Superdotatuak: Abantaila ala arazo?


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
«Zure tripa barruan nengoenean, nola jaten nuen?», galdetu zion Amaiak amari bospasei urterekin. Zilbor-hestearen bidez egiten zuela azaldu zion amak, ulertuko ote zuen zalantzan jarriz. Handik hilabetera, Amaiak berriro: «Ama, Biblia marrazki bizidunak ikusten egon naiz, Adan eta Eva munduko lehen gizakiak zirela zioten, Jainkoak sortuak, baina biak zilborrarekin agertzen ziren eta lehenengoak baziren, noren barruan egon ziren zilborra eduki ahal izateko?». Horrelako galderak erantzutea ez dela erraza aitortu digu Miren gipuzkoarrak. Amaia alaba txikiena du, 150eko adimen-kozientearekin; helduenak berriz, Anek, 130ekoa dauka eta asko kostatu zaio bere burua onartzea. Horregatik, izen faltsuak erabiltzeko eskatu digu amak. Gutxienez, talentu bereziko neskak direla jakiteak egoerari aurre egiten lagundu dio familiari, oso ohikoa baita ez antzematea. Batez beste 100eko adimen-kozientea dugu gizakiok, baina biztanleriaren %2k 130etik gorakoa dauka (hau da, superdotatua da) eta uste da ikasgela bakoitzeko 100 baino altuagoa duten bat edo bi lagun daudela. Adimen-kozientea adin mental eta adin kronologikoaren arteko ezberdintasunetik kalkulatzen dela kontuan hartuta, adin kronologikoari dagokion adin mentala baino altuagoa izateak desoreka emozional handiak eragin ditzake haur superdotatuengan, bereziki zer duten ez badakite. «Arazoak zituen 18 urteko gazte bat psikologora eraman zuten gurasoek, azterketa bat egin zioten eta superdotatua zela ondorioztatu zuten -kontatu digu Mirenek-. Orduan, mutila negar batean hasi zen, beti pentsatu izan zuelako eroa zegoela, ez zuela burua ondo eta oso desberdina zela. Ez bada detektatzen, pertsona horrek asko sufritu dezake». Azken finean, beraiek badakite zerbait berezia dutela, desberdin senti daitezke eta hori emozionalki ez da ona, taldeak ez duelako onartzen diferentea dena.


Ane, igerileku hondoan

Horri buruz, gainera, asko daki Mirenek, alaba zaharrenak urteak behar izan dituelako bere abilezia intelektualak abantaila gisa hartzeko. Hezkuntza sistemak halakoak antzemateko protokolorik ez duenez, beste arrazoi batzuengatik ohartzea da normalena. Mirenen kasuan, alaba txikia depresioak jo zuen 5 urterekin, psikologora eraman eta honek esan zien fisikoki 5 urte izan arren, mentalki 9 zituela eta horregatik lagunekin aspertu egiten zela, ez zuen inguruan interesik topatzen eta horrek guztiak tentsioa eta antsietatea sortzen zion. Gurasoak gaiaren inguruan irakurtzen hasi ziren eta hiru urte helduagoa den alaba ere ezaugarri askorekin bat zetorrela ikusi zuten. Hala, gaitasun berezien detekziorako Euskal Herritik gertuen dagoen zentro entzutetsura eraman zituzten biak, Valladolideko Huerto del Rey zentrora, eta han berri kezkagarria jaso zuten: Ane, alaba zaharrena, superdotatua zen, bai, baina depresio oso sakon batean sartzen ari zen, suizidiorako joerekin, bere buruaz oso irudi txarra zuelako. Halaber, ikastolan nota txarrak nahita ateratzen zituela jakin zuten, ez nabarmentzeko, batez ere nesken artean ohikoa den jarrera. «Gauzak ulertu, garatu eta sortzeko besteek baino gaitasun handiagoa dutela badakite -dio Juan Mari Aizpurua psikologo eta Orereta Ikastolako orientatzaileak-, baina gaztetan norberak nahi duena taldean integratua egotea da eta kanpoan ez geratzeko, berezitzat har ez dezaten, dituen gaitasunak ezkuta ditzake». Ane pianoa jotzen hasi zen, baina lehiaketa bat irabazi eta zaletasun hura ere utzi zuen, oharkabe pasatzeko; bere lagun minenek ere ez dakite superdotatua denik. Gainera, txikitan berak 10 minututan ulertzen zuena egunero errepikatzen entzun beharrak tentsio handia sortzen zion eta ez zuen horri aurre egiteko baliabiderik. «Batzuetan munstro sentitzera iristen dira», dio amak. Lau urte eman ditu psikologotan eta Aneren hitzetan, igerileku hondoan bueltak ematen egon ostean, bertatik atera duen eskua izan da psikologoa, bere burua ezagutu eta onartzen lagundu diolako. Egun, 17 urterekin, nota onak ateratzen ditu eta ez du arazo emozionalik, ez nabarmentzeko nahiak badirau ere.


