argia.eus
INPRIMATU
Elurra
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Ari du. Soro berdeak zuri eta errepideak labain ezarri ditu. Normal. Berriz ere, kamioiak trabeska geldirik eta merkantziak geldi. Bezeroak zain. Eta elurra estalpe, elurteak agerian utzi du Espainiako Estatuko merkantzi garraiotan dagoen aspaldiko arazoa. Trenaren porrota hain zuzen, garraiatzen denaren %3a soilik baita daukan merkatua. Eta otsailaren lehenetik berrehun eta hirurogeita zortzi tren kendu behar dituzte trenbidetatik. Iaz baino %34 baino gutxiago. RENFEko buruek zerbitzu horien galera ekonomikoak argudiatu dituzte, bere eskasean joandako hogeita hamar urteetan indarrean izan duten estrategiari bukaera emateko. Holakoak publizitaterik gabeko erabakiak izaten dira, errepideak kamioiez hustu beharra delarik argitaratzen diren asmoak, gizarteak ontzat emanen dituelakoan. Esana eta izana bi. Eta errealitatea ezkutatzeaz gain, AHTaren beharra indartzeko bapo dator. Etengabeko kamioigintza haztearen estrategiari, alderantzizko propaganda dagokio, errepideak egiteari lehentasuna ematen dioten bitartean. Eta adar jotze honen gorena AHTri merkantziak garraiatzeko ardura ematea dute. Jarrai eraikitzen, bazterrak suntsitzen, egiten denak berez ematen baitigu bizia, ea egun batean futbol derbietara joateko oren erdi bat aski dugun.