argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2021eko uztailaren 19a

Korrika Kulturala abian

Ohiko Kultur Ekitaldiez gain berrikuntza garrantzitsua dakar aurten Korrika Kulturalak: Kulturbira, herri eta auzoetan izango diren hainbat kultur ekitaldiri lagunduko dien egitasmoa. Euskal Herriko edozein txokotan dauden, baina plazaratzeko aukerarik ez duten emanaldi kulturalak burutzea izango da Kulturbiraren helburua. Otsailaren 10ean Karrantzan abiatuko da Kulturbiraren ibilbidea. Korrika Kulturalaren egitaraua berriz, otsailaren 1ean hasia da Bilbon Gu ta Gutarrak proiektuarekin. Aurten zortzi obra estreinatuko dituzte Korrika Kulturalaren barruan.


Hizkuntz eredu bakarra eta malgua

Horixe proposatu du Euskadiko Eskola Kontseiluak EAEko hezkuntza sistemak gizarte elebiduna lortzeko helburua bete dezan. Ikastetxe bakoitzak eredu bakarra eskainiko luke, eta era berean malgua.


Ibaizabal Mendebal Elkartea eta Hamaika Telebista

Lehena bigarrenarekin elkartuko da. Bilbo aldean euskarazko telebista sortzeko ahaleginean, Hamaika Telebistak kapitalaren %80 jarriko du eta gainerakoa Ibaizabal Mendebal Elkarteak. Asmoa telebista «euskara hutsekoa, hiritarra, nazio ikuspegiduna, duina, kalitatezkoa eta kalea islatuko duena» izatea da.


Gasteizko Udalak euskaldunei gaztelania maila neurtuko die

Gasteizko Udalak lan eskaintza publikoa onartu zuen urtarrilaren 5ean. Deialdi horretan euskara eskakizuna duten lanpostuetara aurkezten direnei proba egingo die gaztelania maila neurtzeko asmoz. Gasteizko Udaleko EAJk proba hori kentzeko eta euskara eskakizuna lanpostu gehiagotan ezartzeko eskatu du.


Eguna, Ibaizabal eta Euskalzale agerkariak sarean

Euskarazko lehenengo prentsako ale horiek sarean jarri dituzte Bizkaiko Foru Aldundiak eta Susa argitaletxeak. Eguna egunkariaren eta Ibaizabal eta Euskalzale aldizkarien ale guztiak digitalizatu eta pdf formatuan jarri dituzte Interneten, Azkue proiektuaren eta Armiarma gordailuaren elkarlanari esker. Dokumentuak www.armiarma.com eta www.bizkaia.net web guneetan kontsulta daitezke.