Amaia eta Oihane, errebelde

Dena den, nortasunak zeresan handia du horrelako gaitasunarekin bizitzeko orduan. Mirenen alaba txikia, adibidez, oso irekia da eta ikastolan asko aspertu arren eta bere lagunen interes berak ez izan arren -tontakeriak esaten dituztela dio-, nota onak ateratzen ditu, gelako delegatua da eta nahi duen guztia lortzen du, egoera edo jendea manipulatzeko duen trebeziari esker. Gainontzeko ikasleekin «esperimentatzen» duela ere onartu du eta hainbat irakaslek ez du ondo ikusten bikain osatutako arrazonamenduen bidez beraien teoriei kontra egitea. Ez dio inori esan adimen-koziente altua duenik, baina inguruko jendeak susmatzen duela uste du amak. «Hau, alaba heldua ez bezala, frenatu egin behar dugu». Are errebeldeagoa da Oihana bizkaitarra -berak ere ez du benetako izena eman nahi-: denaz paso egiten du, baita bere Psikologia ikasketez ere. Gainera, psikologoak baino gehiago zekiela-eta, kontsultara joateari utzi zion eta psikologoak berak onartu zuen Oihana benetako erronka zuela. Gorputza tatuajez eta piercingez betea duen 20 urteko neska honen historia bitxia da. Urtetan zerbait berezia zuela susmatu ostean, duela hilabete pare bat egindako proban ziurtatu du superdotatua dela: 134ko kozientea du eta horrek gauza asko ulertarazi dizkio. Ez zekien zergatik zen hain zakarra eta desatsegina, zergatik aspertzen zen hainbeste elkarrizketetan eta hain azkar galtzen zuen arreta, zergatik iruditzen zitzaion besteek hain geldi hitz egiten zutela eta bere adinekoek ekarpenik egiten ez ziotelako nagusiagoekin hitz egitea zergatik gustatzen zitzaion. Orain, konturatu da horrek bere talentu bereziarekin zerikusia duela eta besteekin harreman hobea izaten lagunduko diola uste du, horrelakoa izatearen zergatia badakielako eta gertuen dituenek ere jakin dezaketelako.


Aitor, ezaugarria baino ez

Beste batzuek, ordea, ez dute uste gaitasun honek beren izaera baldintzatu duenik. Aitor Subiza 24 urteko iruindarrak argi dauka: «Superdotatu hitza ez dut inoiz erabili eta ez zait batere gustatzen. Kozientea nire ezaugarri bat da, baina horrekin zerikusirik ez duten beste ezaugarri asko ditut. Egia da abantaila izan dela eta ez nuke aldatuko, baina test baten puntuazio bat da eta batzuetan garrantzi gehiegi ematen zaio. Jendeak nire adimen-kozientea nahiko luke gauza batzuetarako, baina nik ere, esaterako, hainbatek duen lanerako gaitasuna nahiko nuke beste gauza batzuetarako. Inoiz ez dut ikasi beharrik izan nota onegiak atera gabe gainditzeko eta ohitua ez nagoenez, orain askotan lanerako gaitasun falta nabari dut. Jendeak ez du ulertzen gauza biak maila berean jartzea, baina nik parekatu egiten ditut, ez daukazuna beti baloratzen duzu gehiago». Eskolan motibazio falta zuen arren, bere ikaskideak ere ez zituela oso motibatuta ikusten dio eta harremanetarako ez duela arazorik izan. «Haurra nintzelarik agian eragin zidan eta interesak ez ziren berak, baina neurri txiki batean. Denek ez ditugu interes berak, baina neurtu dezakezu zeinekin hitz egin gauza batzuez eta zeinekin besteez». Bere ustez, harremanetan garrantzitsuagoa da besteek zutaz pentsatzen dutena, zu zarena baino: «Badaude ezaugarri batzuk ozen esan daitezkeenak, baina koziente intelektual altua baduzu ezin duzu esan, etiketatu zaitzaketelako; harroa zarela pentsa dezakete eta gaizki ikusia dago». Horregatik, konfiantzako jendeak baino ez daki 154ko adimen-kozientea duela.

