argia.eus
INPRIMATU
Manhattan merke saldu zuten
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko uztailaren 19a
Manhattan, 1626ko maiatzak 24. Peter Minuit Ekialdeko Indietako Konpainia Holandarreko Ipar Amerikako koloniako zuzendariak historiako erosketarik onenetarikoa egin zuen: inguru horietako indiar tribu bati Hudson ibaiaren ahoko irla bat erosi zion eltze, amu eta arropa gutxi batzuen truke. Indiarrek, algonkin hizkuntzan manhattan esaten zioten irlari, hau da, «muinoen uhartea». Mende batzuk geroago lur zati hura munduko ekonomia gune garrantzitsuena izango zen.

Minuit zuzendari izendatu baino bi urte lehenago, Ekialdeko Indietako Konpainia Holandarrak Nieuw Nederland kolonia sortu zuen Hudson bailararen amaieran. Holanda Berri hau badia handiaren ertzean ezarritako komunitate txikiek osatzen zuten. Baina berehala bertako indiar tribuen arteko gatazkak eztanda egin zuen hauek kolonoekin zuten larru salerosketaren inguruko gorabeherak zirela medio. Herrixka berrietako biztanleak babestu asmoz, Minuit zuzendariak Manhattan uhartea erosi zuen, irlaren hegoaldeko muturrean egurrezko gotorlekua eraiki eta kolonoak haren inguruan bildu zituen. Nieuw Amsterdam izena ipini zion hiribilduari.

1631n Konpainiak Holandara itzularazi zuen Minuit. Baina zuzendari ohia ez zen luzaroan lehorrean geratu eta abentura bila ibili zen geroago ere Mundu Berrian, besteak beste, suediarren aginduetara. Hurakan batek bere ontzia hondoratu zuenean hil zen, 1638an.

Minuit gabe ere, Amsterdam Berriak hazten jarraitu zuen. Dena den, 1664an Peter Stuyvesant hiriko gobernadore despotiko eta eztabaidatuak -egun tabako marka batek bere izena darama- uhartea britainiarren eskuetan utzi behar izan zuen. Bigarren Gerra Anglo-Holandarraren urteak ziren eta britainiarren itsas armada indartsua hiriko portura iritsi zenean holandarrek amore eman behar izan zuten. Britainiarrek berriro bataiatu zuten hiria; New York ipini zioten, erregearen anai Yorkeko dukearen omenez (gerora James II.a izango zena).

Kondairak dio Manhattan 24 dolarrengatik erosi zutela, hots, indiarrek trukean jasotako gauzek horixe balio zutela. Baina anakronismo hutsa da hori -XIX. mendean Edward O’Callaghan historialariak egindako kalkuluetan oinarritua-, dolarra orduan ez baitzen existitzen. Egiaz, 60 florinen truke erosi zuten irla, hau da, gaur egungo 100 euroren truke, gutxi gorabehera.


Arrastoak

stonehenge gaixoak sendatzeko gunea zela dio azterketa berri batek. Azken 100 urtetan hainbat interpretazio eman zaio Brontze Aroko megalito multzo ezagunari, baina gaixoak bertara jainkoen laguntzarekin euren osasuna hobetzera hurbiltzen zirela dio orain Timothy Darvill Bournwmouth-eko Unibertsitateko Arkeoloia Unitateko arduradunak.

Berriki argitaratutako liburuan (Stonehenge: The biography of a landscape, Tempus Publishing) megalitoak Preseli mendikateko harriz eginak direla dio Darvillek. Preseli Gales mendebaldean dago eta, beraz, harritzarrek 250 kilometroko bidea egin zuten, beti ere Darvillen hipotesiaren arabera. «Preselin iturri sakratu ugari dago eta horregatik harri hauek sendatzeko gaitasuna zutela uste zuten» dio arkeologo ingelesak. «Jakina da XVIII. mendea arte, jendea Stonehengera etortzen zela harri zatiak moztera eta talisman moduan erabiltzen zituztela. Gainera, megalitoen inguruan ehorzketa ugari aurkitu da eta horietako batzuk arazo fisikoak zituzten pertsonei dagozkie».