argia.eus
INPRIMATU
«Noiz» ote gauden...»
Luis Alberto, 'Amatiño' Aranberri 2021eko uztailaren 12a
Eta orain zer? Galdetzen du orok. Baina, erantzuteko, aurrenik jakin behar da non gauden. Nekez asmatuko dugu aurrerantzean zer egin ez badakigu orain non gauden edota «noiz» ote gauden. Batasunak hitz egiten du abenduaren 29an balego bezala, 30ean ezer gertatu izan ez bailitzan. Barajasko «istripua» ahaztu, ez ikusi egin, eta jarrai dezagun aurrera, bake-prozesuak eta konponbideak merezi dutelakoan. PPk uste du, ordea, abenduaren 30eko erasoak arrazoia eman diola eta, funtsean, ezer ez dela zazpi urteotan aldatu, Itun Antiterrorista eta Alderdien Legea indarrean jarri zirenetik alegia. Gainerako alderdi guztiak, berriz, Anoetako agirira itzuli dira, 2004ko azarora arte. Bakegintza eta normalizazio politikoa bai, baina, Kongresuaren ebazpenaren ildotik, gatazka kaleetatik atera, indarkeriarik ez eta eztabaida politikoa alderdien eskuetan baino ez bada uzten.

Nork ote arrazoia? Batasunak izan dezake, ETAk behingoz armak utzi eta burujabetza politikoa ematen badio. PPk, berriz, ETAk 2000.ko sarraskiari ekiten badio. Eta gainerako alderdiek, ondoko sei-zazpi hilabeteetan Barajasen zapuztutako aukerari berriro heltzen baldin bazaio.