Auzitegien erabakien menpe jarraitzen du euskal politikak eta, seguruenik, ez kasualitatez. Barajaseko atentatuaren ondorengo egunetan, PPk PSOEren Gobernuaren aurkako bere erasoaldi politiko gogorrenari ekin zion eta orain bere frente judiziala da mugitzen ari dena; Iñaki de Juanari buruz Auzitegi Nazionalak emandako ebazpena edo Ibarretxe lehendakaria auziperatzeko EAEko Auzitegi Gorenak emandako urratsa horren lekuko. Haika-Segi epaian Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakia ere, bestalde, norabide berean dago.
De Juanaren kasua, beretzat propio -ad oc zigor zuzenbidea- eraikitako auziaren ondorio logikoa da. Logikoa, mendekuaren eta zigorraren ikuspegitik aztertua, jakina. Alvaro Reizabal abokatuak hori bera salatu zuen bere defendatuari 12 urteko espetxe zigorra ekarri zion epaiketan. Ez da bakarra, Euskal Herrian oso hedatua dagoen ikuspegia dela badakigu, baina Espainian ere hedatzen ari dela adierazten digu Javier Praderak El Pais-en idatzitako artikuluak. Egunkari honen lerro editorialean eragina duen horietakoa ei da Pradera eta, besteak beste, «La ley del talión» izenburuko artikuluan halakoa zioen Auzitegi Nazionaleko osoko bilkurak De Juanaren auzian hartutako azken ebazpenaz: «ETAko buruzagiaren exekutoriak eta bere krimenak kartzela zigor gutxiegirekin ordaindu izanak ez luke mendeku gosea askatu behar, eta ez luke ezta ere pertsonari lotutako zuzenbidera itzultzeko bidea agindu behar».
Otsailaren 12an aztertuko du Espainiako Auzitegi Gorenak De Juanaren 12 urteko zigorra ekarri dion epaia eta berau izan liteke euskal presoaren bizirik ateratzeko azken aukeretakoa. Orain artekoa ikusita, dena den, ezkortasuna da nagusi. Gorrotoa eta mendekuaren justiziaz gain, Espainiako eskuina kemenez ari da erabiltzen botere judizialean mugi ditzakeen hariak, «gogorra, luzea eta zaila» «gogorra, luzea eta ezinezko» bihurtzeko.
Ibarretxe eta Batasuna auzian ere berdintsu gertatzen da. Batasunarekiko elkarrizketa saioak kriminalizatzean, elkarrizketa bidezko irtenbidea oztopatu nahi da. Alderdien Legearen bidea da. Baina kasu honetan, gainera, Eusko Jaurlaritzaren -eta Atutxa auziarekin Eusko Legebiltzarraren- menpekotasuna islatu gura da; EAEko burujabetzaren isla diren aginte organu gorenen menpekotasuna hain zuzen.
Espainiako Auzitegi Gorena argi mintzatu zen PSE-EE eta Batasunakoen arteko bileraz, eta delitu zantzurik ez zegoela ebatzi ere bai. Hori jakinik, EAEko Auzitegi Gorenak badaki bere akusazioek ez dutela bide juridikorik, eta hala ere berearekin jarraitzen dute. Ibarretxe lehendakaria epaitegietan izan ondoren, hurrengo prozedura judizialak ez du biderik eta auzia bertan behera geratuko da, hori bai, Espainiako eskuinaren helburu politikoak lortuta.
Baina ezin da erru eta inpultso politiko osoa PPren esku utzi, PSOEk ere badu bere erantzukizuna eta: lehena, Alderdien Legea bultzatu eta onartu izana; bigarrena, Gobernura iritsi zenetik berau ezabatu edo arintzeko inongo lege keinurik egin ez izana. Eta, jakina, T-4koaren ondoren, ez da halakoetarako sasoirik. Azenarioarena baino, makilaren garaia da, baina Garzonek ezker abertzalearen jarduerari buruz ekarritako azken autoak badu azenario itxurarik.
Irlandako ispiluan begiratu behar ei da noizean behin eta hango gertakariek ematen dute horretarako aukerarik. Sinn Feinek Ipar Irlandako polizi eta judizial egiturak onartzea erabaki berri du, bere enegarren pausoan. Eskatzen zaizkion guztiak onartzen ari da aspalditik bata bestearen atzean, baina bere izaera makurtu barik.
Azken finean, arrakastaz egindako bake prozesu baten ondorioak dira, eta horietako bat da bertako egitura autonomikoan gaur egun Irlandako iparraldean dituzten baldintza politikoekin parte hartzea onartzea. Bake prozesuan adostutakoaren arabera, egun britainiar soberaniapean diren lau konterri irlandarrek beren estatus juridiko-politikoa aldatu ahal izango dute, herritarren gehiengoak hala erabakitzen badu.
Une honetan boluntarismoa izan liteke Euskal Herriko bake prozesua bizirik dagoela pentsatu nahi izatea, baina aurrera begira Irlandako ispiluak argi dio non den gako nagusia.