Ziurrenik, bere gaitasunak txikitatik ezagutzeak asko lagundu dio Subizari horiek ulertu eta ondo bideratzeko. Sei urte zituela, diabetikoa zela konturatu ziren, baina diabeteak eskola garaian okerrera egiten zuela-eta, psikologora eraman zuten. Kasu honetan ere, psikologoak proposatu zuen inteligentzi testa egitea. Ordutik, adimen-koziente altua ezaugarri bat gehiago bezala onartu du eta abantaila eta arma izan da bere bizitzan. «Gaizki ere erabil dezakezu: fisikoki oso indartsua ez banaiz ere, nahi izanez gero badakit pertsona bati psikologikoki min handia nola egin eta hainbat egoeratatik ateratzeko edo gezurrak asmatzeko ere trebezia handia dut».


Sentikor, sortzaile, perfekzionista, kurioso...

Ezaugarri bat gehiago baino ez dela dioen arren, superdotatuekin lotu ohi den profilarekin hein handi batean bat egiten duela aitortu digu iruindarrak; esaterako, denek azpimarratu dizkiguten hiru ezaugarrirekin: jakin-min izugarria dute, bereziki sentikorrak dira eta bidegabekerien aurrean asaldatzen dira. Jakin-mina asetzeko, eskolatik kanpoko ekintza askotan parte hartu nahi izaten dute. Subizak musika, dantza, ingelesa, antzerkia... egin ditu. Orain, Biologia ikasi ostean, Eszena Zuzendaritzako azken urtea egiten ari da Madrilen eta ondoren, Iruñera itzuli eta antzezlanen bat egiten hasteko gogoa du. Amaiak 14 urterekin ingelesa eta frantsesa primeran dakizki eta txinoa ikasi nahi duela errepikatzen dio amari. Halaber, jakin-nahi horren ondorioz oso irakur zaleak izan ohi dira -biografiak gustuko dituzte- eta txikitan, gurasoak mila galderekin erotzen dituzte. Denaren zergatia bilatu nahi horretan, astronomia, unibertsoa eta dinosauroak gustuko gaiak omen dituzte. Heriotzaz ere urte gutxirekin hasten dira galdezka eta kontzeptua ulertu egiten badute ere, emozionalki onartzeko gai ez direnez, gaizki senti daitezke. Halaber, oso sentikorrak dira eta hala aitortu digute beraiek, bereziki bidegabekerien aurrean; enpatia oso garatua dute eta gaizki pasatzen duenaren alde jartzen dira. Aitor Subiza boluntarioa da adimen urritasuna duen jendearekin jarduteko eta oraindik zapalduta daudenekin lan egiteak sentikor eta errebelde izatearekin zerikusia izan dezakeela dio. Mirenek berriz, gogoan du bere alaba etxera negar batean iritsi zen eguna, nota onak ateratzen zituen ikasle batek txarrak ateratzen zituen beste bati emaitza galdetu ziolako, umiliatzeko asmoz. Eta Oihanek ezin ditu animaliak sufritzen ikusi; gizon bat bere bizilagunaren zakurra makilaz jotzen erakusten zuten telebistako irudiekin histeriko jarri zen. Hainbat adituren ustez, barneko sufrimendu hori osagarri garrantzitsua da gaitasun kognitiboak garatzeko, barrutik motibatuta daudelako galdetzeko eta inplikatzeko.

Horiez gain, neurri handiagoan edo txikiagoan, beste hainbat ezaugarri lotu ohi zaizkie: hala nola, perfekzionistak eta zorrotzak izatea; hitz eginez eta idatziz espresatzeko gaitasun handia; modu independentean lan egitea; memoria ona; lo hartzeko arazoak -baina behin lo hartuta, REM fase oso sakona-; sormen izugarria; motrizitatean motelagoak eta baldarrak izatea; keinu, elkarrizketa eta xehetasunetan arreta berezia; dena arrazoitzeko kapazitate itzela; edota ironia handia.


