazteko ikasleak konbentzitzea. Hasieran erokeria iruditu zitzaien arren, ilusioz heldu zioten segituan. Gainera lana ez zen irakaslearentzat bakarrik izango, baita gizarte osoarentzako ere. Pixkanaka, ikasgaia gainditzea helburu izateari utzi zion.

Behin liburua kaleratuta, aurkezpenak egin zituzten Arrasateko Udaletxean, Elkar liburu dendan, Euskadi Irratian eta beste hainbat tokitan. Liburua ezagutaraztea eta ikasleek publikoan hitz egiteari beldurra galtzea izan da horren xedea. Horretan, neskak mutilak baino ausartagoak iruditu zaizkiola dio Gonzálezek: «Mutilekin ere hitz egin nuen, jendaurrean aurkez zezaten, baina batzuek zioten lotsa zutela, besteek beldurra...». Kontuak kontu, gai gordinen inguruan hainbat gazteren iritziak ezagutzeko aukera eskaintzen duen liburua eskura dugu jada.


Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude