argia.eus
INPRIMATU
Autokritika
2021eko uztailaren 19a

Niretzat pozgarria izan da Lehendakariak bere buruari egin dion kritika, ez baikaude ohituak autokritika politikoak entzuten. Urtarrileko gertaerek ordea, eskatzen zuten hainbestekorik, abenduaren amaieran gure Sisifo maldan behera erori zenetik.

«Bistan dago autokritikaren bat merezi duela eztabaida politikotik datorren ekarpen eskasak», esan du Lehendakariak. «Gure gizarteari zor zaio uneon ahalegin bat dituen arazo politikoak konpontzeko. Esan behar dut, apenas egiten diogula ekarpenik politikari, gauzak ez konpontzeaz eta nahasteaz aparte. Era berean, kargu hartzen diot neure buruari politikan dihardugunok egoerari erantzuten jakin ez dugulako».

Txalogarriak iruditzen zaizkit Ibarretxeren hitzak, Deustuko Unibertsitateko Merkataritza Lizentziatuen Elkartean esanak. Ez diot beste inori entzun inolako autokritikarik gizarteak hainbeste itxaro zuen bakebidea zapuztu den honetan. Badirudi denek ezin hobe egin zutela haien egitekoa. Ez diot autokritika izpirik entzun Espainiako Gobernuari, ezta PSOEri ere. Ez diet inolako autokritika zantzurik sumatu ETAri eta ezker abertzaleari, zuzenki inplikatuak aipatzearren. Guztiak hasi dira errudun bila eta norberak bere burua zuritu du guztia besteren errua balitz bezala. Beste batzuek balantzea egiteari ekin diote: «Agian, hau gertatu izan balitz edo beste hura egin izan balute, prozesuak aurrera egingo zuen». Balitz eta balego guztiak bide bazterrean geratzen dira.

Gizarteak amesten duen helburua da bakea egitea, baina, ez nolanahi, duintasunez eta askatasunez baizik, arazoak konponduz edo konponbidean jarriz. Horixe da gizarteak politikariei eskatzen diena eta hortik dator Lehendakariaren gogoeta. Gizartearen nahia da, bakean eta elkarrizketaren bidetik, indarkeria adierazpenik gabe, gure etorkizuna aukeratzea eta gauzatzea gehiengoak hala nahi badu. Baina gerta daiteke euskal gizartea, euskal herritarrak, arazo horiekin aspertzea. Hainbeste aldiz aipatzean eta izendatzean... izan ere, azkenerako aspergarri egiten zaizu, eta, gainera, gure eskuetan zuzenean ez dagoenez, besteen baitan dagoenez... Urtea joan eta urtea etorri, gauza berari bueltaka. Horrek erakusten digu jendearekin ezin dela jolas egin eta gauzak hasi eta bukatzen jakin behar dela.

Orain kolokan geratu da prozesua. Beharrezkoa izango da berriro elkarrekiko konfiantza eta sinesgarritasuna lortzea. Elkarrizketa aurrera eramateko ez da nahikoa batek bakarrik nahi izatea, bi behar dira gutxienez. Agian gehiago, eta horrek esan nahi du elkarrekiko konfiantzarik ezean ez dagoela aurrerapausorik bakegintzan eta normalizazioan. Besteak beste, horrexegatik gustatu zait Lehendakariaren autokritika. Autokritika egiteak ez du tinkotasunik edo irmotasunik kentzen. Autokritikoa denak tinkoa eta irmoa izateko gaitasun handiagoa duela iruditzen zait. Irmotasunaren itzalean hanka-sartze asko ezkutatzen da.