Hezkuntza eta Administrazioa itsu

Beste ezaugarri bat ere askotan errepikatzen da superdotatuetan: %60k porrot egiten du eskolan. Kontraesana badirudi ere, arrazoia garbi dute aditu, guraso eta superdotatuek beraiek: hezkuntza sistema ez dago prestatuta normaltasunetik edo batez bestekotik aldentzen den inorentzat, «izan etorkin, adimen urriko nahiz talentu bereziko», gehitu du Subizak. Eskolan inork ez duela inoiz motibatu dio: «Ez da hezkuntza sistema bat, irakaskuntza sistema bat baizik, emaitzari eta gehiengoari begiratzen diote, bestelako zalantzak baztertuz». Legearen arabera, heziketa bereziko ikasleak dira -adimen urritasuna dutenen antzera- eta beraz, laguntza berezia jasotzeko beharra izanez gero, jaso beharko lukete -beraientzako irakasle edo hezitzaile propioa, esaterako-. Halaber, haurrak ikasturte bat edo bi aurreratzeko aukera aurreikusten da. Aurkitu dugun errealitatea, ordea, oso bestelakoa da: ez dago talentu intelektual bereziko jendea antzemateko protokolorik ez eta horiek hezteko metodologia bateraturik; ez dago apenas gaia lantzeko materialik -are gutxiago euskaraz- ezta baliabiderik ere; plangintza berezirik egitekotan, ikastetxeak bere kabuz egin behar du; eta ikasturtea aurreratzea ia pentsaezina da, adituek kasuen %75ekin egin daitekeela dioten arren. Hala, bere adin kronologikoari dagokion ikasgelan gainontzeko haurren erritmoa jarraitzea beste aukerarik ez du izaten superdotatuak. Dena den, psikologoak gomendatuta, Subizak 7 urte zituenean ikasturte bat aurreratzea erabaki zuten Iruñeko udal ikastolan -egokitzapen plan baten bitartez pixkanaka gela batetik bestera pasaz-, baina ez zuten Administrazioaren laguntzarik jaso: «Alderantziz, institutura joatekoa nintzenean, gurasoek liskarrak izan zituzten Administrazioarekin, urtebeteko hutsunea zegoela eta titulurik ez zidatela emango esaten baitzuten». Bere esanetan, Administrazioaren filosofia iristen ez direnei laguntzea da eta gaitasun altuagoa izatea ez dute arazo ikusten, «baina Hezkuntza Departamentuaren egitekoa nire beharrak asetzeko baliabideak jartzea izan beharko litzateke».

Miren ere oso haserre dago Administraziotik jaso duen erantzunagatik eta oso bakarrik sentitu direla adierazi digu. Berritzeguneak (hezkuntzaren hobekuntzarako zerbitzu publikoak) alaba helduena superdotatua dela Valladolideko frogengatik onartu du, baina lau urte pasa arren oraindik ez dira bere alaba txikiarekin bildu eta Berritzeguneak ez badu talentu berezia diagnostikatzen, ez du laguntza jasotzeko aukerarik. Dena den, alaba helduenari izendapen horrek ezertarako ez diola balio kontatu digu amak: «Hasieratik oso bortitz tratatu gintuzten, ea zer espero genuen galdetuz eta alaba gehiegi motibatzen genuela esanez. Diagnostikorako adin onena 16 urte zela ere esan ziguten eta psikologoak aholkatu bazigun ere, ikasturterik ez aurreratzeko agindu zigun Berritzaguneak, estresa sortuko ziolako. Ikasturtea errepikatzen dutenek ez al dute estres hori sufritzen? Beraien azken erantzuna gogorra izan zen: ‘Oso ondo egiten duzue, jarraitu haurra motibatzen, irakasleak inplikatzen eta psikologora eramaten’». Baina horrek guztiak gastu handia dakarrela eta ez dutela inongo bekarik jaso kexatu da Miren. Argi du Administrazioa gai honetan ez dagoela prestatuta eta horregatik aurkezten zaizkion kasu guztiak ahal badu atzera botatzen dituela.

