argia.eus
INPRIMATU
Urte berri on
Jakes Bortayrou 2021eko uztailaren 21a
Amaitu berri den urteko azken hilabeteak euskararen alorreko zenbait berri ekarri dizkigu. Izan ere, euskara aipagai izan da frantses legebiltzarrean, Iparraldeko geltoki handienean, Baionako Herriko Etxean eta bukatzeko, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) bere 2007ko aurrekontua publikoki aurkeztu du.

Azken honek erreakzio ugari piztu ditu euskaltzaleen artean. Alabaina, emendatzea %20koa izanik ere, EEPk aurkeztu berri duen hizkuntza politika egitasmoari benetan erantzunen ote dion galdegin dute elkarte frankok eta kazetari batzuek. Ikusteko da urtero 2 milioiko aurrekontuarekin EEPk zer eginen duen, zeri emanen dion lehentasuna eta banatzekoa duen dirua zein proiektutan inbertituko duen. Diru gutxi gauza askotan barreiatzeak ez baitu politika onik eraikitzen. Ikustekoa baita ere, beste hainbat instituzio, zerbitzu eta organismoren diru partidak mobilizatzeko gaitasun eta autoritatea izanen duen ala ez, toki horietan guztietan, euskararen aldeko neurriak finantza ditzaten. Benetako balorazioa nekez egin daiteke elementu horiek guztiak oraindik ezagutu gabe.

Baina baliabide ekonomikoen inguruko eztabaidak ez luke gorde behar EEPk bere politika bideratzekoan pairatuko duen beste ahultasun puntu inportantea. Izan ere, edozein politika publikoak dituen tresna eraginkorrenak legearen babesa eta indarra dira. Jakina da euskarak Iparraldean ez duela inongo lege babesik eta frantses Estatuan dauden hizkuntza legediak frantsesa babestu eta sustatzeko baizik ez direla. Erakundeak martxan emanen dituen ildoak eta proiektuak «eragileen borondate ona» izanen dute oinarri bakarra. Hots aspaldidanik euskalgintzako herri mugimenduek jorratu dutena baina askoz gehiagorik ez. Adibide konkretu bat? Garraio zerbitzu publikoko SNCF konpainiak eman digu abenduan berean. Baionako geltokia erabat berritu du eta seinaletika hiru hizkuntzatan eman. Halaber publikoarekin harremanetan diren hizkuntza horien eledunak seinalatuak dira. Erran nahi baitu, Demoak taldeak duela hiru urtez mobilizazioen eta ekintzen bitartez aldarrikatzen zuena. Salbu frantsesa, ingelesa eta espainola direla kontutan hartuak izan. Nahiz eta EEPk SNCFeko buruzagiekin harremanetan izan, euskarari tirrit! Baina ez da ezer gertatu, euskaltzaleen tripako minak aparte. Postan ere frantsesezko helbideak dituzten gutunei euskarazko helbideak dituztenei baino prezio merkeago bat aplikatzen segitzen dute, hizkuntza diskriminazio lotsagarria burutuz, inolako ondoriorik izan gabe.

Abenduan ere frantses legebiltzarrean iragan den eztabaidak baieztatu du aldi bat gehiago hizkuntza gutxituekiko Frantziak duen jokaera atzerakoia eta menperatzailea. Konstituzio aldaketa zela eta, diputatu talde batek 2. artikulu famatuari (La langue de la République est le français) erregioetako hizkuntzen aipamen bat erantsi nahi izan zion. Nahiz eta bozketan sekulan ikusi ez den alde ttipiena gertatu, eztabaidan zehar betiko trufa lotsagabeak entzun behar izan ditugu, beste batzuek komunitarismoaren mamua aipatzen edota Errepublikaren azkena iragartzen zutelarik.

Bitartean Baionako Herriko Etxeak euskara sustatzeko hitzarmen bat izenpetzen zuen EEPrekin, Iparraldeko beste 42 herrik Euskal Konfederazioarekin hartu bidea segituz. Bazen garaia baina lehen urratsa zailena dela kontuan harturik, txaloak halere! Eta horrela joan zaigu 2006a, argi ilunen artean. 2007rako euforikoa ala arrunt pesimista izateko arrazoirik ez, baldintza hobeagoak sortzeko lanean segitu beharko delako konbentzimendua baizik.