Hala, gehienetan ikastetxearen eskuetan geratzen da gaiari aurre egitea. Batzuek, Errenteriako (Gipuzkoa) Orereta Ikastolak kasu, oso plangintza garatua daukate, emandako kasu batzuengatik horri heldu diotelako. Detektatzeko programak dituzte eta 5 eta 8 urterekin adimen-kozientea neurtzeko testak egiten dizkiete. Koziente altuko haurrei beren burua ulertzen laguntzen diete eta dituzten galderak eta beharrak erantzuten saiatzen dira, liburu eta material gehigarria eskainiz. Ikastolako orientatzaile den Aizpuruaren hitzetan, «garrantzitsuena haurrak irakaslearen laguntza izango duela jakitea da: badaki egiten eta sortzen duena entzuteko eta jasotzeko prest egongo dela irakaslea eta horrela ez du bere burua arrarotzat hartuko». Ikasturte bat aurreratzea planteatu dutela dio eta ikasleari emozionalki eragiten ez badio egokitzapen programa batekin egin daitekeela, baina horretarako Administrazioak baimena eman behar du eta oraingoz ez da halakorik gertatu. Bestalde, gainontzeko ikasleei ez zaie esaten haurra superdotatua denik, baina berezitzat jotzen dutela ikusiz gero, dituen gaitasunak azaltzen zaizkie eta pertsona normala dela adierazten zaie. Superdotatuen gurasoekin ere biltzen dira, iritziak, aholkuak eta materiala emateko, eta beste gurasoekin elkartzen dituzte, informazioa elkartrukatzeko oso baliagarria izaten baita.


Gurasoen izua

Hain zuzen, gurasoen papera funtsezkoa da haurraren heziketan. Mirenek kontatu digu senarra eta bera ezin sinetsita bueltatu zirela psikologoak berria eman zienean eta hasieran izututa zeudela. Ordutik, ahal duten neurrian alaben zalantzak erantzun dituzte, «eta ez dakigunean liburutan edo interneten bilatzen dugu erantzuna». Dokumentalak ikusiz, gizakiaren jatorriari buruzko galderak badituzte autoa hartu eta Atapuercara eramanez edota eskatzen dituzten eskolaz kanpoko ikastaroak eskainiz hezi dituzte, «denetik probatu nahi dutelako eta hala ikastetxean ez dituzten esperientziak kanpoan jasotzen dituztelako». Gakoa motibazioa eta gurasoen pazientzia dela azaldu digu. Zailena? Umeak sufritzen ikustea, eta onena, alabekin duten harremana: «Guraso eta seme-alaben arteko beste harreman mota bat da: polita da liburutegira elkarrekin joatea gauzak ezagutzera, beti dago zer edo zer galdetzeko eta askotan, 14 urteko nire alabak gomendatutako liburuak irakurtzen ditut. Horrelako harremana izatea zortea da». Zorte hori Administrazioak ulertzea gustatuko litzaioke, kontuan hartu ez den talentu intelektual bereziko haur bakoitzagatik, agian gizarteak aukera garrantzitsua galdu duelako.

Herentzia genetikoa
Gaitasun intelektualen %70 genetikoki jasotzen dela diote teoria batzuek eta herentzia %50ekoa dela beste batzuek, baina gaitasun horiek lantzea inguruko faktoreen mende egongo da. Aditu batzuen arabera, 11 urte izan arte ezin da talentu apartekotasuna diagnostikatu, intelektualki funtzionatzeko era orduan egonkortzen delako, baina lehenengo 3 urteetan dagoeneko haurra superdotatua den antzemateko aztarna garbiak ikus daitezkeela dio Aizpuruak. Adin horretan ez da jenioa izango, baina neurri batean ondorio genetikoa denez, dohainak hor egongo dira.

Aparteko talentudun famatuak
- Muhammed Ali, boxeolari ohia (120-130)
- Arnold Schwarzenegger, politikaria (132-135)
- Sharon Stone, aktorea (136)
- Geena Davis, aktorea (140)
- Hillary Clinton, politikaria (140)
- Adolf Hitler, diktadorea (141)
- Liam Gallagher, musikaria (143)
- Jim Morrison, musikaria (148-149)
- Albert Einstein, zientzialaria (160)
- Isaac Asimov, biokimikari eta idazlea (160)
- Bill Gates, informatikoa (160-170)
- Stephen William Hawking, zientzialaria (160-180)
- Robert James Fisher, xake jokalaria (187)
- John Forbes Nash, zientzialaria (160-190)
- Gary Kasparov, xake jokalaria (190)
- Truman Capote, idazlea (215)
- Leonardo da Vinci, artista (220)
- Marilyn Mach vos Savant, idazlea (228, munduko altuena)

Pertsona egiten gaituena
Eneko Subiza adimen urriko jendearekin lanean boluntario hasi zen Iruñean eta Madrilen autismoari buruzko ikastaroak egin ditu. «Mundu gogorra da, baina hor ikasi dut inteligentzia erlatibizatzen eta benetan duen balioa ematen: adimenak ez gaitu pertsona egiten; ez gehiago, ez gutxiago».

Nola jakin?
Adimen-kozientea = adin mentala X 100 / adin kronologikoa. Wechsler eskalak adierazten du gizartean nola banatzen den adimen-kozientea: gehiengoak 100ekoa du eta %2,2 superdotatua izango litzateke. Ikerketen arabera, 170.000 haurretik batek 170etik gorako kozientea du. Baina nola antzeman haur batek intelektualki gaitasun bereziak dituen? Kanpoko erreferentziekin edo adin horretan normala denarekin alderatzea da onena, baina beti ez da erraza izaten. Normalean azkar hasten dira hitz egiten eta oinez, dagokiena baino lehenago, bizpahiru urterekin irakurtzen eta idazten hasi daitezke eta autonomia maila handia erakutsi ohi dute. Baina agian duten jakin-nahi ezohikoa eta beren adinerako egiten dituzten galderen sakontasuna -edo bitxitasuna behinik behin- dira arrasto nabarmenenak. Seme-alabak behartsuei eta telebistan ikusten dituen bidegabekeriei buruz itauntzen al zaitu? 3 urterekin odola oso azkar doan galdetu dizu edo 2 urterekin ondorengoa bota?: "Aita, ama, nola daki jendeak hiltzen denean Zerura joateko bidea, bizirik dagoenean ez badaki?". Orduan, susmatzen hasi.

Elkarte eta eskola bereziak
Euskal Herrian, Garatu (EAEn) eta Anast (Nafarroan) dira gaiari buruz informatzeko eta orientatzeko dauden elkarteak. Adituen arabera, superdotatuentzat ona da noizbehinka maila intelektual bereko jendearekin biltzea. Subizari bere gurasoek eskola berezi batera joatea proposatu ziotenean, ordea, ezezkoa segituan eman zuen, segregazio zentroak iruditzen zaizkiolako. «Agian akademikoki gehiago aurreratuko nukeen, baina horri ez diot inoiz garrantzi handiegirik eman», gehitu du. Iruñean bertan, CTY (Talentudun Gazteentzako Zentroa) nazioarteko erakundeak egoitza bat dauka eta haurrentzat astean bi ordu inguruko ikastaroak eskaintzeaz gain, ikerketa eta irakasleen prestakuntza sustatzen ditu. Urrutiko hezkuntza ere badute, eta udako campusean, hiru astez superdotatuak atsegin duten arloa baliabide egokiekin jorratzeko aukera dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Maddi Agirre Epelde. Bertsolari matematikari kantari
“Nire ametsa izango litzateke Xenpelarrekin kantatzea”

19 urte ditu Maddik, Matematika Gradua ikasten ari da Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, musika ikasketak eginak ditu, eta gazteagatik ere, bertsolari iaioa da. Eta bertsolari ona baino hobea izateko zumitzak ditu, bateko eta besteko plazetan ikusi dugunez... [+]


Koldo Rabadan Izagirre. 'Superbotereak' liburuaren egilea
“Zorionez haurrek ez dute heldurik euren barnean, errealitatera jaitsita leudeke bestela”

Egunik goibelenetan ere, Larraulgo (Gipuzkoa) eskolako ateak ireki orduko irauli egiten da aldartea. Haurreskolako haurrengandik gertu, metro eskasera dago liburutegi-txokoa. Ordenagailuaren parean topatu dugu neskato bat, entzungailuak jantzita, arkatzez idazten eta koadernoari... [+]


Injustizia epistemikoa eskoletan?

Hezkuntzaren Soziologian bada galdera klasiko bat: zertarako existitzen da hezkuntza sistema gizarte batean? Galderari emandako erantzunak ugariak dira, eta aldatuz doaz garaiaren arabera. Baina horien artean nabarmentzekoak ondoko hauek izan ohi dira: eskolak nagusiki... [+]


“Eskolako jangela orduetan gauza asko gertatzen da, ez da bakarrik jateko leku bat”

Bi ordu edo bi ordu eta erdiz haur eta gazte andana hartzen ditu jantokiaren tarteak eskoletan. Jateko, jolasteko eta elkarbizitzeko espazio horretan jantokiko arduradunak esku hartzeko dituen mugez, jarraitzen diren irizpideez, begiraleen rolaz eta duten formazioaz arituko... [+]


2024-11-19 | Leire Ibar
Palestinako genozidioa salatuko du ikasturte honetan ere Gure Haurrak Ere Badira mugimenduak

Azaroak 20an, Haurren Nazioarteko Eguna, ikastetxe sarreretan krespoi belzdun bandera palestinarra eta bi zapata pare jartzea proposatu du hezkuntza arloko ekimen herritarrak. Azaroaren 30etik urtarrilaren 31ra bitartean haur palestinarrentzako elkartasun mezuak jaso eta ondoren... [+]


2024-11-19 | Leire Ibar
Ijito herria ikusarazteko programazio didaktiko bat prestatu du Hezkuntza Sailak

“Te Siklârel Romanipen” ikasketa plana prestatu dute Ijito Herriaren historia eta kultura Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan txertatzeko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sortu du proiektua, EHUrekin eta Amuge Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartearekin... [+]


2024-11-19 | Leire Ibar
Nafarroako Unibertsitate Publikoak Justizia Errestauratiboko Titulua eskainiko du 2025ean

Bitartekaritzaren eta pertsonen arteko komunikazio zuzenaren bidez, izaera penaleko gatazka bati konponbidea aurkitzea da Justizia Errestauratiboaren helburua. NUPek eskainiko duen prestakuntza 100 ordukoa izango da eta ikasleei titulazioaren gastuen %90 ordainduko zaie. 


Doakotasuna itunpeko ikastetxeetan: zer dela eta?
Zertarako irakaskuntza kontzertatua?

Eskola publikoko eragile gehienen kontra EAEn onartu den Hezkuntza Lege berriak irakaskuntza kontzertatuaren doakotasuna bermatzea du helburu, beti ere botere publikoen finantzaketaren bidez, jakina. Espainiako Estatuan ere gobernukideek... [+]


Nafarroako Parlamentuak Lantxotegi elkarteari konfiantza berretsi dio etorkinak gizarteratzeko prozesuan

Entitate sozial honen langileek Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken batzordean agerraldia egin dute haien lana azaltzeko. Hizlariek etxebizitza duinak, bizileku zein lan baimena erraztea eta osasun mentaleko baliabide publiko gehiago eskatu dizkiote Foru Gobernuari... [+]


2024-11-14 | Leire Ibar
10.000 bat ikaslek eskatu dute unibertsitateko matrikulak merkatzea eta bekak hobetzea

Doako unibertsitatea aldarrikatu eta EHUren erantzukizuna seinalatu dute 10.549 ikaslek, Unibertsitateko Indar Batasunak abiatutako sinadura bilketaren bidez.


Gorputz hotsak
“Bidea moztu da eta hutsune batean gaude”

Igeriketa, patinetean ibiltzea eta irakurtzea gustuko ditu Leire Manzanares Etxeberriak (Donostia, 2005). Garapenaren nahasmendua dauka eta Zereginak Ikasteko Gelan (ZIG) dago. Gurasoekin batera informazioa bilatzen aritu da ikasten jarraitzeko aukerak aztertzeko, baina oztopoz... [+]


Teknologia
Mugikorrak hezkuntzan

Guraso elkartean mugikorren inguruan bigarren hezkuntzarako protokoloa lantzen dabiltzala eta, protokoloaz galdetu dit Bilboko guraso batek.

Jaurlaritzaren webgunean irakurri dudanez, EAEn, 2024ko urtarrilean ikastetxeetan mugikorren erregulazioaren inguruan adierazi zena... [+]


Betharramen jasandako indarkeria fisiko-sexualaren biktimak eta ikastetxeko ordezkariak, aurrez aurre

Biarnoko Lestelle-Betharramgo ikastetxe katolikoan ikasleek urtetan sufrituriko indarkeria fisikoa eta sexu-abusuak argitara eman ostean, biktimen eta Betharramgo kongregazioko ordezkarien lehen topaketa lotu dute, biktimei entzutea helburu. "Betharram ez da libratuko... [+]


Eguneraketa berriak daude